Gipuzkoako militarra. Tolosan jaioa, herri berean hil zen 1758 inguruan.
Felipe V.aren erregealdian brigadier izendatu zuten 1732an, eta Ceutako gobernadore, une hartan Riperda baroiak setiatuta zeukana. Aramburuk armada setiatzailea garaitu zuen urte horretako urriaren 17an, eta, ondorioz, landa-mariskal bihurtu zen. Balear Uharteetako kapitain jeneral eta Orango komandante bezala ikusten da berehala, errege armadetako teniente jeneral izatera pasatzeko. Baina Europako ondorengotza-gerra ospetsuan (1743-1745) izan zuen jardun ikusgarria. 1743an zutabe frantses-hispaniar bat bidali zuen, Saludces-erantz abiatu zena, Viso mendiaren ingurutik pasatuz. Lehen helburua Piemonteko Chanal herria zen. Bere hamabi batailoiak irailaren 24an atera ziren Briançonetik. Behin Villevieille hartuta, Felipe infantearen gudaroste nagusiarekin elkartu zen. Alpeak zeharkatu nahi zituzten, baina ez zuten lortu. Norbaitek bota zien errua Mina jeneralaren zalantzei. Hori ikusita, Nizarako norabidea aldatu zen. 1744ko hasieran, Delfinado, Saboya eta Viso mendietatik eta Alpeetako beste mendi-adar batzuetatik sartzen ziren. Lehen ekintza garrantzitsua Conirena izan zen. Aranburuk eskuineko hegala gidatzen zuen. Apirilaren 20an, goizaldeko hiruretan, eman zuten eraso orokorrerako agindua -Europako kronikek Aramburu Mr. d'Arembourg deitzen diote, ia alemaniar bihurtuz, eta Rambururaino ere bai-. Mirepoix jenerala zihoan berarekin.
Bigarren zutabea Campo Santo eta Bissy jeneralek agintzen zuten. Villefranche lepotik zihoazen l'Anima eta Lampearen bateriei eraso zieten. La Sure jeneralaren tropa etsaiak garaituak eta preso hartuak izan ziren. Gero Gros mendia konkistatu zuten, gotorlekuen barruan sartuz. Erasoak zortzi ordu iraun zuen. Villefranche de Saboiako garaipen honen ondorioz, non Aramburuk parte garrantzitsua hartu zuen, Felipe infantea egun batzuk beranduago Nizan sartu zen 60.000 gizonen buru. Arma-egintza horren ordainetan, Felipe V.ak Villafuertesko konde titulua sortu zuen jeneral tolosarrarentzat 1744ko uztailaren 13an. Liskarrek jarraitu egin zuten. Pignatelli jeneralarekin batera, Austriako gudaroste talde bat baztertu zuen Po ibaiaren ezkerreko ertzean. Rivaroneren aurkako erasoan nabarmendu zen, eta Pertusatti jeneralari aurre eginez, Lodiraino joan eta Addako zubia hautsi zuen 1745eko abenduaren 11n. Horri esker sartu zen infantea Milanen urte hartako abenduaren 20an.
Hurrengo urteko martxoan, Sardiniako erregearen kontraeraso garaileak Milan, Parma, Plasentzia, Trebbia eta beste hiri batzuk uztera behartzen zituen. Trebbian, frantziarren eta hispaniarren arteko porrota erabatekoa izan zen, eta etsaiaren esku utzi zituzten 2.000 preso, bandera, kanoi eta abar. Felipe V.a Espainiako erregea uztailaren 9an hil zen, eta haren oinordekoak, Fernando VI.ak, Italia iparraldetik alde egiteko agindua eman zuen. Aramburu Tolosara itzuli zen. Bere heriotzaren ondoren, 1758an ziurrenik, Villafuertesko konde titulua bere anaia Miguel de Aramburu Atorrasagastiri pasa zitzaion.
Erref. Labayen, A. Maria: Aramburu jenerala . "Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País", 1956, 4., 423-431.
