Marinelak

Archer, Miguel

Hidrografo, matematikaria eta y bilbotar itsasgizona. Bilbao, 1689 - 1752.

Archer-i buruz dauzkagun datu urriak Fernando VI erregearekin uztartzen digute, erregearen ontzidirako lan egin baitzuen. Berarekin hainbat gudatan parte hartu zuen. Antza denez, Archer-ek musulman piraten ehizan parte hartu zuen eta baita xehetasunak ezagutzen ez ditugun Amerikarako komisio-bidaia batzuetan ere. Geroztik, Bilboko Kontratazio-Etxeko artxibozain eta Bizkaiko Jaurerriko hidrografo ere izendatua izan zen.



Aldiz, hobeto ezagutzen dira 1742an gramatika eta matematika arloetako irakaskuntza zeregina beregain hartuz Bilboko Nautika Eskolan izan zituen irakaskuntza jarduerak. Ikastetxe honek -hastapenean "Museo Matematiko" edo "Escuela de Nautica y Matemáticas" izenduna- 1740an Bilboko Udalak, Hiribilduko Kontsuletxeak eta Bizkaiko Jaurerriko Aldundiak nautika-zientzia irakatsi eta itsaso-ikasketak errazte xedez sortutakoa izan zen. Bilbokoa Erresuma guztian lehenengo eratutakoa izan zen eta Plentzia, Lekeitio, Santurtzi, Algorta eta Donostia bezalako Amerikarekin zituzten komertziorako gaitutako portu eta itsas kontsulatuek sortu zituzten pilotutza-eskolentzako eredugarri izan zen.

Nautika-katedraren ardurapean Archer-en jokabideak Eskolaren finkatzea ekarri zuen eta horregatik Fernando VI erregeak 1749. urtean Fragata Kapitain mailaz saritu egin zuen. Bere heriotza ordua izan aurretik, bere zientzia-lanaren gailurra izango zen Lecciones Naúticas bukatu zuen, lau urte beranduago, 1756an, Bizkaiko Aldundiaren ekimenez argitaratua izanez. Lan hau Bilboko Eskolan bakarrik ez eze penintsulako beste ikastetxe batzuetan ere (izatez, XVIII. mendearen amaieran nautika eskoletan oraindik erabilia zen) testuliburu bezala zerabilten. Jorge Juan kosmografoak "nabigazioaren praktikari dagokionez Espainian inoiz idatzi izan den lanik hoberenetariko bat" bezala aipatu zuen.

Tankera didaktikoduna, idazlanak era koherente eta txukunean bihar-etziko pilotuei eskatuko zaizkien fisika-matematika arloak azaltzen ditu: geometria, trigonometria, astronomía, pilotutza, geografia, kartografia, kosmografia eta hidrografia (edo itsasoaren eta itsasertzaren geografia deskribatzailea). Gainera, harritzekoa da Galileoren heriotzatik mende bat beranduago idazlanak teoria ptolemaikoen alde ziharduela ikustea, zalantzarik gabe, XVIII. mendeko Espainian heliozentrikotasunarekiko debekuaren aztarna izanik.

  • Lecciones Náuticas explicadas en el Museo Matemático del M. N. y M. L. Señorío de Vizcaya, noble villa de Bilbao y su ilustre Casa de Contratación (Bilbao: Inprimatzailea Antonio de Egusquiza, 1756).
  • José Llombart, 'La enseñanza de las matemáticas en el País Vasco durante el siglo XVIII', Cuadernos Vascos de Historia de la Medicina, 1993, 2:69-78;
  • Itsaso Ibáñez, José Llombart, 'La formación de pilotos en la Escuela de Náutica de Bilbao, siglos XVIII y XIX', Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, Untzi Museoa (Donostia), 2000, 3:747-772;
  • José Llombart, Mariano Hormigón, 'Un libro de texto de la Escuela de Náutica de Bilbao en el siglo XVIII', R. Codina, R. Llobera (eds.), Història, Ciencia i Ensenyament (Barcelona, 1990), 439-451.