Eleberria

Álvarez Emparanza, José Luis

Harrizbikieta, Txillardegi, Larresoro, Usako, Igara.

Euskal idazlea, hizkuntzalaria eta politikaria. 1929ko irailaren 27an jaio zen Donostiako Antiguo auzoan (Gipuzkoa) eta 2012ko urtarrilaren 14an hiriburu gipuzkoarrean hil zen.

1954 inguruan bere jaiotetxetik hurbil dagoen leku baten izena hartu eta Txillardegi ezizena erabiltzen hasi zen, eta izen horrekin ezagutu izan zaio. Bere gurasoak euskara ezagutzen bazuten ere ez ziren euskal hiztunak, beraz, beranduago ikasi behar izan zuen bere kabuz. 1948an euskara gogotsu ikasteari ekin zion.

Bilbon Ingeniaritzako ikasle zela kartzelaratu zuten lehen aldiz, euskal aberriaren aldeko mugimenduan zuen militantzia zela eta. Euskal Alderdi Jertzaleak etsi egin zuela iritzita burumakur, Ekin ikasle iraultzaile taldearen sortzaileetako bat izan zen eta geroago Euskadi Ta Askatasuna (ETA) erakundearen sortzailetako bat, 1959an. 1961ean erbestera jo zuen, poliziarengandik ihesi. Ondoren, Paris eta Bruselan lan egin zuen, irakasle gisa nagusiki. ETAko militante izan zen garaian fronte abertzale edo aberkoi baten beharra babestu zuen eta marxismo-leninismoaren aurka azaldu zen.

1967an erakunde armatua utzi zuen. 16 urte etxetik urrun eman ostean, 1977an deserritik itzuli eta ESB (Euskal Sozialista Biltzarrea) alderdi politikoa sortu zuen Iñaki Aldekoarekin batera. Horrez gainera, 1978an jaio zen Herri Batasunaren sustatzaileetariko bat izan zen eta bi legealdietan senatari moduan jardun zuen. Era berean, deserritik etorri eta berehala Euskal Herrian Euskaraz mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen. 1980an ESB alderditik bota zuten, euskarak alderdi politiko horretan jokatzen zuen paperari buruzko afera baten ostean. 90.hamarkadan Aralar alderdiaren sorreran esku hartu zuen, eta 2007ko maiatzera arte bertako militante izan ze. 2008an aldiz, EAE-ANVko taldekideen alboan agertu zen.

80ko hamarkadan, hainbat urtez Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean irakasle gisa aritu ostean, Euskal Herriko Unibertsitatean eskolak ematen hasi zen irakasle titular modura. 1990eko hamarkadaren amaieran, EHUk irakasle emeritu izendatu zuen.

Literatur arloko jardunari dagokionez, euskal narratiba berritzeko egin zuen ekarpena ezinbestekoa izan zela gogoratu behar da, nahiz eta berak beti "bigarren mailako" jarduera dela azpimarratu izan duen. Bere lehenengo eleberriek haustura eragin zuten ordura arte nagusi zen narratiba tradizionalean. Mari Jose Olaziregik egindako ikerketaren (Historia de la literatura vasca, 200. urtean UHUN-ek argitaratua) laburpena hona ekarriz, zera baiezta daiteke: bere garaiko gorabeherekin konprometituta dagoen intelektuala babestu izan duela Txillardegik. Bere lehen eleberriak, Leturiaren egunkari ezkutua (1957an Euskaltzaindiak argitaratua), existentzialismoaren eraginpeko garaiari hasiera ematen dio. Eleberrian Leturiaren eta Miren izeneko emakume baten arteko maitasun harremana kontatzen da. Eleberrian agertzen diren gainerako harreman pertsonalek bezala, maitasun harreman horrek ere porrota du jomuga. Azkenean, Miren gaixotu eta hil egiten da eta Leturiak bere buruaz beste egiten du. Narrazioaren gai nagusiak aukeratu beharrak eragiten duen herstura du ardatz. Leturiak existentzialismoaren funtsezko gaiak islatzen ditu egunerokoan zehar: bakardadea, porrota, heriotza eta Jainkoaren existentzia; Leturiak ez du ukatzen existentzia hori. Hala, Karlos Otegiren arabera (Pertsonaia euskal nobelagintzan, Mensajero, 1976) Leturia "euskal eleberrigintzaren lehenengo heroi problematikoa" da. Lehenengo eleberri hori kuartel baten bakardadean idatzi zuen, Ferrolen (Galizia) alferez modura soldadutza egiten ari zela -Ingeniaritza karrera dagoeneko amaitu egin baitzuen-. Ordura arte, euskaraz idatzitako eleberri batean sekula ez zen horrelako gogoeta filosofikorik azaldu eta kritika negatibo ugari jaso zituen, esate baterako, Nicolás Ormaetxea "Orixe" idazlearenak. Beranduago, Txillardegik literaturak egoera diglosikoa bizi zuela adierazi zuen: "Literatura erlijioarekin eta baserriarekin baino ez zen lotzen".

