Pintoreak

Aranoa de Carredano, Juan

Gure pinturako pertsonaia nagusietako bat izan zen. Juan de Aranoa Bilbon jaio zen 1901eko otsailaren 27an. Argentinan hil zen (Olivos hirian) 1973an.

23 urte zituela Bizkaiko Foru Aldundiak ematen zuen beka bat eskuratu zuen. Parisen sakondu zituen bere ikasketak, garaiko hainbat artista euskaldunek egin zuten bezalaxe. 1927an Algorta eta Zaldibarko kaperetako muralak egin zituen, modu horretan, muralgile bikain modura ezagutarazi zuen bere burua. Bilbon 1911n sortutako Artista Euskaldunen Elkartean erakutsi zuen bere lana eta arrakasta handia izan zuen kritika eta publiko aldetik.

1927-1930 bitartean hainbat erakusketa antolatu zituen aipatu entitatearen eskutik. Horri esker, merezitako ospea ukan zuen, gerra aurreko artista nabarmenetakoa bihurtu zelarik.

1934an Bilboko Luciano jatetxe ospetsua apaindu zuen Urrutia eta Martinez Ortizekin batera. 1937an erbestera jo behar izan zuen; 36 urte zituen eta bikain menderatzen zituen hala astoko pintura nola fresko-pintura. Argentinako Errepublikara jo zuen; han hainbat margolan erakutsi zituen (tartean Calvario ezaguna) eta arrakasta handia izan zuen. Horren ondorioz, Amerikako hainbat herrialdetan izan zen. 1945ean Denak Bat elkarteak Mar de Plata Kasinoan antolatu zuen euskal pinturaren erakusketan ezagutarazi zituen bere lanak. 1949an Bilbora itzuli zen, erbestean hamabi urte pasa ostean. Itzulera hartan erakusketa ugari antolatu zituen bere sorlekuan. Halaber, 1952an Donostian Pintores Vascos en la Gran Semana Vasca izeneko erakusketan parte hartu zuen. Erakusketa hartan pintore eta eskultore euskaldun garrantzitsuek hartu zuten parte, horien artean, Ignacio Zuloaga, Ramon de Zubiaurre, Ignacio Echandi, Jesus Olasagasti, Ricardo Baroja eta Valentin de Zubiaurre aipa daitezke.

1958an, 57 urte zituela, Bizkaiko Foru Aldundi Txit Gorenaren jauregiko muralak egin zituen. Argentinara bidaiatu zuen berriro eta denbora gutxira berriz itzuli zen.

Aranoak maisuki menderatzen zituen tonu grisak; bere irudiak sinpleak eta indartsuak dira, pasta asko eta trazu segurukoak. Bere margolanek malenkonia kutsu bat dute, batez ere, marinel eta arrantzaleen irudietan ikusten da hori, haien lur lanbrotsu eta portu giroan ongi sustraituak agertzen direlarik.

LDM

1962an, hemiplegia batek gorputzaren ezkerreko aldea geldiarazi zion eta urtebetera Bermeora itzuli zen. Handik Bilbora jo zuen eta, beranduago, Areetara. 1963. urtearen bueltan Zubizarretaren Panteoiko muralak egin zituen Areetako Mesedeetako Andre Mariaren elizan. Halaber, Diana cazadora izeneko lana egin zuen Loiuko Landachueta Elkartean. Muralgile gisa Algortako Hirukoiztarretan Aita Felixen kupulako murala eginez amaitu zuen bere ibilbidea, hala, hasi zen eliza berean eman zion amaiera ibilbide horri. Garai hartako lanek sentimendu gehiago erakusten dute: arrantzale eta andre mariak, amak gorputz-jarrera ezberdinetan. Halaber, erlijio-eszenaren bat ere marraztu zuen eta ondoren errepikatu, esate baterako, Ama Birjinari egindako Aingeruaren Adierazpena edo Azken Afariaren gaia.

Azken garaia sintetikoagoa da eta espresio eta eutsitako emozio handia erakusten duten piezak ikus daitezke. Lan bikainak egin zituen, orduan, inork eskatu gabe, artista preziatua izan arren. Orobat, errepertorio berri bat sortu zen bekatu nagusiak iradokitzen dituzten maskaratu alegorikoen bidez. Are, erreferentzia politiko zuzenak ere agertzen dira. Gernika bat pintatu zuen. Pintatzen ari zen gurutze-bide berrian zenturioi eta zaindari erromatarrak islatu beharrean, egungo soldaduak marraztu zituen. Oraindik lengoaia alegoriko eta ilun samarra antzematen da. Dena den, zuzenagoa da eta egileari eta bere ideiei buruz gauza gehiago ikusten dira aurreko margolan askotan baino. Obra askotan lerro sendoen ondorioz marrazkiaren leuntasuna galdu egiten da.

Mundakan lan egin zuen eta etengabe bidaiatzen zuen Olivosetik Algortara. Garai hartan bi erakusketa egin zituen Bilbon, biak Arte Aretoan hil urrenean. Lehenengoa 1970ean eta bigarrena 1972an. Xabier Saenz de Gorbeak dioenez:

"Oraindik gogoan dut bi erakusketek sortu zuten interesa. Ordura arte ez nuen halakorik ikusi. Jendea kanpoan, artean itxita zegoen lokalaren aurrean, bultzaka ari zen Aranoa maisuaren pintura berriak ikusten lehenak izateko (hori pentsatu nahi dut), eta ez haren obrarekin espekulatzeko. Borondate eta adorea dira, agian, haren ondare behinenak. Gauza ororen gainetik izan zen eta gerra, erbestea, gaixotasun fisikoak eta ahultzeak ez ziren aski izan gizon oso hau amiltzeko, mende honetako Euskal Herriko historiaren segidan kate-maila sendoa dena"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Juan de Aranoaren omenezko katalogoan paratzen diren testuetatik ateratako lerroak dira horiek, 1983ko abendua eta 1984ko urtarrila bitartean Bilboko Bankuak, 1973an Olivoseko hirian (Argentina) Juan de Aranoa hil ostean, antolatutako erakusketarako osatu zena.

Katalogo horretan, pintoreak esandako hitz hauek irakur daitezke:

"Zuen aurrean geratzen da nire obra berria. Ez dakit zergatik pintatzen ditudan maizen mina edo harekin lotutako motiboak, edo maskaratuen eszenez osatutako elementu sinbolikoak. Agian hori da hunkitzen nauena: ekialdeko muturretik mendebalde urrunera pilatutako mina; egunero haientzat eta ingurukoentzat zer jana izateko itsasoan zein lurrean lan egiten duen jendea. Haiek, beren kezka, gaixotasun, kartzela, aiene eta gorputz eta arima lehiatzen dituzten gerrak" (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Autobiografiaren amaieran, Juan de Aranoa berak bere "obra kuttunak" nabarmendu zituen: Algortako Aita Hirukoiztarren elizako murala, Amurrioko parrokia-elizan dagoen gurutze-bideko zenbait margolan (Burundiko Errepublikako zigilutan erreproduzitua); 1951ean Bilbon erakutsi zuen urre gaineko gurutze-bidea. Eta erretratuei dagokienez, hauenak: Mauro Ortiz de Urbina, Crisanto Lasterra, Manuel Smith, Secundino Zuazo, Pilar Aresti, Begoña de la Sota eta Lourdes Duñabeitia.

SRP