Konposatzaileak

Aramburu Martínez San Vicente, Pío Luis

Gasteizen 1905eko urtarrilaren 8an jaiotako konpositore arabarra. 1999an hil zen.

Bere aitaren esanetara ikasi zuen, hots, Juan Santiago Aranburu piano jolea.

Gaztetandik konpositore bezala nabarmentzen da hainbat sari erdietsiz erlijio ereserkiak konposatzeagatik, esaterako, Bartzelonako Nazioarteko Kongresu Eukaristikoa, Lucenako Ama Birjiñaren Koronazioa (Kordoba), Estutasuneko Ama Birjiña (Granada) eta Errosarioko Ama Birjiña (Kadiz) -horiek denak Pemanen letrarekin-, Ama Zuriari ereserkia (Gasteiz), eta abar. 1934 eta 1936 bitartean Eusko Abesbatzaren zuzendari izan zen; 1937 eta 1938 bitartean, Vesa Abesbatzetako zuzendaria.

Gasteizko Udal Aurrezki Kutxak ehun urte betetzen zituela eta, 1950ean estreinatu ziren Estampas Vitorianas direlakoak konposatu zituen. Bere musika lanetan haurrentzako bi opereta azpimarratu behar dira: El rey Colorín eta Carmelin, azken hori Gasteizen 1946an estreinatu zelarik eta Donostiako Kursaal jauregian ospe handiz eskainia. Bestalde, mezak ere konposatu zituen, hainbat Ama Birjiña eta santuei eskainiz, esaterako, Ama Zuria, San Prudentzio, Estibalitzeko Ama Birjiña, Vedrunako Ama Birjiña, Jaunaren Herria, bere gurasoen oroimenez egindakoa eta erlijio kutsuko bestelako lanak. Euskal musika konposatzerakoan honako hauek azpimarra ditzakegu: Zeruko Deia, Gasteizko "Jesus Guridi" II. Saria (1964), urte berean estreinatu zelarik Gasteizko I. Musika Astean; Fiesta de calle; Dantzari de dantxarines (Cuadros Vascos); "Eup" San Juan, Belen'en jaio da (korua eta txisturako gabon kanta); Fandango zarra (txisturako); Txiki (biribilketa); Virgen Blanca (biribilketa); Betoño; Judizmendi (fandangoak); Palomas y tordos; Canción marinera; Minué antiguo, eta abar. Gainera Fantasia bat ere konposatu zuen orkestra eta biolontxelorako, eta Concierto barroco delakoa txisturako.

1970ean Torreviejan (Alacant) habaneretako estatuko lehen saria eskuratu zuen Aurora izeneko habanerari esker. 1945etik 1953ra Gasteizko Orfeoiaren zuzendaria izan zen. 1974 eta 1979 bitartean Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan -bertako zuzendari ere izan zelarik- pianoko katedra bete zuen. Gainera, Elizbarrutiko Kontzilio-Seminarioko katedra bete zuen. 50 urte baino gehiago eman zituen San Migel Goiangeruaren parrokiako organista bezala. 1928az geroztik ""Txistulari" aldizkariarekin elkarlanean aritzen da. 1980an "Urrezko Zeledoia" ematen diote eta 1986an Gasteizko Urrezko Domina. 1992an Euskal Herriko Txistularien elkartearen Urrezko domina jasotzen du eta 1993an Sabino Arana saria.

Bere jaiotzaren urteurrena ospatu nahian, 2005eko maiatzean Errenteriako Musikaste jaialdiaren XXXIII. ekitaldian omenaldi beroa jaso zuen.

  • SALABERRI, Sabin et al.: La Música en Álava. Caja Vital Kutxa Fundazioa, Gasteiz, 1997.
  • CASARES RODICIO, Emilio (zuz.): Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. Sociedad General de Autores y Editores, Madril, 2000.