Olaziregiren ikerketara itzuliz, eleberria bildumari batek transkribatutako eguneroko baten moduan idatzia dagoela esan daiteke. Bildumari hori Leturia narratzailearen eta irakurlearen artean kokatzen da. Bildumariak beldurrik gabe ematen ditu iritziak. Orobat, eleberriak badu beste berritasun bat; izan ere, espazio errealak (Paris) eta irrealak (Zerubide, Altzurain) nahasten ditu. Eta denbora urteko urtaroen arabera tratatzen du.

Peru Leartzako (Itxaropena, 1960) da bigarren eleberria eta Olaziregiren ustez "idazleak atzera egiten du poetikoki, izan ere, plano ideologikoa are nabarmenagoa da" aurreko lanean baino, literaturari gehiegi zaindu gabe. Peru eleberriko protagonista eta narratzailea da, eta denboraren igarotze ekidinezinarekin etsita bizi da. Lanak ito egiten du, baina hura uzten duenean ere ez du zoriontasuna topatzen eta eroetxe batean amaitzen da bere ibilbidea. Olaziregi bat dator Iñaki Aldekoarekin Txillardegik bere kabuz sostengatzeko gai den literatura-unibertso bat sortzeko ahaleginean huts egin zuela baieztatzen duenean.

Hirugarren eleberrian, Elsa Scheelen (Lur, 1969), narratzaile orojakitun bat da berrikuntza nagusia. Aukera horrek testuaren taxuera tradizionala uzten du agerian. Elsaren ibilera sentimentala da argumentuaren ardatza. Luc bikoteak utzi egin du Elsa eta emakumea bakardade izugarriari aurre egiten saiatzen da, Pierre Maunier apaizarekin duen harremanaren bidez. Eleberria orduko garaiaren isla da: marxismoa aipatzen da, Luther King aipatzen da, Vietnameko gerra, eta sekularizazioa batez ere, Elsa ezagutzean Maunierrengan hazten diren zalantzetan islatua. Eleberri horretan ere, Olaziregin iritziz, existentzialismoak gehiegizko garrantzia hartzen du.

Hamar urteko etenaldiaren ostean, Txillardegik Haizeaz bestaldetik (Autoedizioa, 1979) argitaratu zuen. Bertan, lehenengo eleberriko gaia hartu zuen berriz ere: absolutuaren bilaketa gizakiaren aldetik. Lan horri sinbolismo indartsua dario eta eleberri liriko generoan barnera daiteke. Egilearen hitzetan "kirtenkeria handi bat" da eta bere eleberririk "sakon eta sinbolistena".

Exkixu (Elkar, 1988) izan zen hurrengo eleberria. Lan hori errealismo sozialista ortodoxoenetik hurbil koka daiteke. Mari Jose Olaziregik idatzi duenez "eleberriaren azalpen ideologikoak (ETA erakundeko kidea da protagonista eta haren inguruan garatzen da argumentua) eta eleberriaren formaren garapenak (pertsonaiak karikaturak baino ez dira, garapen narratiborik gabeak) helburu literarioa azpiratu egiten dute".

Idatzi zuen beste nobela bat, Putzu izan zen (Elkarlanean, 1999). Bigarren karlistadaren eta XIX. mende amaiera artean kokatzen da. Protagonista Donostiako gazte bat da, hiria gobernatzen duten agintari liberalen aurka egonik, karlistekin borrokatzeko erabakia hartzen duena. Ondoren, Euskal Herriko hainbat leku zeharkatuko ditu "El Cuartel Real" aldizkariko erredaktore modura, urteen joanarekin, karlismoa alde batera utzi eta "aurre-abertzale" bihurtzen den arte. Azken lan hau argitaratu zenean, egilearekin batera agertu zen Iñaki Egaña historialariak esan zuenez pertsonaia nagusiarengan elementu autobiografiko ugari hautematen dira eleberri honetan. Gauza bera esan zuen Iban Zalduak, eleberriari buruz egindako ikerketan (Jakin aldizkaria, 126. zenbakia, 2001 urtea). Bertan esaten duenez Txillardegik testuan zertzelada gehiegi utzi ditu herrialde honen historiari eta geografiari buruz.

