Instrumentugilea

Ansola Zelaia, Julian

Txistularia, musikagilea eta zuzendaria, Silvestre Ansolaren biloba eta Laureanoren semea, Jose, Felix, Luis eta Blasekin batera, denak txistulariak. Elgoibarren jaio zen 1922an eta Markina-Xemeinen hil zen 2003ko uztailaren 10ean.

Anaiek bezala, aitona eta aitarekin ikasi zuen txistua, atabala eta pianoa jotzen. 1936an familia Markinara joan zen bizitzera eta bertan ezarri zuen bizilekua. Familia osoaren artean bi txistulari banda osatu zituzten, Urteaga, Olaizola, Bastida, Ansorena eta abarren obrak jotzen zituztenak. eta hainbat sari irabazi zituzten Bilbo (1944), Basauri (1958), Durango (1959) edo Donostiako (1960) lehiaketetan, besteak beste. Julian, gainera, Xemeingo Andra Mari Parrokiako, PP Karmeldarren Komentuko eta Mesedeetako Komentuko organista izan zen; Xemein Abesbatzako zuzendari ere izan zen 1985-1990 bitartean eta 1990 eta 2002 bitartean, eta talde horretako presidente ere bai.

Musika arloan, musika korala da nagusi: Meza laburra, Bigarren Goazen Markinara ereserkia (1983), Aintza laburra, Santa Ageda lagun artuz, etab. Ahots eta pianorako eta pianorako obrak ere konposatu zituen.

  • IGARTUA, J: Merezitako omenaldia Ansola anaiei. Txistulari, 111, Uztaila-Iraila, pp. 9-12, 1982.
  • ERESBIL: Euskal musikaren partiturak: katalogoa. Linean: <a href="Eresbil'>Eresbil.
  • ERESBIL: Dokumentu-saila, D1/ANS-04. [Ansorena, J. L. ]. Agur Julian Ansola Celayari ere.