Literatoak

Arrese Beitia, Felipe

Idazle bizkaitarra.

1841eko maiatzaren 25ean Otxandion jaio eta 1906ko urtarrilaren 16an herri horretan hil zen.

Imajinagintza izan zuen lehen ogibide; Gasteizen marrazketa ikasi zuen hamahiru urte zituela eta herrialdeko hainbat herri zeharkatu zituen ermita eta elizentzako harrizko nahiz egurrezko irudiak landuz.

31 urte zituenean ezagutarazi zuen bere burua poeta gisa. Aurretik, "Euskara" aldizkarian kolaboratu zuen eta 1873an Donostiara joan zen bizitzera, karlistaden ondorioz. 1879ko Elizondoko lehiaketan Ama Euskeriari azken agurrak poema aurkeztu zuen. Modu horretan hasi zuen hainbat lehiaketatan (Bera, Elizondo, Iruñea, Bilbo, Markina, Hondarribia, Maule, etab.) arrakastak pilatuz landu zuen bidea. Horietan guztietan bere estilo indartsu eta kartsua nabarmendu behar da, hiztegi aberatsaz hornitua, nahiz eta erretorikarako joera argia ere antzematen zaion.

1883an Bizkaitar zarrak eta erromatarrak argitaratu zuen, Bilboko lehiaketan saria jaso zuena. Urtebete beranduago Astigarragaren lanean oinarrituz, Diccionario Manual Bascongado y Castellano y elementos de Gramática kaleratu zuen. 59 urte zituela (1900) bere poemen bilduma argitaratu zen Ama Euskeriaren Liburu Kantaria izenburupean, Campionen hitzaurre interesgarria barneratzen zuena, eta 1908an Asti-Orduetako bertsozko lanak argitaratu zuen.

Arrese Beitia bere garaiko arazoekin konprometitutako poeta izan zen. Bere estiloan erromantizismo epiko berantiarra hautematen da argi eta garbi, eta garai hartako akats eta bertute guztiak nabari dira; eta gaur egun irrikarik sorrarazten ez digun arren, zalantzarik gabe, garaiko gertaera politikoekin samindutako herriaren sentimendua urratzen jakin zuen. Gertaera haiei erreparatu behar diegu Arreseren lana kokatzerakoan. Borrokarako deia zen Arreseren lana, zenbaitetan prosaiko samarra ere bai agian, egungo mentalitatean hotsandikoa litzatekeena; dena den, egokitu zitzaion garai historikoaren lekukotza leiala, eta hor kokatu behar da Arreseren merezimendua.

Informazio gehiago eta testu antologikoak eskuratzeko Santiago Onaindiak Arreseren honako poema hauek jaso zituen:

Olerkiak (1956) lanean: Gure arbola gazteari, Gure aretxaren kerizpean, Napar ta euskaldun ikasliak, Amodioaren abia, Euskalerriaren Naparria, Truebaren eriotzea, Bizi bedi Aita Larramendi, Nere adiskide bat, Gorbeiako kurutzeari, Aita San Joseri ondra ta alabantza, Goratu Aita Sanjosepe, Berriotxoa martiriori, Bizkaiko Patrona, Kurutzearen Bedeinkaziñoko egunean, Gora Iñazio ta iñaziotarrak, Ezjakiñen kontua, Luzea laburtzea, Maria Martiña, Alper, Ipuintxo bat, Danen egarria, Gautxori, Tomas eta Tomasa, Paulolo, Esteban, Botozko feriak, Semearen biurrera, Fedearen arerio bat, Zugatzak, Errosari eta Azkena.

"Zeruko Argia" aldizkarian Beldur Itxasoari, Azkenenean edo etxera biurtzekoan kantetako bertsuak, Euskal Erria, Illerrian eta Euskalduna (1901) argitaratu zituen; "La Baskonian" Titiko sein aldia (1904); "Esnalean" Gora Euzkadi; "Aberrin" Alabantzia Arna Birjiña (1908); "Euskadi" aldizkarian Gertaeratxo bat, Erantzute eder bat, Euzkafi eta Kontzeju ona (1930).