Arkitektura

Andre Mariaren Jasokundearen eliza. Markina-Xemein

Markinako hiribildua 1355ean fundatu zuten, eta parrokia Xemeingo elizatearekin konpartitzen du hasieratik. Arrazoi hori dela medio, hiribildutik kanpo dago. Dirudienez Xemeingaineko monasterioa leku horretan zegoen, eta dokumentazio historikoan X. eta XI. mendeko erreferentziak daude. Hala ere, garai haietako arrastorik ez dago, eta gaur egun ikusi daitekeen eliza monumentala XVI. mendekoa da.

Tenplu hau Hallenkirche edo areto-oinplanoko tipologiaren eredurik garbienetarikoa da, eta bere egoerari so eginez, oso ondo mantentzen da. Normalean elizen eraikuntza denboran luzatzen zen, garestia baitzen herri batentzat harrizko eliza altxatzea. Hala eta guztiz ere, Markina-Xemeingo eliza denbora txikian eraiki zen eta horregatik du estilo bateratasun deigarria. Horrek balio handia ematen dio, garai bateko sistema estetikoa ongi irudikatzen baitu, geroko aldaketek ez diotelako bateratasunik kentzen. Horrez gain hallenkirche tipologia bikain irudikatzen du, horren eredu garbi bat delako, eta tipologia honek dituen ezaugarriak bete-betean agertzen dituelako.

Tamaina handiko tenplua da. Oinplano laukizuzena da eta 38 metro ditu luzeran, eta 28 metro zabalean. Hiru habearte ditu, erdikoa zabalagoa, eta lau zati daude horietako bakoitzean. Areto-oinplanoko tipologiari dagokionez, hiru habearteek altuera bera dute. Burualdean ere laukizuzena da eta estu xamarra, ez da oinplanutik apenas nabarmentzen. Horma sendoak ditu eta funtzio sostengatzailea dute gainera; horregatik ditu leiho gutxi eta kanpotik kontrahorma irmo eta luzeak, ohikoak baino handiagoak, eta pinakulu sendo batzuekin. Leiho eskasak dira eliza honen beste ezaugarrietako bat. Txikiak dira orokorrean eta altuera handian daude kokatuta. Horrela argi gutxi sartzen da.

Estalki guztiak tertzeletezko gurutze-gangak dira, oso aberatsak eta diseinu ederrekin, nerbio konkortuekin forma ezberdinak eta anitzak dituztelarik. Ganga horietako nerbioak koloma borobil batzuetara biltzen dira, eta kapitelik ez dutenez palmondo itxura hartzen dute, Gasteizko San Bizenteren elizan bezalaxe. Ganga hauek oso altuak dira herri txiki batetako eliza izateko, lurretik 19 metrotara baitaude. Altuera bikain honekin, eta guztia sostengatzeko erabiltzen diren koloma eskas eta soilekin, elizak espazio handia dauka. Habearteen altuera bera argi ikusten da, bistak ez baitu inolako eragozpenik aurkitzen barruko espazio guztia begi-kolpe batean ikusteko, eta guzti honekin elizak kutxa egitura duela sumatzen da. Horregatik esan dezakegu tenplu hau hallenkirche tipologiaren eredu bikaina dela, egitura horrek sortzen duen espazioa argi eta garbi ikusten delako.

Elizara sartzeko bi sarbide daude, bata aurrealdean eta bestea albo batean, hegoaldeko horman. Azken hau oso sinplea da: arku zorrotza dauka, arku eskartzanozko bi sarbiderekin. Tinpanoa hutsik dauka baina kresteria gotiko batekin burututa dago eta horren alboetan erliebeak ditu, landare irudi fin batzuekin. Kanpoaldean duen arkuan erliebe txiki batzuk daude, mentsuletan bezala, baita bolatxo isabeldar batzuk ere. Hizkuntza gotikoko elementuak dira baina XVI. mende hasieran oraindik erabilpen handikoak, eta are gehiago Euskal Herrian, Errenazimenduko ezaugarriak arkitekturan ikusteko hamarkada batzuk falta dira eta.

Bigarren sarbidea, nagusia dena eta aurrealdean kokatzen dena, bestea baino monumentalagoa da. Sarrera berez oso txikia da baina elizaren altuera osoa hartzen duen gorputz mardula du, erdi puntuko arku bat erdian duela, nitxo erraldoia balitz bezala. Ez du dekorazio izpirik ere, eta horrek sendotasun itxura gehiago ematen dio berez irmoa den elizari.

