Moda diseinatzaileak

Rabaneda, Frantzisko

Paco Rabanne.

Jostuna eta diseinatzailea, Donostian (Gipuzkoa) 1934an jaioa, aita andaluziarraren semea eta ama donostiarra.

Cristobal Balenciagaren oinordeko artistikoa izan zen, eta haren lekua hartu zuen Parisko modaren zuzendaritzan 70eko hamarkadan. Aita, militar errepublikanoa, fusilatu ondoren, ama Frantziara erbesteratu zen, Rabannerekin, 1937an. Arkitektura ikasketak hasi zituen Parisen, eta garai hartakoak dira ikasketak ordaintzeko egiten zituen moda-osagarrien lehen diseinuak. Horrela, goi-mailako joskintzaren munduarekin harremana izan zuen, Cristobal Balenciaga ezagutuz, bere ama jostuna izana baitzen. Laster egin zuen leku bat modaren munduan, moda ezberdin eta iraultzaile bat egin zitekeela erakutsi nahian, eta desfile berezi baterako asmatu zituen. Eredu gisa emakume beltzak, afrikarrak, amerikarrak eta frantsesak zihoazen. Zeta eta tertziopeloen ordez, metala, egurra eta papera erabili zituen. Urre- eta zilar-koloreko janzkien bilduma eskandalagarria zen. Rabannek berak aitortzen du garai hartako materia berrienak bilatu zituela, eta desfile bat egiteko ideia etorri zitzaiola: hamabi soineko esperimental, eraman ezinezkoak, pasarelan musika akonpainamenduarekin dantzan ari ziren neska koloretsuek aurkeztuta. Rabanne izan zen desfileetan musika ezartzen lehena. Eskandalua izan zen eta arrakasta handia lortu zuen, mundu osoko aldizkarien portadetan agertuz. 1964an zen; une horretatik aurrera, bere berezko estiloak goi-mailako joskintzaren aro modernoa markatu zuen, eta gaur egunera arte ibilbide gorabeheratsua egin zuen.