Arkitektura

Andre Mariaren eliza. Agurain

Aguraingo Santa Mariaren eliza kale nagusiaren ertz batetan dago kokatuta kaleari hasiera emanez, beste ertzean San Joanen eliza dagoelarik. Bi eliza hauek elkartzen ditu Kale Nagusiak, hiribilduko ardatza osatzen duen kaleak hain zuzen, Erdi Aroko hirigintzan ohikoa den bezala.

Orokorrean eliza honek itxura oso sendoa daukala nabaria da. Horma da nagusi, oinean fatxada altua dauka eta perimetro guztian zehar arbotante eta kontrahorma sendoak dauzka. Kontrahorma horien artean erronda egiteko pasealekua ikus daiteke, berez eraikin hau eliza izateaz gain gotorlekua ere baita. Arabako Lautadako zati handi bat ikuskatzen da bertatik. Hori dela eta, eliza harresiaren ertz batean eraikita dago eta bere hormak harresiarenak ere badira, eta horregatik da hiribilduaren babeserako funtsezko elementua. Erronda-pasealekuak eliza osoa inguratzen du eta ia luzera osoan estalita dago.

Gaur egun dagoen eliza aurreko zahar baten gainean eraiki zuten XV. mende bukaeran eta XVI.aren hasieran. Oinplano laukizuzena du eta lau tramuko hiru nabez osatua dago. Erdiko nabea zabalagoa eta altuagoa da, eta burualdea poligonala da. Deigarria da duen desnibela, izan ere, Agurain hiribildua muino baten gainean dago eta eliza hau ertz batetan dagoenez, muinoaren maldan eraiki zuten eta horrek desnibela konpontzeko soluzio bat bilatzera behartzen du. Eliza honen kasuan burualdearen azpian horma sendo bat eraikitzea izan zen, eta horrek babeserako izaera areagotzen du.

Sarrera nagusia elizaren oinetan dago kokatua, mendebaldean. Sarrera txaranbelatua da, arkibolta anitzez osatua. Arkiboltak lauak dira, dekoraziorik gabekoak, baina batak bestearekin elkartzeko modu dinamiko bat erakusten dute, oso organikoa, gotiko berantiarrak maisuki egiten duen bezala. Tinpanoan ere ez dauka inolako dekorazio edo irudirik, bai ordea portada markoztatzen duen arko konopial luzeak. Aguraingo harri zuriz egindako erliebetan Jeseren zuhaitza irudikatzen da. Arku konopiala bi mentsulen gainean sostengatzen da, eta mentsula batetan Jese erdi etzanda dagoen bitartean, beste aldean emakume bat dago bi munstro edo sugeri bularra ematen. Arkuaren luzera osoan filakteriak dituzten irudiak daude, batzuk koroatuak, Jesusen arbasoak irudikatzen dituztelarik ikonografia honek agintzen duen legez. Goialdean, erremate moduan, Ama Birjina Haurrarekin, erdian eta puntu gorenean, drosel gotiko batek babestua. Arku konopialak osatzen duen espazio txikian San Joan Ebanjelariaren iruditxo bat dago. Erliebe guzti hauek 1500 urte inguruko gotikoaren ezaugarri formalak dituzte: jantzi zabalak eta tolestura askorekin, ile-adats luze eta kizkurrak, jarrera naturalistak, garaiko jantziak, izaera apaingarria, drosel aberatsak. Agurain inguruan lan egin zuen eskultoreren batenak izango dira ziurrenik, ekialdeko lautadan tankera bereko eskulturak baitaude.

Hegoaldeko sarrera ere aurrekoa bezalakoa da baina marku konopialik gabea, beraz soilagoa. Arkibolta lisoak ditu eta markutxo txiki bat du soilik, emakume eta gizon buru formako mentsulen gainetik atea zeharkatzen duena. Sarrera honek arkupe bat du aurrean XVIII. mendean egina eta sarrera babesten duena.

Barrualdeari dagokionez, espazio gotiko eder bat da. XV. mende bukaerako eraikitze estiloa jarraitzen du modu zehatz batean. Horregatik estalkiak sostengatzeko pilare sendo batzuk ditu, kolomak atxikita dituela. Pilareek kapitel luze eta bateratua dute, gotikoan egiten den bezala, landare-gaiekin. Halaber, arku guztiak apuntatuak dira. Estalkiei dagokionez, burualdean ganga erradial bat du, gurutze-gangak ditu tramu batzuetan eta beste batzuetan aldiz, tertzeletezkoak. Azken horiek ematen diote gotikoaren ezaugarri den apaingarritasuna barrualdeari. Ganga hauetako nerbioak haien karga pilareetara zuzentzen dute, horregatik hainbat pilare faszikulatuak dira. Ganga hauen giltzarriek hainbat irudi dituzte: Hirutasun Santua, Ama Birjina, santuak eta armarriak, besteak beste.

