Lekaide eta lekaimeak

ARROSPIDE ECHEVERRÍA, Faustino

Euskal emigrazioaren prosopografia. Tolosan (Gipuzkoa) jaioa, Joaquin Arróspide Meloko (Uruguai) lehen gotzainaren anaia zaharrena, 1851ko otsailaren 15ean jaio zen. Txikitan hasi zituen eliz ikasketak Euskal Herrian, baina Karlistadetako azkena hastean, amak bultzatuta, seminarioa utzi eta Karlos VII.a erregegaiaren armadan sartu zen boluntario. Infanteriako teniente gradua lortu zuen han, eta fiskal militar gisa aritu zen behin baino gehiagotan. Somorrostroko bataila odoltsuan zauritu zuten, 1874an, eta Bilboko setioan parte hartu zuen.Gerra

amaitu ondoren, Frantziara erbesteratu zen lehenik, eta 1876ko erdialdean bere familiarekin, karlista sutsua bera, Uruguaira iritsi zen. Abiatu aurretik, Gasteizko gotzainarengandik exeat-a lortu zuen Montevideoko elizbarrutian ikasten jarraitzeko, beharrezko barkamena eta ad cautelam dispensarekin batera, seminarioa utzi eta «Espainiako azken gerran armetan aurkitua» izatean egindako irregulartasunarengatik. Montevideoko gotzainak

onartu zuen, eta horretarako elizbarruti hartan jada sarturik zeuden euskal apaizen kolonia ugariaren laguntza izan zuen. Iritsi eta hurrengo urteko uztailean ordenatu zen, eta berehala Meategien parrokian edukitza bat okupatu zuen. Sorianoko apaiza izan zen 1877ko azaroa eta 1880ko uztaila bitartean. Orduan, Kordoi parrokiara pasatu zen, Montevideo hirian, 1882ko martxoaren 10ean Santa Luzia herriko parroko izendapena jaso zuen arte, Canelones departamentuan.

Handik, 1887ko urtarrilean, Mercedes parrokiara (Soriano) joan zen, eta hil arte bertan egon zen. Parrokia honen benetako antolatzailea izan zen, non bere zuzendaritzapean sortu ziren Klub Katolikoa, Langileen Zirkulua, Gizonezkoen Vicentina Kongregazioa eta San Luis Gonzagaren Konpainia umeentzat, eta hiriko lehen ikastetxe katolikoa, «San Miguel», ezartzea lortu zuen, salestarrek 1892tik 1894ra gobernatu zutena. Amilivia eta Letamendi euskaldunek hasitako bideari jarraituz, Mercedeseko tenplu katolikoaren eraikuntza burutu zen.

Gaixotasun batek jota Montevideora joanda, Uruguaiko hiriburuan hil zen, 1906ko azaroaren 5ean.

Óscar ÁLVAREZ
GILA Amerikako Historiako irakaslea. EHU (0 URLa)