Emigrantea. Oiartzunen (Gipuzkoa) jaio zen 1890ean, eta Montevideon hil zen 1963an.
Cecilio Arín Mancicidor eta María Luisa Lecuona Almadozen semea. Lehen mailako ikasketak bukatuta, Irunen finkatu zen bere guraso eta anai-arrebekin. Urtzaile eta mekanikari lanbidea ikastearren, Beasaingo Construcciones Metalicas elkartean sartu zen.
Montevideora (Uruguai) iritsi zen Magellon baporean; hiri horretan hasi zen lanean Eulogio eta Eugenio anai-arrebekin, La Euskalduna galdategi eta tailer mekanikoan. Geroago, anaiak banandu zirenean, Eulogiorekin lan egin zuen El Modelo galdategian.
Oiartzungo Magdalena Narvarte Larramendirekin ezkonduta, bi seme-alaba izan zituzten, Eugenio eta Manuel. Zapucay eta Ponti Hermanos galdategietan ibili ondoren, Portuen Administrazio Nazionalean sartu zen, eta hango galdategian lan egin zuen 1938tik 1958ra.
Euskal Erria eta Euskaro Español euskal etxeetako bazkidea, azken horretako zuzendaritzako kidea izan zen.
