Pasai San Pedron 1968an jaiotako gipuzkoar artista.
1992an Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, grabatu espezialitatean, eta Ilustrazio tailer bat egin zuen Artelekun (Donostia) Asun Balzolarekin. 1994tik bakarkako erakusketak egiten ditu Pasaiako Udal Aretoan, Donostiako Olaetxea galerian, Bilboko Bizitzan, eta 2004ko urtarrilean Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Dozena bat erakusketa kolektibotan ere parte hartu du. Horien artean, 1995ean Koldo Mitxelena Kulturuneko (Donostia) Artista Berrien XXXVI. Lehiaketan, 1998an La Central aretoan (Donostia) "Perversión Inocente" izenburupean eta hainbat datatan 1996tik 2004ra Pasaiako Udal Aretoan "Tope 12 cente" izenburupean.
Artista honen lanaren ezaugarririk deigarriena bere botere ironikoa da, komikiaren munduko eragin ezberdinetatik datorren espresionismo gogor eta indartsu batetik egina, baina errealismo sozialaren, parodiaren eta sinbolismoaren bidez barneratu eta sentsibilizatzea helburu duena. Ideiak bere hiri-ingurunetik sortzen zaizkio, eta artista kronista bihurtzen da. Bere lanetan zinemaren, komikiaren eta beste hainbat jardueraren eragina ikus daiteke, hala nola publizitatearen, telebistaren, musikaren eta abarren eragina. Bette Davisen Erretratuak sailak indar handia du eta kolorez beteta dago.
Bere lana Gasteiz Arte Plastiko Garaikidean eta Pasaiako Udalean dago ikusgai.
