Dantza

Arabako Dantzak

Ugariak eta mota askotakoak dira prozesioetan (herritar- eta erlijio-segizioak, segizio mistoak...) egin ohi diren koreografia partikularrak. Herri- edo eliza-agintariei nahiz une horretako erlijio-irudiari laguntzeko izaten dira. Beste batzuetan, dantzek beste eginkizun bat dute: erlijio-irudiei edo pertsona ospetsuei laguntzen diete, beren ohiko egoitzatik prozesioa edo ospakizuna hasiko den tokiraino.

Normalean, dantza horien egitura koreografikoa oso sinplea da: dantzariek bi lerro eratzen dituzte, eta prozesioaren eran joaten dira dantzan, edo, are, joan-etorrian ibiltzen. Pertsonaia berezi bat edo bi izaten dituzte buru: jadanik aipatu dugun "Katximorroa", eta dantza-maisua edo "bastoi-gizona". Dantza berezi eta Erdi Aroko kutsu handikoak dira. Batzuetan, beste dantza multzo edo ziklo batzuekin lotuta edo haietan integratuta ageri dira. Beste dantza horiek (makil-dantza, arku-dantza eta zinta-dantza), ordea, ez dute ibiltze-itxura hori.

Azken finean, laguntze-dantzak dira (batzuetan dantzariek kriskitinak erabiltzen dituzte). Kalejira moduan egiten dira, tokiko herritar ospetsuei, eliza-agintariei edo erkidegoan esanahi handia duten sinboloei laguntzeko, beti.

Ekorako Berzijanako Ama Birjinaren dantza edo kate-dantza dugu adibide ona. Ama Birjinaren irudiaren prozesio edo laguntzea egiteko egiten da. Zortzi dantzari aritzen dira, bi lerro paralelotan, katximorro bat edo bastoi-gizon bat buru dutela. Urtero, maiatzaren 12an, Ama Birjina bere jatorrizko ermitatik parrokia-elizara joaten da, eta hortxe egoten, uztaren azkena arte (iraila arte). Gero, bere ohiko lekura itzultzen da, prozesioan.

Dultzainaren musikaz dantzatzen dira dantzariak. Berzijanako Amari agurra edo kilimusia egin ondoren, jiratu, sigi-saga joan edo elkarri lotu lerroka, eta, binaka, aurrera joaten dira kriskitinen erritmoan, eta agurra errepikatzen dute.

Maiz errepikatzen da dantza hori prozesioko bidean eta, bereziki, Ama Birjinaren irudia bere egoitzetako batean uzten dutenean. Antzina, herriko agintariak etxetik banan-banan jasotzeko ere erabiltzen zen, dirudienez.

Antzeko formatua ageri du, Eltziegon, "Correcalles" dantzak. Plazako Andre Mariari bere prozesio-ibilaldian laguntzen dioten dantzariek dantzatzen dute. Irailaren 8an izaten da hori, urtero. Hor, dantzariak (egun, zortzi neska gazte) joan-etorrian aritzen dira dantzan ibilbide osoan eta, plazara heltzen direnean, "V" moduko bat eratzen dute (hortik dator goitizena), beti ere "bastoi-gizonaren" gidaritzaren eta begirada zorrotzaren pean. Gero, beren ohiko dantza-zikloa interpretatzen dute.

San Joango eta Biasteriko kalejirak ("Erramu-dantza" ere deituak), Biasteriko dantzariek dantzatzen dituzte. Hor, zortzi mutil eta zortzi neska dantzatzen dira, lerro paralelotan jarrita, aurretik katximorroa doala bidea irekitzen. Alkateari laguntzen diote lehenik, eta sindikoari, gero, udaletxeraino. Hara heldutakoan, loreak oparitzen dizkiete udalbatzako kide guztiei, eta, gainera, lagun egiten diete San Joan Bataiatzailearen bezperako eta eguneko (ekainaren 24an) prozesio-ekitaldietan. Beren ibilietan, banderatxo moduko bana astintzen dute alde batera eta bestera, bi koloretakoa (gorria eta zuria, mutilena, eta arrosa eta zuria, neskena), bi zangoen gainean jauzika doazela.

Urtarrilaren 22an, "Zaindarien (San Bizente eta San Anastasio) dantza" egiten da. Hor, 8tik 12ra dantzari izaten dira, bastoi-gizona edo katximorroa gidari dela. Aurreratuz eta atzeratuz dantzatzen dira, kriskitinen soinuarekin batera, Oiongo zaindarien jaietako prozesioan, non udalbatzari, herriko banderari eta katxiari laguntzen baitiete.

Pipaón dantza-zikloa "kriskitinen dantzarekin" hasten da. Gurutze Santuaren Gorespenenaren jaiko prozesio-ibilaldietan erabiltzen zen (irailaren 14an), eta, egun, baita San Rokeren jaian ere (abuztuaren 16an). Dantza horretan, katximorroa eta zortzi dantzari dantzatzen dira, eta kriskitinak erabiltzen dituzte.

Urionan, antza denez, oraindik badute prozesio erako dantza batzuen edo haien zati batzuen oroitzapena: "Pasadilla", "Saludo del Santo", "La vuelta" eta "Pasacalles". Eta gauza bitxi bat: antzeko izenak aurki daitezke Nafarroako eta Aragoiko "dances"-etan.

Zortzi dantzari eta bi katximorro ziren Bastidako "San Rokeren dantzaren" protagonistak, eta beren prozesio-dantzaz apaintzen zuten zaindariaren jaiko erlijio-segizioa. Santuaren irudia babesten zuten beren joan-etorriekin. Herri berean, baina Eguberrietan, Pastorala osatzen duten artzainek (katximorroaren edo artzain nagusiaren kriskitinen, eta artzain multzoaren makilen nahiz kantuen erritmoan) beren koreografiak erakusten dituzte udaletxearen aurrean, eta udalbatzari laguntzen diote prozesioan elizaraino, eta, gero, baita itzulerako bidean ere. Honako hauek bezalako estrofak eskaintzen dizkiote udalbatzari:

Pastores venid, pastores llegad,
¡que viva el Alcalde y su autoridad!
¡que siga, que siga, con él vámonos
a Belén pastores y a ver al Señor!.

Izaera ez hain protokolozkoa eta aldiz sekularragoa dute agintariei harrera egiteko dantzek. Hirutasun guztiz Santuaren egunean dantzatzen da Koartangon, eta Gesaltzan, Santa Agedaren egunean. Dantza bakunak dira biak: dantzariak elkarri eskutik helduta joaten dira, edo zapiz lotuta, bikoteka, eta, era horretan, hainbat mugimendu egiten dituzte. Lehenengoan, gainerakoen azpitik pasatzen dira, agintariei laguntzen dieten bitartean, eta, bigarrenean, kalejira egiten dute, non mutilek emari bat eskatzen baitute afari bat antolatzeko, siziliar santa ospetsuaren egunaren bezperan eta jaian. Honela abesten dute:

Señores todos tomamos
huevos, chorizos y pan
y alguna peseta vieja
y algún cuarto si nos dan.