Fisikariak

Anduaga Egaña, Aitor

Zientzia eta teknologiaren historiako ikertzailea. Oñatin (Gipuzkoa) jaio zen 1968an.

1995az geroztik Euskal Herriko Unibertsitatean zientzia eta teknologiaren historiako ikertzailea izan da, eta 2009ko abenduaz geroztik Ikerbasqueko ikertzaile da Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoan (Leioako Campusa, EHU). Horrez gain ikertzaile lanetan aritu da Eusko Ikaskuntzan, Madrilgo García Siñeríz Fundazioan eta Madrilgo Meteorologiako Estatuko Agentzian.

Fisikan lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean (1991) eta Filosofian Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (1996); EHUko Zientzia Fisikoetako doktore da eta Master Deustuko Unibertsitateko Artxibo, Biblioteka eta Museo arloan (1999). Akademiko bisitaria izan da hauetan: Oxfordeko Unibertsitatea, Berlineko Max Planck Institute for the History of Science, Washingtoneko Smithsonian Institution, Sidneyko Unibertsitateko Unit for the History and Philosophy of Science (Australia), Quebeceko Unibertsitateko Centre Interuniversitaire sur la Science et la Technologie (CIRST) Montrealen (Kanada), Torontoko Unibertsitateko Institute for the History and Philosophy of Science and Technology (Kanada) eta Kaliforniako Caltech Unibertsitatea.

Lan asko argitaratu ditu fisika, geofisika eta teknologiaren historia sozialari buruz. Bereziki teoria fisikoen garapenean eragin sozial eta ekonomikoak izan ditu ikergai. Bere lan nagusia: Wireless and Empire. Geopolitics, Radio Industry and Ionosphere in the British Empire (Oxford University Press, 2009).

Euskaldunei lotuta, honakoak argitaratu ditu: Scientia in Vasconia. Ochenta biografías de cientificos e ingenieros vascos (Ttartalo, 2008) eta La cadena vasca. Educación, poder social, tecnología y rendimiento industrial, 1776-1900 (prentsan), egungo euskal gizartea ulertzeko metafora original eta argigarria.