Pintoreak

Aróstegui Barbier, Juan

1899an Gernikan (Bizkaia) jaiotako akuarelista, odontologo eta idazlea. 1988. urtean hil zen.

Valladoliden Medikuntza ikasketak egin ostean Madrilen Odontologiako graduatua eskuratu zuen 1924an. 1945ean Ortodontziako Espainiako Elkartearen sortzaileetako bat izan zen eta, gerora, elkarte horretako presidenteorde ere izan zen.

1951n "Jornadas Dentales Internacionales de Santander" delakoen zuzendari izan zen. 1953an zazpigarren erregioko Odontologo eta Estomatologoen Elkargoko presidente izendatu zuten. Kargu horretan "Divulgación Cultural Odontológica" argitalpena abiarazi zuen eta "Semanas de la Salud Dental" delakoak inauguratu zituen. Egindako lanari esker Osasunaren Ordena Zibileko plakadun enkomienda eman zioten.

Pintura arloan ere aritu zen lanean, hala, 1940an pintore amateurren "Grupo del Suizo" presidente izan zen. 1945ean talde hark Agrupación Artística Vizcaína izena eta izaera hartu zuen; lehen taldean hiru urtez aritu zen presidente modura eta bigarren taldean hamabost urte eman zituen kargu horretan. Bigarren talde hark "Boletín Informativo de Arte" argitaratu zuen zazpi urtez eta Arostegik presidentetza utzi zuenean argitalpen hori ere desagertu egin zen. 1946an Bilboko Arte Ederretako Probintziako Erakusketan hirugarren domina jaso zuen akuarelista modura egindako lan naroari esker.

Langile nekaezina izan zen eta bere irrikari esker hainbat erakusketa antolatu ziren, gainera egunkari askotan kolaboratzaile lanetan ibili zen. 60 eta 70eko hamarkadetan Bilboko prentsan idatzi zuen Juan de Izaro eta Jotabe izengoitiak erabiliz. Orobat, Bizkaiko Turismoaren Ekimen Etxeko presidenteorde ere izan zen. Kulturaren arloa oso ongi ezagutzen zuen, horri esker, La vida del pintor Barrueta (Editorial Vizcaina, Bilbo, 1976) eta Julian Echevarriaren hitzaurrea barneratzen zuen La pintura vizcaína de la postguerra. Del Grupo del Suizo a la Asociación Artística Vizcaína (La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1972) lanak argitaratu zituen.

"Beti izan du pinturarekiko joera eta nire gogoaren jabe naizenetik pintatu izan dut. Umetatik egin izan ditut marrazki edo pinturak, eta dagoeneko mutikoa nintzelarik, pintura arloan lehen zertzeladak ematen nituen, eta Jose Maria Quintana jaunarekin eta nire senitarteko Nicolas Zubigarayrekin batera "Grupo del Suizo" delakoa eraikitzen hasi ginenean nire pintura-jarduera areagotu egin zela esan daiteke. Ordura arte maiz joaten nintzen Pintura Erakusketetara eta Madril, Bartzelona eta Donostiara joaten nintzenean museoak eta areto komertzialetan egiten ziren pintura aurkezpen guztiak zapaltzen nituen. Benetako zaletzat nuen nire burua eta nire jaioterrian ere erakutsi nuen hori Agustin de la Herran jaunarekin (natural hila ederki pintatzen ere bazekin eskultorearen aita), Eguia eskultorearekin (Egun Plaman bizi dena) eta "Chaparrito" zenduarekin batera.

1940an ezagutu nuen Quintana. Hark diseinatu eta pintatu zituen Areatzako Antzoki Sozialean aristokraten alde ospatu zen funtzioko dekorazioak. Romanza con palabras izeneko obra bizia aurkeztu zen orduko hartan, Mendelssohnen musikarekin eta Superundako Kondearen eta Bolarqueko Markesaren titulu bikoitza zuenak idatzitako hitzekin.

Jose Maria ezagutu eta pintore amateurren elkarte bat eratzeko ideia sortu zitzaigun, "Grupo del Suizo" izendatu zena. Elkarte hori gero aldatu eta "Asociación Artística Vizcaína" izena hartu zuen eta, era berean, hortik Euskal Akuarelarien Elkartea sortu zen. Ordura arte nik olio-pintura pintatzen nuen, hasiera-hasieratik "Grupo del Suizo" elkarteko kide ziren Arturo Martinez Taubmann eta Antonio Santafe Largacha adiskideek akuilatuta.

Europako Lehen gerratea lehertu zenean, etxean topatu nuen aitaren pintura-kaxa bat baliatuz, oporretan pintatu egiten nuen eta ordudanik nire amaren erretratu bat, nire ikaskide izan zen Jose Ramon Sustacha doktorearen beste bat, aldizkarietatik kopiatutako alemaniarren buruak eta natura erreproduzituz pintatutako paisaiak gordetzen ditut, azken horiek adiskideen artean oparitu nituen.

