Historialari eta politikaria. 1874ko urtarrilaren 17an jaio zen Bilbon. 1936ko abuztuaren 31n miliziano errepublikanoek fusilatu zuten Bilbon.
Filosofia eta Letrak ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean. Karrera Madrilen amaitu zuen 1898an. La región, sus derechos y su valor dentro de los Estados nacionales modernos izeneko doktorego-tesia idatzi zuen. Bertan forma bakarraren aldeko Frantziako korronteak kutsatu gabeko pentsamendua islatzen da. Aita Ricardo Balparda zuen, 76. belaunaldiko foru-diputatua. Belaunaldi horrek talka egiten zuen 98koarekin. 76ko legeak foruzaletasuna bultzatu eta goretsi zuen. Beranduago, euskal nazionalismoa agertu eta 1899ko hauteskundeetan Bilbon garaipena lortu zuen. Horren ondorioz, lehen lau zinegotziak nazionalisten esku geratu ziren. Hala, Gregorio Balparda aitaren etsai amorratua bilakatu zen.
Euskal nazionalismoari aurka egiteko Bizkaiko historiaren ikerketa burutu zuen, gertaerak suhartasun politiko batekin ikertuz. Hala, lan saiatu eta nekaezin horri esker, Historia Crítica de Vizcaya y de sus fueros obra idatzi zuen, irismen handikoa. Hiru liburuxkatan argitaratu zen 1924-1945 bitartean. 1906an Bilboko alkate izendatu zuten Errege Aginduz. 1917 urte inguruan Bizkaiko Liga Monarkikoa sortu zen. Balparda, Luis Salazar eta Ramon Bergek osatu zuten lehen zuzendaritza taldea. Plataforma sendo hori industria-burgesiak eta boterean zen dinastia liberalak babestu zuten. Hala, abantaila horrekin, foruzaleei aurre egin ahal izan zien. 1918 jendetzak txistu egin zion Oñatiko Eusko Ikaskuntzaren Kongresuan eta Bilboko Udalean Bizkaiko alkateen protesta ugari jaso zituen, izan ere, herrialdeko foru-eskubideei buruz, ez zen haiek espero bezala mintzatu.
1919an Gorteetarako Diputatu izendatu zuten, Balmasedatik. 1923. urtera arte mantendu zuen kargua. 1924an Historia Crítica de Vizcaya y de sus fueros lanaren lehen liburukia inprimatu zen. 1933-34 bitartean agertu zen bigarrena eta 1945. urtean kaleratu zen hirugarrena. Errepublika iritsi zenean eskualdeak Estatuan txertatzeko lehen estatutu-proiektuak agertu ziren, autonomiaren zigilupean. Balparda horren kontra zegoen, erabat. Caro Barojaren ustez, Lope Garcia de Salazarretik hasi eta Balparda bitartean ia gure historialari guztiek "ad probandum" idatzi dute. Historialari modura Llorenteren "jarraitzailea" zen.
- AREILZA, Jose Maria de. "Prólogo" [III. alea, la Historia de Vizcaya, 1945ean argitaratua].
- TEJADA, Francisco Elias de. El señorío de Vizcaya, Madril: 1963, 317 orr.
- CARO BAROJA, Julio. Los Vascos. Etnologia. Madrid: 1958, 92 orr.