Historialariak

Arrazola Etxeberria, María Asunción

Arte Historialaria. Zestoan jaio zen 1912ko abuztuaren 9an eta Donostian hil zen 1995eko apirilaren 13an.

XX. mendeko arte-historialari gipuzkoar nabarmenetako bat izan zen. Bere ibilbide profesionala ikerketaren alorrean nahiz irakaskuntzan jorratu zuen.

Marian Asuncion Arrazola Etxeberria Zestoan jaio zen 1912an. Prestakuntza akademikoari dagokionez, Zestoan (Gipuzkoa) bertan egin zituen lehen ikasketak 14 urte egin zituen arte. Orduan Bergarako Mariaren Lagundiaren Ikastetxera joan zen ikasketak osatzera. Bertan ikasle izatetik nobizia izatera igaro zen. 1929an, 17 urterekin, ordenan sartu zen, eta betiko botoak 1934an baitaratu zituen. Ikasketekin jarraitu zuen eta, lehendabizi Filosofia eta Letren lizentziatura eskuratu zuen Historiako espezialitatean eta, ondoren, Pedagogian lizentziatu zen (bi lizentziaturak Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean). Lehen garai hartan ikasketak burutzen zituen bitartean Mariaren Lagundiaren Ikastetxe berri bat sortu zuen Olivenzan (Badajoz) eta, beranduago, 1944-1948 bitartean, Lagundiaren baitako Madrileko unibertsitate-egoitza bateko zuzendaritzaz arduratu zen.

1948an Maria Asuncion Arrazola Etxeberria Donostiara itzuli zen, Lagundiak zuen San Bartolome Muinoko komentura. Ordutik bertan igaro zuen bizitza guztia, Vatikanoko II. Kontzilioaren garaian Erroman eman zuen bi urteko (1962-1965 bitartean) egonaldi bat salbuetsita. Komentu hartako ikastetxean garatu zuen bere ibilbidea irakasle modura 1984. urtean erretiroa hartu zuen arte. Historia eta Artearen Historiako ikasgaiak eman zituen. Haatik, irakasle modura bere eginkizuna ez zen Donostiako belaunaldi askorentzat oso garrantzitsua izan zen langintza hura betetzera mugatu, Irakasleen Eskola bat sortu baitzuen Lagundiko irakasleentzat, irakaskuntzaren metodologia hobetzeko xedez. Gainera, Turismo Eskola bat sortu zuen, gerora, Donostiako Deustuko EUTG Campusean Jesuitek sortu zutenarekin bateratu zena, izan ere, Gipuzkoako probintziak turismoari dagokionez gaitasun handia zuela eta etorkizunean sektore hori garatzeko profesionalak prestatzeko premia zegoela uste zuen.

Irakaskuntzaren esparruan ibilbide zinez garrantzitsu hori garatzez gain, Maria Asuncion Arrazola Etxeberriak ikerketa jorratzen asmatu zuen. Horrela, ikerlari modura ere bide adierazgarria urratu zuen Artearen Historiaren alorrean, zehazki, Gipuzkoako errenazimendua aztertuz. Hori izan zen El Renacimiento en Guipúzcoa izeneko bere doktorego-tesiaren aztergaia. Tesia Jose Maria Azcarateren gidaritzapean egin zuen eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Sari Berezia jaso zuen 1966an hari esker. Hurrengo urtean, 1967an, Gipuzkoako Foru Aldundiak tesia argitaratu zuen hiru liburukitan eta, beranduago, 1988an, bigarren edizioa kaleratu zuen, bi liburukitan. Obra hori oraindik erabili egiten da XVI. mendeko Gipuzkoako artearekin lotutako gaiak ikertzeko. Azpimarragarria da obraren metodologia zorrotza eta bertan jasotzen den dokumentazio guztia, izan ere, ez da soilik arkitektura, eskultura eta pinturari buruzko lana, beste diziplina batzuk ere jorratzen dira, esate baterako, burdinaren arteak, urregintza eta brodatua.

Zorionez, Maria Asuncion Arrazola Etxeberriak denbora hartu ahal izan zuen Gipuzkoako historia eta arteari buruzko beste monografia bikain batuk idazteko, horien artean hauek nabarmentzen dira: Escultores del siglo XVI en el País Vasco (1972), Oñate (1973), Fuenterrabía (1974), Parroquia de San Vicente (1975), El arte de Guipúzcoa al alcance de los niños (1978), Iglesia de Santa María de San Sebastián, Cristo en el arte, El retablo de Vidaurreta, edo Anchieta y el valle del Urola. Horiez gain, 208 diapositibekin osatutako 13 koaderno argitaratu zituen "Arte en Guipúzcoa: Diapositivas comentadas" izenburupean Iñaki Aguirre argazkilariarekin batera. Lana Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak argitaratu zuen 1978an. Azken urteetan ere lanean jarraitu zuen, azken unera arte. Horrela, bere komentuari eta bere bizitzaren ardatz izan zen ikastetxeari idatzitako La historia del cerro y el colegio de San Bartolomé izeneko eskuizkribu argitaragabea idatzi zuen.

1995ean Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkariak (RIEV) "In Memorian: María Asunción Arrazola Etxeberria. 1912-1915" izeneko artikulua eskaini zion (1. zenbakia, XL. Liburukia, 43. urtea, 11-14. or.) eta, hamabost urte beranduago, 2010eko urrian jardunaldi batzuk antolatu ziren haren omenez hitzaldi-ziklo eta mahai-inguru batzuekin. Horietan, besteak beste, Joxe Mari Arrazola ilobak, Fernanda Blascok, Miren Azcaratek, Arantza Zabaletak, Edorta Kortadik, Ricardo Ugartek, Julia Otxoak eta Antxon Zubiaurrek parte hartu zuten.