Ikastolak

Arantzazuko Ama ikastola. Astigarraga

1967. urtea jarri dezakegu ikastolaren sorreraren mugarri Martutene, Loiola, Astigarraga eta Ergobiako herri-gunea aipatzerakoan. Adierazi behar da, lehendik, txikien mailan, bailara honetan hiru eskola ireki zirela: Ergobian (1967an sortua), Martutenen (1968an), Loiolan (1970ean).

1969an piztu zen Martutenen ikastola bat sortzeko ideia eta gogoa. Guraso talde bat bildu zen, Agustin Miner eta Jose Angel Olano laguntzaileak zirelarik, gazteen zentroan. Komisio bat ere sortu zen eta bertako partaide hauek izan ziren: Joxe Astarbe, Juanito lrizar, Angel Irizar, Kattalin Garmendia, Jose Otamendi, Maite Ansa, Pepi Mendiburu, Martxeli Beramendi, Xanti Arnaiz, Karlos Garmendia eta Patxi Labaka.

Martuteneko Eliz sakristia izan zen lehen gela eta Miren Josune Tolaretxipi, egindako eskaintza onartuz, lehen andereño bihurtu zen. Lehenengo Junta, 1969ko urrian 24an egin zen. Loiolan ere, laster izan zuten gertatzen zenaren berri eta, Maite Zugadi andereñoa zutela, beren ikastola martxan jartzea lortu zuten. Astigarraga eta Ergobitarren pausoak ere antzekoak izan baziren ere, beren berezitasuna badute. Urte haietan, Ergobiako auzora Maria Lejarraga bere Errepublikako tituluarekin ari zen klaseak ematen, hango umeak hazteko asmotan. Ordurako Arantzazuko Ama Kolegioa ere legeztatua eta martxan zuen, eskola unitario modura funtzionatzen zuelarik.

1972an, Astigarraga, Ergobia, Loiola eta Martuteneko gurasoek, "Arantzazuko Ama Ikastola" sortu zuten uztailaren 12an. Denen artean eta ikastola osorako, Arantzazuko Ama Ikastolako lehendakari, Jose Otamendi aukeratu zen. Arantzazuko Amari hasiera eman zitzaion honela, 145 haurrekin.

Berehala arazo batekin topatu ziren: Oinarrizko Hezkuntza Orokorra arautzen zuen lege berria. Horrela, hau izan zen hartutako erabakia: eskolaurre mailak Ergobian, Martutene eta Loiolan, lehen bezala jarraitzea, lehenengo bost mailetarako ikastola berri bat sortzea eta azken hiru mailetarako, Donostiako beste 4 ikastolekin batera Lizeo berri bat sortzea, Jose Miguel Barandiaran Lizeoa.

1973. urtean ikastolaren etorkizuna nolabait ziurtatu zuen gertaera garrantzitsu bat izan zen; Victor Amundarain martutenearrak, Villa Pilar musu-truk eman baitzion Ikastolari, bertan, Oinarrizko Hezkuntza Orokorra (OHO) koka zedin. 1973tik 1993ra, hogei ikasturtez, Villa Pilarren kokatu ziren Arantzazuko Ama Ikastolako oinarriak baina, ikasle guztientzako lekurik ezean, han eta hemen sakabanaturik beste zenbait egoitza ere erabili behar izan ziren: Agustinoen Etxea, Txomin San Sebastian Astigarragako eskola, Martuteneko Pedro Jose Irastorzaren egoitza e.a.

Ikastolak Ikasleriaren gorakada nabarmena jaso zuen 80. hamarkadan eta OHOko goi zikloa emateari ekin zion, (6.,7. eta 8. mailak), horrela OHO osorik ematen hasi zen. Ikastetxe hau eta beste batzuen osagarri izateko Jose Miguel Barandiaran Lizeoa, berriz, BBB eta UBI ikasketak emateko egokitu zen.

1992-93an honela zegoen banaturik ikastola: 2 urtekoak: Martuteneko Colonia del Pilarren Udaletxeko baxu batzuk eta bere garaian bertako Eskola Publikoa izan zenekoa; 3 eta 4 urtekoak: Astigarragako Txomin San Sebastian-eko egoitzetan; 5 urte eta 1.maila: Martuteneko hexagonoan; 2. maila: Villa Pilare-eko pilotaleku gaineko geletan; 3.,4.,5.,6. ,7.,eta 8. mailak Irastorzako egoitzan.

1993ko maiatzean, sare pribatuan jarraitzeko edota sare publikoan sartzeko aukera izan zuten; beraz, Ikastolako guraso eta langileak Batzar Orokorrean bilduz, sare publikoan sartzea erabaki zuten. 1994. martxoak 1etik aurrera ikastolaren titularitatea Administraritzaren (Eusko Jaurlaritzaren) esku gelditu zen, juridikoki ikastola publiko bihurtuz.

Egun ikastolak bi egoitza ditu, bata Astigarragan eta bestea Martutenen. Astigarragan, bertako 2 urtetik 12ra bitarteko ikasleak daude, Haur eta Lehen Hezkuntzakoak. Martutenen, berriz, Martutene eta Loiolako Haur eta Lehen Hezkuntzaz gain Arantzazuko Ama Bigarren Hezkuntzako Institutua ere kokatzen da, bertan, bai Martutene-Loiola eta bai Astigarragako ikasleak elkarrekin eskolatzen direlarik.

  • Arantzazuko Ama Ikastola. Arantzazuko Ama Ikastola. Urteurrena 1968/1994 Loiola-Martutene-Astigarraga-Ergobia. Donostia: Ikastolen Elkartea, 1994.
  • Arantzazuko Ama Ikastola. [Kontsulta data: 2014ko urtarrilak 7a].