1913ko azaroaren 11n Donostian jaiotako sindikalista gipuzkoarra. 1985eko ekainaren 10ean hil zen.
Lehen mailako ikasketak egin zituen eta bere hiriko Gazte Sozialisten idazkaria izan zen 1931n II. Errepublika aldarrikatu ondoren. Gero, UGTko argiketarien sindikatuko idazkaria. 1934an erbesteratu egin behar izan zuen, greba iraultzailean parte hartzeagatik. 1936ko eraikuntzako greba batzordeko kide izan zen. 1936-1939ko gerra zibilean Errusia batailoiko kapitain eta komisario politikoa izan zen. 1937tik 1940ra egon zen preso. Gerra ostean, ezkutuan kolaboratu zuen "La Lucha de Clases"-en 1946-1948 bitartean, eta PSOEren Kongresuan parte hartu zuen, Toulousen, 1948an. Trantsizioan Gipuzkoako batzarkide hautetsia izan zen, PSOEren aldetik, 1979ko apirilaren 3ko Batzar Nagusietarako hauteskundeetan.