Gipuzkoar musikari mutrikuarra.
"Pin Pan Pun" musika taldeko kidea da. Mutrikuko "Ame" estudioan konposatu, grabatu, ekoitzi eta moldatzen ditu bere kantuak. "ATD" hirukotean hasi zuen bere ibilbidea perkusio jotzaile gisa, eta, ondoren, techno munduan murgiltzea erabaki zuen, perkusioarekin uztartuz. 2003an atera zen kalera bere bakarkako lehen diskoa, CD Azular, techno eta perkusio nahasketa. 2004an bigarren albuma grabatu zuen, Anitza, Oihuka zigiluak banatua. Estilo ezberdineko zortzi kantu biltzen ditu CDak, baina betiere techno progresiboaren barruan. Techno musikan erabili ez diren instrumentu zaharrak erabiltzen ditu (txalaparta, didjeridoo), kantuei trantze eta etnia ukitua emanez.
Disk-jockey lanak egiten ditu Itziarko "Txitxarro" dantzalekuan, eta zuzeneko perkusioa ere jotzen du. Kolaboratzaile ugari izan ditu, besteak beste, Betsi eta Dioni Zeus, Garoa Arizmendi, Markel Arizmendi, Mikel Laboa eta Mutrikuko Haur Abesbatza, baita txalapartariak ere (2004).
