Darraioaga, Darrayoague edo D'Arroiaga.
XVIII. mendean Azkainen (Lapurdi) jaiotako zirujaua.
Darraioaga, Darrayoague edo D'Arroiaga gisa ere aipatu izan da. Montpellierren jaso zuen prestakuntza eta Bordelen jardun zuen mediku lanetan, "Maisu zirujau" tituluaren jabe. Horrez gain, "Société Royale de Médecine" delakoan bazkide zen.
Badakigu Iruñean eta Donostian ere lan egin zuela. 1760ko apirilean Nafarroara jo zuen Iruñeko Ospitale Nagusiko kirurgiako katedra eskuratzeko asmoz. Ospitaleko batzordeak ordainduta Montpellierren bere prestakuntza anatomikoa hobetzeko xedez egindako egonaldi baten ostean kargua erdietsi zuen; handik itzuli zenean kirurgian erabiltzeko tresnak ekarri zituen.
1766an irakaskuntzan aritu zen eta urte hartan bertan Nafarroako hiriburuko zirujau kargua onartu eta jardun horri eman zitzaion 1774. urtera arte. 1763an Donostian zebilen eta 1766an Bergaran (Gipuzkoa), bular-erauzketa bat egiteko. Pilatutako esperientzia profesionalari esker "Memoria" taxutu zuen, Pariseko "Académie de Médecine" delakoan gordetzen dena: Observations de Darrayoague de Saint-Sebastien sur deux ulcus cancéreux traités au moyen des mouvements vacciatoires du verre ardent (1785).
Enpirikoak herniaren ebakuntzaren aurka agertu ziren eta Arraioagak jarrera hori salatu eta Nafarroako Gorteetara eraman zuen auzia 1766an. Prestigio handia eskuratu zuen eta hori dela eta sarritan deitu zuten ebakuntza jakin batzuk egiteko.
- RIERA PALMERO, Juan. in S. Granjel, Luis (koordinatzailea): Diccionario histórico de Médicos vascos, Bilbao, 1993.
- THILLAUD, P. L. Les maladies et la médecine en Pays Basque Nord a la fin de l'Ancien Régime (1690-1789), Ginebra, 1983.
- RAMOS MARTÍNEZ, J. La Salud Pública y el Hospital general de la ciudad de Pamplona en al Antiguo Régimen (1700-1816), Pamplona, 1989.
