Irakasleak

Peña Albizu, Xabier

Gea, Iturriza.

Idazle eta pedagogo euskaltzalea eta Bizkaiko lehenengo ikastolaren sortzailea. Tolosan jaio zen 1914ko ekainaren 30ean eta bertan hil zen 1980ko urriaren 1ean, 66 urte zituela.

Iruñean irakasle ikasketak egin ondoren, 17 urte zituenean, urtebeterako Belgika aldera bidaiatu eta beka bati esker Lovainan soziologia ikasteko abagunea suertatu zitzaion. Jarraian, sorterrira itzuli zen irakasle lanetan buru-belarri sartuz, Tolosako Eskolapioen eskolan aurrena eta Zumaiako Maristetan ondoren.

Ihes ere egi behar izan zuen Xabierrek Joxe eta Xebe anaiekin batera, 1936an erreketeak Nafarroatik sartu zirenean; aurrena Zumaiara hilabeterako eta segidan Bilbora lekualdatu ziren izeba baten etxera. Xabier eta Xebe 1937an ailegatu ziren Sarara; hiru urte igaro zituzten bertan, lehengusina batekin. Baina 1940an Frantziako agintariek Jaurlaritzari gerrako industrian jarduteko jendea eskatu eta erbesteratutako euskaldun ugari Okzitaniako Tarbes udalerrira bidali zituzten, Peña anaiak tarteko.

Madrilerako bidea hartu zuten biek 1943an eta hiru urtez "Gerrako aseguru" lanetan aritu ziren. Handik berriz, Bizkaiko hiriburura lekualdatu eta Seguros Bilbao enpresan hasi zen zuzendariaren idazkari moduan Xabier Peña. Baina bere lanaz gainera, euskararen arlora gerturatzen joan zen, eta besteen artean, Euskal Ikasle Elkartasunako adar kulturaleko kidea izan zen.

Xabier Gereño idazleak Euskera aldizkarian argitaratu zuena jasotzen du Elixabete Garmendiak Bidegileak liburuxkan:

"Xabier Peña 1949an ezagutu nuen.

Garai hartan euskal ikasleen artean EIA izeneko elkarte klandestino bat zegoen (...) Euskal Ikasle Elkartasuna zen eta bere partaide bezala Luis Mari Retolaza, Josu Arenaza eta beste hainbat (...). EIA hark bi adar zituen, bata kulturala eta bestea politikoa. Ni eta Xabier Peña adar kulturalean geunden".

Euskara irakasteko beharra ikusi zuen Peñak eta 1949an hasi zen egiteko horretan; 1980an hil arte jarraitu zuen gainera. Denbora horretan Bilboko hainbat tokitan (Concha Jeneralaren kalea, Ibañez de Bilbao, Erribera kalea, Gran Vía, eta Elkano kalea) eduki zuen egoitza. Ikasle gutxi batzuekin hasi eta hiru hamarkadatan milaka izatera iritsi ziren.

Besteen artean, gau-eskolak antolatu eta bertan irakasle aritzen zen Peña; lana ugarituz joan zitzaion eta erronka berria finkatu zion buruari, ikasleak irakasle bilakatzea. Tartean zegoen esate baterako, Maria Angeles Garai, lurraldeko lehenengo ikastolan aurreneko andereñoa izango zena. Ikastolak 1957ko urriaren 9an ireki zituen ateak, Bilboko San Nikolas elizan eta hamahiru ikaslerekin hasi zen.

Peñak, udalekuak prestatzen zituen ikastolako haurrentzat, eta etorkizuneko andereñoak alfabetatzeko ardura hartu zuen bere gain. Gainera, bere ikasleekin urtero txango bat burutzen zuen Euskal Herria alderik alde ezagutzeko asmoz; euskara ikasgeletatik kanpo ere ikasten dela erakutsi nahi zien.

Euskara eta irakaskuntza ardatz izan zituen bizitzan zehar; Euskal-Irakasbide Laburra, euskara irakasteko liburuxka argitaratu zuen 1958an eta bere klaseetarako material gisa erabiltzen zuen. Hamahiru edizio atera zituzten 1958-1980 urteen bitartean, eta esate baterako, Japon, Venezuela, Argentina, Ipar Amerika edota Finlandia moduko herrialdeetatik eskatu zituzten liburuak. Horrez gainera, liburua Nafarroako euskarara pasatu zuen bere lagun Inozentzio Aierbek 1984an.

Idazle fazetan bi goitizen erabili zituen; Gea moduan, bi poesia lan argitaratu ziren 1952an Euzko Gogoan: Begoña'ko Ama Neskutz Bizkaitarren Zaindarijari eta Xabiertar Prantzeska Deunari. Bestalde, Iturriza moduan Ene potxolo (Bilbo 1954) musika-komedia laburraren euskarazko moldaketa burutu zuen. Xabier Peña bezala aldiz, Abere alaiak (1969) haurrentzako ipuin bilduma eta Afrika-Sorkaldean ibillaldi bat (1975). Gainera, Euzkadi, El Día, Karmel eta Izaskun agerkarietan ere publikatu zituen zenbait lan.

Irratian ere jardun zuen tolosarrak. Herri Irratian Baserri ordua deituriko saioa zeukan, non nekazaritza sektoreko gaiak lantzeaz gainera, bestelako albisteak ere kontatzen zituen eta ikastoletako neska mutilak gonbidatzen zituen parte hartzera. Bestalde, Irakasbide testuliburuan oinarrituta beste saio bat ipini zuen martxan, euskara irakasteko xedez.

Xabier Peñak bere anaia Xebek moduan, bidaiatzeko zaletasuna zeukan eta hainbat tokitan egon zen; Suitzan Mont Blanc igo zuen (1966); Finlandia (1972); Nairobin Kilimanjaroko tontorra egin zuen (1975); Belgika; Erroma; Kanariar uharteak... Bidaia horietariko batzuetara super-8 kamera eraman grabaketak egin zituen (Euskadiko Filmategian daude testigantzak); eta Euskal Abertzaletasunaren Agiritegian diapositiba, idatzi eta abarrak gordetzen dira.

Euskalkien alde agertu izan zen beti, eta Gregorio Arrienek Bizkaiko ikasktolak, 1957-1975. Beren hasiera eta antolaketa lanean honakoa jaso zuen:

"Peña Euskaltzaindiko kide laguntzailea zen; Euskerazaleak eta Euskerazaintzakoa ere bazen. Bere azken urteetan ez zegoen "euskara batua"k hartu zuen jokabideaz ados eta bere asmoari gogor eutsi zion; euskalkiak indartu behar dira batez ere."

Euskaragatik eginiko lana maiz aintzatetsi zioten; 1960ko urtarrilaren 29an euskaltzain urgazle izendatu zuten; 1977ko urtarrilaren 23an Tolosako herriak bertako kultur eragileei egin zien omenaldia, Peña tarteko. Bestalde, bere ikasleek 1974ko apirilaren 28an omenaldia egin zioten Arantzazun 400 pertsona elkartuz: 1949-1974 Euskera bidez Aberri gogoaren zabaltzalle Peña Xabier'i, Beraren ikasleak irakur zitekeen eman zioten zilarrezko plakan.

Gregorio Arrienek idatzi bezala:

"X. Peña 1980ko urriaren 1ean hil zen, hirurogeita sei urte zituela; bere bizitzako zati on bat irakasten eman zuen, itzulpenak egiten, lanak zuzentzen, antzerkiak gertatzen, dena isilean eta ordainik gabe".