Korua Errenazimenduko artelan bikaina da eta Euskal Herrian gutxi daude horrelakoak. Dokumentazio historikoari esker badakigu 1530 urtean Sancho Martinez de Arego eta Maese Pedro artista bizkaitarrek kontratatu zutela. "Erromatar" estilo bete-betea erabili zuten horretarako: balaustrada eder bat du eta gruteskoek, arnes militarrek, kerubin burutxoek, kartelek, bustuek, zutargiek eta gisa horretako gaiek horma guztia betetzen dute horror vacui delakoa sortaraziz. Horrezaz gain Carlos Varen armarri inperiala ere agertzen da erdian, bai eta Agurain hiriko bi armarri ere, korua Udalak egin baitzuen Carlos Vak Pedro Lopez de Ayala, Aguraingo kondea eta komuneroa garaitu zuela ospatzeko. Errenazimenduaren hasierako arkitektura obra gutxi daude Euskal Herrian, eta horregatik koru honek balio handia hartzen du. Estilo berria modu ausartean ibiltzen du baina koru azpiko gangak oraindik gotikoak dira, tertzeletezkoak. Ganga hauetako giltzarrietako eskulturak ordea Errenazimenduko lan bikainak dira. Berriro ere agerian geratzen da arkitekturak estruktura zaharrak kontserbatzen dituen bezala, eskulturak estilo berria erraz onartzen duela eta estilo aldaketen garaietan bi tendentziak uztartzen direla.

Barruko espazio gotikoa beranduago eraikitako elementuek hierarkizatzen dute, espazioaren erabilpen liturgikoari indarra emanez. Hori da erretaula nagusiaren kasua. Erretaulek eta gisako altzari liturgikoek espazioa baldintzatzen dute, aldarerantz zuzentzen dituztelako fededunen begirada guztiak eta horrekin, aldarea dagoen tokia, alegia, burualdea edo presbiterioa bihurtzen dute eliza guztiaren ardatz. Ganga erradial gotikoak ere helburu hori dauka.

Aguraingo Santa Maria elizaren kasuan, erretaula nagusia 1584tik aurrera egin zuen Lope de Larrea eskultore aguraindarrak, eta bere dizipulu batzuek bukatu zuten maisua hil ostean. Estilo erromanistan egina dago. Egitura arkitektonikoari dagokionean hiru gorputz ditu, atikoa eta bankuaz gain, eta bertikalki hiru kale eta bi kale-arte dauzka. Italiar manierismoko osagaiak ditu: orden klasikoen gainjartzea darabil, kolomen beheko herena dekoratuta dago, eta frontoi triangeluarrak, borobilak eta hautsiak erabiltzen ditu. Egitura hau lorontziekin, kartelekin eta kateatutako gai geometrikoekin apainduta dago, estiloak agintzen duen legez. Erromanismoaren bereizgarri dira nonahi agertzen diren mutil gazte biluzien irudiak, Michelangelok egiten zuen bezala. Eskulturari dagokionez aipatutako Michelangelo da eredu ukaezina eta harengandik hartzen ditu gorpuzkera gihartsuak, aurpegietako espresio haserreak, edo jarrera kontrajarriak. Horiek dira Erromanismoaren ezaugarriak eta Lope de Larrea da estilo honen ordezkaririk garrantzitsuenetarikoa. Polikromia bikainak laguntzen du eskulturari erreparetzarekoan: 1639an bukatu zuten Diego Perez de Cisneros eta Cristobal Ruiz de Barron pintoreek, garai horretan Euskal Herrian zeuden pintorerik finenek hain zuzen.

Eliza honek alboko kapera interesgarri batzuk ditu. Burualdean, Ebanjelioaren aldean San Frantziskoren eta San Rokeren kaperak daude, biak XVI. mendekoak eta Juan Garcia Zuazoko abadeak eta bere lehengusu zen Prudencio Garcia de Zuazok eraikiak. San Frantziskoren kaperak kasetoiak dituen ganga beheratu bat du eta Errenazimenduan kokatu behar dugu. Barruan harrizko erretaula oso interesgarria du, Pierres Picart eskultore frantziarrak egina 1570 inguruan. Kapera honetan eta ondokoan Zuazotarren armarriak agertzen dira.

Eliza honek altzari oso interesgarriak gordetzen ditu, bai eta eskulturak ere. Arrosarioko Ama Birjinaren erretaula, XVI. mende bukaerakoa, edo Esklabutzaren Ama Birjinarena, 1673koa eta barroko estilokoa, dira adibide batzuk. Eskulturari dagokionez, Kristo Gurutziltzatuaren, Santa Barbara edo Ama Birjinaren irudi onak gordetzen ditu.

Balorazio orokor bat egitearren, esan daiteke Aguraingo Santa Maria eliza gotiko estiloko ordezkari bikaina dela, eta Euskal Herrian hain ohikoak diren eliza-gotorlekuetako eredu on bat dela. Erdi Aroko urbanismoa ongi kontserbatuta izateak indar handia ematen dio, itxura sendoko eliza hau bere testuinguruan disfrutatu dezakegulako. XIX. eta XX. mendetan eraldaketa handiak ez egiteak kontserbazio egoera onari laguntzen dio. Kanpoalde soila duen arren, barruan bai Gotikoak eta bai Errenazimenduak ere lehen mailako testigantzak utzi dituzte, koruak eta erretaulak erakusten duten bezala.