1971n Hondarribian jaiotako artista gipuzkoarra.
Arte Ederretan lizentziatua, pintura espezialitatean, Euskal Herriko Unibertsitatean. 1995ean Erasmus Beka bat lortu zuen Pariserako. 1996an Hondarribiko Udaleko Sorkuntza Artistikoko beka bat jaso zuen. 1997an Elias Salaberria Pintura Saria jaso zuen. 1999an Salamancako La Gaceta Fundazioaren Margolari Gazteen IV. Lehiaketan akzesita lortu zuen, eta 2000an Injuveko (Madril) Arte Gaztearen Erakusketan hautatu zuten. 2002an Caja Madrideko Argitaragabeak 2002 erakusketarako hautatu zuten.
Bere bakarkako lehen erakusketa aurkeztu zuen Bartzelonan (ADN Galería. Enric Granados, 49), bere ezaugarriekin itxura figuratiboko pinturak, manga komikietako irudien zatiekin eginak eta fabrikako oihal estanpatuetara eramanak.
Azken banakako erakusketen artean aipagarriak dira 1998koa Bilboko Juan Manuel Lumbreras Galerian, 1999an Kuretake Japan BBK-ko Kultur Aretoan, 2000an Bilboko Bilkin Galerian, 2002an Travel Draws, marrazkien bidezko erakusketa Hondarribiko Kultur Etxean, Manga Art Bilboko Bilkura Galerian, eta 2003an Salamanca Arte garaikideko Zentroan.
Bere lanak daude Gasteizko Artiumen, Madrilgo Injuve Institutuan, Futbol Profesionalaren Fundazioan, Salamancako La Gaceta Fundazioan, Bilboko Kafe Antzokian, Euskal Herriko Unibertsitatean, Hondarribia, Lezo eta Abando-Zierbenako udaletan, BBK Fundazioan, Zarauzko Udalean eta Gaztela Leongo Udalean.
2005eko maiatzean, ekialdeko artearen eragina duten hogeita hamar bat marrazki eta pintura erakutsi zituen Donostiako DV galerian. Irailean 3xAsia tituluarekin parte hartu zuen, Bartzelonako Casa Asian, Marta Cárdenas eta José Llanosekin batera antolatutako erakusketa kolektiboan.
Erakusketak ekialdeko unibertsoa islatzen du, hiru ikuspegitatik. Judas Arrietak, gazteenak, adierazi zuen manga marrazkiek belaunaldi oso batean duten eragina, 6 pintura, 5 objektu, 24 marrazki eta 12 proiekzioren bidez. Horiek japoniar adierazpen kulturala bere esparru naturaletik ateratzen dute, erakusketa areto batera eramateko.
