Atletismoa

ARAMBURU EPELDE, Iratxe

1976ko urtarrilaren 30ean Zarautzen jaiotako atleta gipuzkoarra. Atletico San Sebastianen hasi zen, eta Ortuellako klub bizkaitarrean egonaldia egin ondoren, 1993an itzuli zen lehen taldera; 2003ko urrian, 53:49ko denborarekin, Donostiako 15 kilometroko oinezko klasikoan nagusitu zen.

Zarauzko kros herrikoi mistoaren XXV. edizioa irabazi zuen emakumezkoen kategorian. 2003ko azaroan bigarren urtez jarraian eta 1h13:42ko marka pertsonal handiarekin, Behobia-Donostia lasterketa irabazi zuen. Hala, ia bi minutu jaitsi zuen 2002an lortutako denbora. Halaber, 2003ko azaroan burutu zen Irun Hiria XXXV. krosean, emakumezkoen kategorian txapeldun izendatu zen.

2004ko ekainean, Antoniano Kirol Elkarteak antolatutako eta Zarautzen jokatutako III. San Antonio Lasterketa irabazi zuen emakumezkoetan, aurreko urteko lehen postua berretsiz.

2005eko maiatzean Donostiako V. Maratoi Erdia irabazi zuen emakumeen artean, 1h16:59ko denborarekin, bere marka pertsonalik onena izan zelarik. Urrian irabazi zuen, 55:37ko denborarekin, Donostiako IX. oinezko klasikoko emakumezkoen kategorian. Markak: 4.31.80 (2000), 9.42.05 (2004), 16.19.71 (2004) eta 34.36.2 (2000) 1500, 3000, 5000 eta 10000 metrotan.