Kazetariak

Arbelbide Mendiburu, Xipri

Kazetaria eta euskaraz idatzi zuen idazlea, Héletten (Behe Nafarroa, Euskal Herri kontinentala) 1934ko abenduaren 17an jaioa.

Teologian lizentziatua 1961ean. Jada arinago, abadegai zela, Herria aldizkarian idazten hasia zen. 1964 eta 1975 bitartean misiolaria eta Costa de Marfileko seminario bateko irakaslea izan zen.

Geroztik Euskal Herriko hainbat parrokiatan abade bezala eta Gure Irratia irrati-etxean kazetari bezala ere lan egin du, aipatutako irratiaren sortzaileetako bat izanez. Irrati-etxe hori, euskaraz jardun izan zuen lehena, 1981ean sortu zen. Urte horretan, Arbelbidek hamar urte iraungo zituen Herriz herri astekaria ere sortu zuen. 1998an parrokia zereginei sakon heltzeko asmoz eguneroko kazetaritza egiteari utzi egin zion, iritzi artikuluak idazteari ekin jarraitu zion arren. 1991an Rikardo Arregi kazetaritza sarietako epaimahaiak, hainbat hamarkadatan zehar egindako lanagatik, ohorezko aipamena eman zion.

Bere lehen liburua Irri solas (1981eko Xalbador Saria) izan zen. Gerora honako hauek etorri ziren: Afrikako salbaien zuhurtzia (1982ko Irun Hiria Saria); Garazi (1984ko Xalbador Saria); Piarres Lafitte (1986); Gerlako trenza bizidunak (1986ko Xalbador Saria); Piarra Topet Etxahun (1986ko Iruña Kafea Saria); Piarra Topet Etxahun, bertso bilduma (Etxahunen bertso-bilduma, Elkar Argit., 1987); Lipua eta pika (1987); Terexa Desqueyroux (François Mauriac-en eleberriaren itzulpena, 1989); Iraultza Heletan (1991). Bestalde Websterrek bildutako euskal ohiko ipuinen argitalpena ere prestatu du (Klasikoak Bilduma, Gobierno Vasco-Asociación de Editores Vascos Argitalp., 1993). 2002an Mikel Zarate Sariaren saiakera arloko Saria eskuratzen du Jean Pierre Goytino eta Californiako Eskual Herria liburuarekin, horretarako Bilbao Bizkaia Kutxa-Euskaltzaindiaren laguntza izanez. Hurrengo urtean 1954tik 1962ra bitartean Argeliako gudan parte hartu zuten euskal hiritarren oroitzapenak biltzen dituen Euskaldunak Aljerian argitaratzen du. Bere lanaren azken idazlanetariko batzuk Janpierre Arbelbide (2005), Zoriona. 31 eta esku (2005), Barrabasen Ebanjelioa (2006), Xuri-gorriak (2007), Requiem (2008) eta Sorginak (lehen eta orain, Afrikan eta hemen) (2011) dira.