Deskribatutako tenplu hau 1510. urte inguruan hasi zen eraikitzen. 1545-1555 artean Martin de Albizu, Rodrigo Albiz eta Miguel de Elorriaga harginak agertzen dira lanean, eta 1564ean gangak eginak zeudela badakigu, Juan de Emasabel maisuaren agindupean. Ikusten denez 50 bat urte behar izan ziren eliza altxatzeko eta denbora gutxi da hori, garaian obrak gehiago luzatzen baitziren. Horrexek ematen dio bateratasun estetikoa.

Behin elizaren oinarrizko egitura egin eta gero eraiki ziren gehigarri batzuk, eta XVII. mendean egin ziren sakristia, dorrea eta korua. Sakristia 1611 urterako bukatu zuten, mendearen lehen laurdenean egin zen korua, eta pixka bat beranduago dorrea, Juan de Urizar-Zabala maisuaren eskutik eta Martín Ibañez de Zalbidearen 1628ko planuak jarraituz. Dorreak bi pisu dauzka eta erdi puntuko hiru arku daude bakoitzean. Arku hauen artean pilastra batzuk daude, eta pisu bakoitzaren muturretan apaingarrizko piramide batzuk, Escorialeko piramideak gogora ekartzen dituztenak. Piramideek, pilastrek, arkuek eta soiltasunak erakusten dute XVII. mendearen bigarren hamarkadan Errenazimenduak berpiztu zuen hizkuntza klasikoa nagusitu zela arkitekturan, batez ere dorreak bezalako neurri txikiko egituretan.

Eliza honek duen osagairik aipagarrienetariko bat erretaula nagusia dugu. Elizaren garai berean egina dago, baina diseinu artistikoari dagokionean askozaz modernoagoa da. Honen bitartez ikusten da berrikuntza artistikoak eskulturan eta erretauletan aplikatzen zirela lehenik, eta handik hamarkada batzuetara ikusi ditzakegula arkitekturan, eraikitzea garestia izateagatik beti kontserbadoreagoa dena. Erretaula honen kasuan badakigu bi garaitan egina dagoela. Lehena 1526 eta 1530 tartean, Juan de Ayala Zaharraren tailerrean, eta bigarrena 1540-1545 inguruan, Juan de Beaugrant eskultorearen eskutik. Bigarren fase honi dagokio bankua.

Erretaula Errenazimendukoa da eta horren erakusle da duen egitura: kutxatilez osatuta dago, hiru kale eta lau kalearte ditu, eta atiko bat. Egitura hau sortzeko darabiltzan osagaiak ere Errenazimendukoak dira bete-betean (pilastrak, frontoi triangeluarrak, txirlak), bai eta guztia apaintzeko jarri dizkioten gaiak ere (puttiak, candelieri erako dekorazioa, balaustreak eta gruteskoak nonahi, lorontziak, su-ontziak, etab.). Polikromia ere garai honetako da; hondo zuria eta dekorazio gaiak urreztatuak, garai honetan indarrean zegoen "arau hispanoa" jarraituz. Arau estetiko honek urrearekin egindako bikromia jarri zuen modan, hiru kolore nagusi zirelarik. Alegia, urrea eta zuria, urrea eta gorria edo urrea eta urdina ziren erabiltzeko bikromia aproposak, eta hoietako bat du Markina-Xemeingo erretaula honek. Eskulturari dagokionez, Jesukristoren bizitzako hainbat pasarte irudikatzen dira helburu didaktikoa duen altzari honetan, errealismoa bilatuz eta jantzi garaikideak erakutsiz.

Beheko partea beranduago egina dago eta horregatik irudiek espresio gehiago dute. Errenazimendua fase espresibistan sartuta zegoen garai honetan eta Juan de Beaugrant frantziar-flandestarra izan zen horren ordezkaririk hoberena. Bankuan agertzen dira erretaula ordaindu zutenen erretratuak, adibidez.

Markina-Xemeingo eliza hau Bizkaiko eta oro har Euskal Herriko tenplu aipagarrienetarikoa dugu. Eredu bikainak eman dituen hallenkirche tipologiaren barruan eliza nagusienetako bat da, duen purutasuna dela eta. Dena garai berean egina dagoenez, estilo bateratua dauka eta horrek garrantzi handia du eraikuntzaren balorazioa egiteko. Barruan gordetzen duen erretaula ere benetan deigarria da, ez bakarrik tenpluaren estetikarekin bat egiten duelako, baizik eta Errenazimenduko lehen fasearen eredu bikaina delako.