Kontzeptua

Arkitektura industriala

Arkitektura industrialaren historian zehar eraikuntza lengoaia ezberdinak erabili izan dira: XVIII. mendeko industriaurreko lehen eraikuntzek arkitektura tradizionala zuten oinarri eta ez zuten lengoaia jakinik jarraitzen. Garai berean ugaldu ziren errege-fabrikek ordea, arkitektura kultua hartu zuten eredu garaiko jauregien estetika bereganatuz.

Geroago, XVIII. mende amaieran sortu eta hurrengo mendeko lehen erdian hedatutako solairudun fabriken kasuan, aldiz, funtzionamenduari eman zitzaion garrantzia, fabrika arrazionalari, eta hau horrela, irudiaren inportantzia bigarren mailakoa zenez, dekorazio minimoa izaten zuten.

XIX. mende erdialdean aldiz, kontzeptu aldaketa iritsi zen; ordura arte gizarteko sektore askok baztertua zuen arkitektura industriala balioan jarri nahi zuten. Barnean aurrerapen teknikoak aplikatuz funtzionaltasuna faktore garrantzitsutzat hartzen bazuten ere, fatxadaren garrantzia ikonikoaz jabetuta, garaiko korronte estilistikoak bereganatu zituzten eraikin industrialetan ere. Historizismoa, estilo eklektikoa, arkitektura zibil nahiz monumentalean erabiltzen zen hura baliatu zen nagusiki gehiengoan. Halere, Modernismoak ere izan zuen lekua burdinaren arkitekturan.

Estatu espainiarrean, eta batez ere Kantauri isurialdean, 1920. hamarkadan arkitektura zibilean hedatua zegoen Erregionalismoak hartu zuen aipatutako joera Historizistaren lekua. Arkitektura bernakularra hartzen zuten oinarri, hots, estilo erregionalaren berrirakurketa egiten zuten gizartearen begietara kalitatearen adierazle izan zitekeela sinetsita.

Ordurako, Europar Abangoardiak indarrean zeuden eta Mugimendu Modernoa hedatzen ari zen. Korronte honi esker, historian lehen aldiz, eraikin industrialak miresgarriak ziren gizartearen begietara. Material, sistema eta estetika arrazionalenak aplikatuta, garai berrietara ezin hobeto egokitzen zen enpresaren propagandarako irudia lortzen zuten.

Euskal Herrian, Gipuzkoan, baditugu garai hartako adibide urri batzuk baina gerra zibilaren amaieratik aurrera hasi zen korronte honen eragina hedatzen eta mende erdialderako errotu zen.

Mugimendu Modernoko lagin gehienak Gipuzkoan eta ia guztiak arkitektura industrialean, aurki genitzake. Francoren Diktadurak arkitektura nazionala, (historizista/ monumentalista) estilo ofizial gisara inposatu zuen eta ondorioz, arrazoi ideologikoengatik arbuiatu egiten zuten korronte arrazionalistak, arkitektura erresidentzial edo instituzionalak baino askatasun eta malgutasun gehiago zuen arkitektura industrialean aurkitu zuen bere lekua.

Mende erdialdera hain emankorra izan zen mugimendu hau, 60. hamarkadan eten egin zen. Une horretatik aurrera, industriaren arkitekturari dagokionez, eraikuntza ulertzeko beste era bat gailendu zen. Helburu nagusiak espazio ireki, malgu eta moldagarriak sortzea izaki, eta funtzionaltasunaz gain, ekonomia presente izanda, elementu aurrefabrikatu, seriatu eta material sintetiko arinagoak erabiltzeko joera nagusitu zen: pabilioi industrialak eraiki ziren batik bat.

Halere, XXI. mende hasiera honetan, batez ere, eraikina ikono edo propaganda elementu gisara ulertuta, irudi estetiko erakargarri edo adierazgarriaren bila diseinatutako pabilioiak eraiki dira. Joera honen adierazle dira eraikin industrial izateaz aparte, museo funtzioak hartu dituzten upeltegi arabarrak.