Historialariak

Arocena Echevarria, Ignacio

Historialari, idazle eta irakasle gipuzkoarra, Donostian jaio zen 1931ko urtarrilaren 7an. Bermeon hil zen 2003ko irailaren 24an.

Fausto Arocena historialari, ikertzaile eta Gipuzkoako Foru Aldundiko artxiboen zuzendariaren semea. Bost anai-arreba izan ziren, besteak beste, Javier Arocena margolaria eta Teresa Arocena idazlea. Jesuitekin ikasi zuen Donostian eta umetan euskara bazekien arren gero galdu egin zuen.

Valladolideko Unibertsitatean historiako ikasketak egin zituen. Azpeitian bitarteko irakasle gisa aritu zen 1956an. Lebrija-ko (Sevilla) ikastetxean ere aritu zen eta handik Bermeora joan zen. 1959ko apirilaren 27an Bermeoko Institutuko irakasle izendatu zuten. 1962an artxibozain gisa lan egin zuen Donostiako Udalean eta 1963an uko egin zion lanpostuari. 1969ko abenduaren 2an Bermeoko institutuko katedradun izendatu zuten. Bere bizia historiari eta irakaskuntzari eskaini zion. Bermeoko institutuko goiko eraikinak bere izena darama. 1994an irakaskuntza utzi zuen.

1996ko azaroaren 16an Bermeoko herriko semetzako izendatu zuten. 2000ko otsailaren 15ean Arocena sendiak Fausto eta Ignacioren hainbat dokumentu dohaintzan eman zizkion Koldo Mitxelena Liburutegiari. Halaber, 2002an Ignacio Arocenak dohaintzan eman zion bere bilduma -3.407 liburukiz osatutakoa- Bermeoko Udal Liburutegiari.