Olerkariak

Arano Aramendi, Jon Mikel (2002ko bertsioa)

Euskarazko idazlea, Itsasondon (Gipuzkoa) 1961ean jaioa.

Lehen mailako ikasketak egin zituen eta ondoren autodidakta izan da. 18 urte zituenean, eta aita hil zen garaian, poema batzuk argitaratu zizkion Zeruko Argia aldizkariak. 1985ean argitaratu zuen Susa argitaletxeak bere lehen liburua, Bileterik gabe poema-liburua. Hurrengo urteetan Argia eta Susa aldizkarietarako egin zuen lan. Gero, bere jaioterriko kultur dinamizatzailea izan zen, eta 1989an Goierritarra informazio orokorreko eskualdeko aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, baita zuzendaria ere, 1995 arte. Ordurako bigarren poema liburu bat argitaratuta zeukan, Malezia sorta, eta Eustakio Mendizabal ETAko kidearen poemen edizioa koordinatu zuen. Bi liburu horiek Susa etxeak ere argitaratu zituen. 1995ean Paperzaleak elkartea sortu zuen eta kutsu satiriko eta heterodoxoko Ostiela! kultur aldizkaria sortu zuen.