Ekonomikoak eta sozialak

ANAIN Agencia Navarra de Innovación y Tecnología S.A.

ANAIN (Agencia Navarra de Innovación y Tecnología S.A.) 1999an sortutako enpresa publikoa da, eta bere xedea Nafarroan berrikuntzaren hazkunde kuantitatibo eta kualitatiboa bultzatzea da. Iruñeko Carlos III Etorbidean dago kokatuta.

Enpresa lehiakortasuna hobetzea, lanpostuak sortzea eta Administrazioaren zerbitzu maila hobetzea bilatzen du. Nafarroako Foru Erkidegoko garapen ekonomiko eta sozialean laguntzen du; horretarako, MODERNAren -Nafarroako garapen ekonomiko eredu berri bat- definizioa koordinatzen du, baita abiarazi eta uneoroko eguneratzearen ardura bere gain hartu ere.

Era berean, Nafarroako Zientzia Sistema, Teknologia eta Enpresen arteko kolaborazioa bultzatu eta I+D+i esparruan haien partaidetza sustatzen du nazioartean. Gainera, Nafarroa nazioartean erreferente moduan finkatzeko ahalegina egiten du I+D+i arloari dagokionez.

Mahai sektorialen, tematikoen eta klusterren sorrera kudeatu, eta berrikuntza eta teknologia gaietan formazioa bultzatzen du. Bestalde, berrikuntzaren kulturarekiko sentsibilizazio eta difusiorako, bai eta Zientzia-Teknologia-Enpresa agenteen artean teknologia berriak txertatzeko eta Nafarroako gizartean berrikuntzaren onurak komunikatu eta hedatzeko ere bide egokiak irekitzen ditu.

Nafarroako Plan Teknologiko ezberdinen egite eta jarraipenerako ekintzak sortu eta eragiten ditu; Nafarroako Teknologia Sarea (RETECNA) koordinatzen du; eta Nafarroako Berrikuntza Parkearen, eta Navarra Innova atariaren kudeatzailea da, besteen artean.

ANAINen barneko lan esparruak anitzak dira. Esaterako, I+D+i-aren koordinazio arloan, lurraldean I+D+i-a indartzea eta ezagutaraztea bilatzen da. Bestalde, Teknologiaren Transferentzia arloak, enpresak lehiakorragoak izan daitezen eta Nafarroarentzako aberastasuna sortu dezaten, Zientzia-Teknologia-Enpresa sistemako agenteen artean ezagupenen transferentzia arin eta eraginkorra izateko lan egiten du.

Zaintza Estrategikoaren arloan berriz, Zientzia-Teknologia-Enpresa sistemako agenteen partetik zaintza emateko baldintza egokiak ezartzeko ikerketak egiten dira.

Europa mailan I+D+i arloan Nafarroaren parte hartzea handitzea eta nazio mailan daukana finkatzea bilatzen du ANAINek, eta xede hori Parte hartze europarraren sustapen arloaren bidez egikaritzen dute.

Bestalde, Sektorearen lehiakortasuna sustatzeko arloak Nafarroako enpresa-sektore ezberdinak laguntzea bilatzen du, modu horretan kooperazio eta berrikuntzaren bidez, euren lehiakortasuna hobetzeko.

Horrez gainera Nafarroako Eredu Ekonomikoa eta I+D+i-aren sustapen eta promozio arloak ere badaude ANAINen barnean.

Ugariak dira ANAINen bezeroak. Bere zerbitzuak erabiltzen dituztenen artean, enpresak eta enpresa-erakundeak daude; Unibertsitateak (UPNA eta Nafarroako Unibertsitatea); ikerketa gune eta institutuak (AIN, CEMITEC, CENER, CIMA, CITEAN, CNTA, EVENA, IdAB, IDIMA, ILL, ITGA, ITGG, L?Urederra, FIDeNA); eta Nafarroako Gobernuko departamentuak.

  • Web orria ANAIN. [Kontsulta data: 2012ko urtarrilak 18].