Abeslariak

Anduaga, Joxe Mari

Kantautore gipuzkoarra, oñatiarra. 12 urterekin hasi zen gitarra jotzen, eta ordutik beti egon da hainbat musika proiekturi lotuta. Musika Eskolako sortzaileetako bat izan zen, 15 urte eman zituen Oñati Abesbatzan, hiru Madina Laukotean eta beste zazpi "Alai" talde bermeotarrean. Autodidakta da, baina gitarrako maisu handien ikastaroak jaso ditu: Joxe Azpiazu, Rogelio Batariz, Eduardo Baranzano eta Roberto Llanesenak, besteak beste. Laboa, Lertxundi, Valverde, Knorr eta Urko bezalako jendearekiko ahultasuna sentitzen du.

Oso bizi izan zuen 70eko hamarkadako euskal musika mugimendua, eta intimismo hori islatzen da haren konposizioetan, erritmo berriagoetatik ere edaten baitute, batez ere errepiketan. Anduagak garrantzi handia ematen die letrei: gai erromantikoak jorratzen dituzte, baina baita kritika sozial garratzak eta haurtzaroko oroitzapenak ere. 2003ko apirilean Bizitza bera lehen diskoa aurkeztu zuen, eta Juan Martin Elexpuru eta Ixabel Ramosekin kolaboratu zuen kantu batzuetan.