Baina Azpeitian pasa nituen lehen oporretan hotelean P. Alvarez Belluti jauna ezagutu nuen. Gizon aparta zen, milizia nazionalean goi-kargua zuena eta oso pintura zalea. Harekin etengabe hitz egiten nuen kolore-artearen inguruan. Harekin eman nituen lehen urratsak akuarelista modura. Papera, koloreen kaxa eta pintzelak eman zizkidan (izan ere, kaxa asko zituen ordurako mutikoak ziren bere semeek pintatzeko). Ur-ontziak hotelean bertan eskuratu genituen.

Orduan piztu zitzaidan prozedura horrekiko grina eta, gerora, Sabate Jauma Kataluniako artista handia (akuarela paregabeez gain, burdinaren forjaketa artistiko itzelak egin zituena), olio-pinturan aritzen zen Francisco de Asis Planas Doria (urtero Delsa aretoan erakusketak egiten zituena) eta Bilbon hain ezaguna zen Ceferino Olive (hau ez gainerakoak hilak) pertsonalki ezagutu nituenean grina areagotu baino ez zitzaidan egin. Horiei guztiei eta Manuel Risques jaunari (industria-gizona eta akuarelista paregabea, zendu zen arte Kataluniako Elkarteko presidente izan zena) eskerrak eman nahi dizkiet ur-pinturan erakutsi zidaten guztiagatik. Esan bezala, guztiak hil egin ziren, duela gutxi pintatzen aritu den nire senitarteko Zubigaray izan ezik.

1940. urteko azken larunbatean, Patxo kafetegian elkartu ginen taldea eratzen hasteko. Baina kafetegi hartan jendetza elkartzen zela-eta beste kafetegi batera joatea erabaki genuen, Suizoarenera. Hark emango zion gerora izena taldeari. Larunbatero elkartzen ginen bertan. Gero eta jende gehiago agertzen zen, izan ere, pintura maite zuten gazte ugari hurbildu ziren.

Bilkura haietara astean zehar moldatzen genuena eramaten genuen gainerakoen iritzia jasotzeko asmoz, eta halaxe, Quintanaren adiskide Isidoro Delclaux jaunaren adeitasunari esker sortu ziren handik gutxira Delsa aretoan antolatu genituen erakusketak, lau urtez segidan ospatu zirenak. Erakusketa horietan hiru akuarelista bizkaitar agertu ziren: aurrez aipatutako Martinez Taubmann, "Asociación Artística Vizcaína" elkartearen hasieratik bertako kide izan zen Jesus de Uribe (gerora hamaika urtez presidente izan zena) eta ni neu. Urte batzuk beranduago, Manuel Urquijo elkartu zen (hau ere zendua), ordurako akuarelista modura esperientzia handia zuena.

Euskal Akuarelarien Elkartea sortu zen eta, horri esker, Madrilen Akuarelisten Espainiako Elkartea sortzen ari ziren kideak ezagutzeko aukera izan nuen, eta are harreman estuagoa egin nuen Kataluniakoekin. Azken horiek askari bikain bat eskaini zidaten Bartzelonara joan nintzen batean.

Kataluniako elkarteko kide asko lagun onak izan ziren eta aipatutakoaz gain beste lagun on bat hil dela jakin dugu. Felipe Trigo. 1952an Madrilen Espainiako akuarelisten ordezkariak elkartu ginen Akuarelaren Kontseilu Nazionala sortzeko asmoz. Espainiako hiriburura, Euskal Akuarelisten izenean, A. Santafe Largacha bertaratu zen nirekin batera.

Hildako lagun onen oroimen honetan Popelreuter, Jose Frances jauna, Akuarelaren Kontseilu Nazionaleko azken presidentea eta Arte Ederren Akademiako betiko idazkaria eta beste asko ekarri behar ditut gogora, baina guztiak ez aipatzeko beldurrez ez dut hemen guztien izenik emango. Francisco Bonnin ere aipatu behar dut, Espainiako akuarelisten aitalehena eta Kanarietako elkarteko presidentea; hark eta nik sarritan idazten genion elkarri. Atal honi amaiera emateko gure probintziako hildakoak oroitu nahi nituzke.

>Joaquin de Zuazagoitia, alkate modura gure erakunde sortu berriak hainbeste babestu zituena; Pedro de Garmendia, Bizkaiko Kultura Batzordetik ahal zuen laguntza eman baitzigun; Matias Angel Alvarez Jauria, Bizkaiko Artisten Elkarteko lehen zuzendari-batzordeko idazkari eraginkorra eta gerora presidente izango zena; Jose Ribera, Bilboko elkarteetako idazkari eta langile nekaezina; Halaber, Bartzelonan eskaini zidaten askarian nirekin izan zirenak oroitu eta eskerrak eman nahi nizkieke. Horien artean, dagoeneko Planas Doria, Sabate eta Risques aipatu ditut, baina Roig Enseñat ere aipatu nahi nuke. Guztiak atxikitzen dudan argazkian agertzen dira. Horiez gain, Jose Prados Lopez, Madrileko Pintore eta Eskultoreen elkarteko betiko idazkaria; Carlos Ribera, Donostiako "La Voz de España" egunkariko erredaktore artistikoa; Zaragozako Ostilio, etab." (itzulpen moldatua gaztelaniatik).