Irakasleak

Arrieta Azpiazu, Lurdes

Lantziegoko ikastolako lehenengo andereñoa. Azpeitian jaio zen 1958ko otsailaren 8an eta 2005eko apirilaren 15ean hil zen auto istripuz, 47 urte zituela.

Azpeitiko karitateko mojen ikastetxean ikasi zuen 14 urte zituenera arte eta segidan lanean hasi zen, lehenengo alpargatak egiten Azkoitian eta ondoren Lantziegora lekualdatu eta andereño moduan hasi zen bertako ikastolan; 21 urte zituen. Hiru hilabetetarako joan zen bertara, eta hil arte bizitoki eduki zuen Lantziego.

Frankismo osteko giroan ailegatu zen Lurdes Arrieta Arabar Errioxara, euskarazko irakaskuntza indarra hartzen ari zen sasoian. 1979. urtea zen eta titulaziorik eduki ez arren, garai hartan eskatzen zuten premisa zeukan azpeitiarrak: euskaraz zekien eta umeak gustatzen zitzaizkion. Hala, 1979-1980 ikasturtean udaletxe zaharrean kokatutako ikastolan, 3, 4 eta 5 urtetako 17 haurren kargu egin zen.

Lantziegon euskararen presentzia txikia zen, eta ikastolaren bidez biztanle gazteenengan hizkuntza txertatzen hasi ziren. Horrez gainera, Lurdesek helduentzako gau-eskolak antolatu zituen herrira iristearekin batera eta irakasle moduan jardun zuen bi urtetan zehar; horrek, lantziegarrekin hartu-emanean ipini zuen eta herriko giroan murgiltzea ekarri zion.

Titulurik gabe jardun zuen hainbat urtetan, harik eta 1988an irakasle tituluaz jabetzeko abagunea eduki zuen arte. Horretarako, bi urtetan zehar, astean bitan Eskoriatzaraino bidaiatzen zuen, bertako Irakasle Eskolara. Modu horretan gogoratzen du Felix Compañonek, Lurdesen senarrak, Bidegileak lanean:

"Astean bita joaten zen. Ordurako Itsaso jaioa zen. Arratsaldean abiatu eta gauerdian heldu. Horrela izan zen bi urtez. Hura Eskoriatzara bueltaka zebilen bitartean neu geratzen nintzen gure alabarekin. Baina Lurdes oso gogorra zen, bi urte horretan ez zen behin ere kexatu!"

Bestalde, 90. hamarkadaren hasieran, ikastolaren geroa zehazten joan ziren bai guraso eta baita irakasleak ere; sare publikoan txertatzea erabaki zuten eta ofizialki D ereduko ikastetxea izatera igaro zen. Hala, ordezkaritzatik irakasle euskaldunak bidaltzen zizkieten beti, euskararen presentzia bermatuz.

Azpeitiarraren bizitzan euskara eta ikastola izan ziren ardatz nagusi urte luzeetan; 2003an berriz, Lantziegon bertan beste eremu batetan inplikatu zen: urte hartako udal hauteskundeetan parte hartu zuen EAJrekin. Ordutik aurrera andereño eta kultura zinegotzi lanak uztartu zituen eta euskararen alde lan handia egin zuen. Garai hartan, gainera, ikastola udalarekin harremanetan zegoen lantzen ari zen hizkuntza normalkuntzarako proiektua aurrera eramateko eta Lurdesek ahalbidetu eta erraztu egin zuen egitekoa. Bestalde, Lantziegoko kaleetako errotulazioa euskaraz ere ipintzea berak sustatu zuen, edota jaietako egitaraua gaztelania hutsean izatetik elebitan argitaratzeko lan egin zuen...

2005ean auto istripu batetan Lantziegoko ikastolari lotutako hiru andereño hil ziren, haien artean, Lurdes Arrieta.