Donostian aurkeztu zuen bere azken nobela, Labartzari Agur (Elkar, 2005), bere azken nobela.

Txillardegik ipuin-liburu bat ere argitaratu zuen: Kosmodromo (Haranburu, 1984).

Era berean, Txillardegi ezinbesteko bilakatzen da saiakeraren generoa berritzerakoan. Atal honetan Xabier Altzibarrek egindako ikerketa (Historia de la Literatura Vasca, 200. urtean UHUN-ek argitaratua) laburbilduko dugu. Txillardegik Huntaz eta hartaz argitaratu zuen lehenik eta behin (Goiztiri, 1965). 107142Ibon Sarasolaren ustez (Euskal literaturaren historia, 1971) euskarazko saiakera berritu zuen "aldizkarien orrietatik atera eta hainbeste behar zuen xehetasunez apaindutako hizkuntza funtzional batez hornitu zuen". Askotariko gaiak hartu zituen: existentzialak, erlijiozkoak eta moralak, eta politiko eta ideologikoak. Gainera, Teilhard de Chardin, Kierkegaard, Buda eta Gandhirenganako jitea antzeman daiteke. Edozein modutan ere, Jean Paul Sartre eta Bertrand Russell pentsalarien eragina jaso zuen batez ere, berak beti aitortzen duen bezalaxe. Hizkuntza eta pentsakera lanean (Mensajero,1972) hizkuntzaren, logikaren eta munduari buruzko pentsamendu edo ikuspegiaren arteko harremana jorratzen du. Euskal Herritik erdal herrietara (Autoedizioa, 1978) liburuan aldez aurretik argitaratutako artikuluak bateratu zituen; horrez gain, Euskal kulturaren zapalketa liburua ere argitaratu zuen (Elkar, 1984). Memoria eta saiakera artean kokatzen den liburu bat ere argitaratu zuen, Euskal Herria helburu (Txalaparta, 1994) izenburupean. Txillardegik Lingua Navarrorum (Orain, 1996) eta Euskararen aldeko borrokan (Elkar 2004) saiakerak ere idatzi zituen.

Hizkuntzalaritzari dagokionez, 1968an Arantzazun garatu zen kongresua baino askoz lehenagotik hizkuntza bateratu bat sortzeko beharra agertu zuen sendo. 1957tik Euskaltzaindiko kide da, euskaltzain oso izatera iritsi gabe, sekula ez du akademiko modura bertan eserlekurik hartu, bere hitzetan instituzio horretako "ardi beltza" delako.

Parisen hizkuntzalaritza lizentziatura eskuratu zuen eta euskal azenturi buruzko doktoregoa egin zuen Bartzelonako Unibertsitatean, Kaliforniako M.T.T. unibertsitatean egonaldia egin ostean. Lan andana idatzi du: Euskara batua zertan den ("Jakin" aldizkaria, 1974), Oinarri bila (1977, alfabetatzeko interesa dutenei zuzendutako material ugari barneratzen duena), Euskal gramatika (Ediciones Vascas, 1978), Euskal Fonologia (Ediciones Vascas, 1980), Euskal Dialektologia (Autoedizioa, 1983) eta Euskal azentuaz (Elkar, 1984). Soziolinguistika arloan ere lan ugari egin ditu eta hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeen errealitatea erakutsi du Euskal Herrian. Hizkuntzaren egoera aztertzeko matematika-metodo bat sortu zuen, Elebidun gizartearen azterketa matematikoa (UEU, 1984) liburuan aurkezten dena. Lan hori gaztelaniaz argitaratu zen 2002an: Hacia una socio-lingüística matemática (Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen).

Halaber, historiari buruzko bi liburu kaleratu zituen, bata Donostian jaio zen auzoari buruzkoa Antigua 1900 (Kutxa, 1992) eta Santa Clara, gure uharte ezezaguna (Kutxa, 2004) bestea. Gainera, Gertakarien lekuko (Haranburu, 1985) izeneko autobiografia bat ere idatzi zuen.

1996an Joxean Agirre kazetariak Hitza hitz. Txillardegirekin solasean (Elkar) argitaratu zuen. Txillardegirekin egindako elkarrizketa-liburu bat, idazlearen alderdi guztietan sakontzen duena. 1999an Jakin aldizkarian ale monografiko bat eskaini zitzaion Txillardegiri, 70 urte betetzen zituela eta. Eta 2000. urtean Udako Euskal Unibertsitateak Txillardegi lagun giroan omenaldi-liburua argitaratu zuen. Bertan 32 pertsonen artikuluak jasotzen dira; izan ere, Txillardegik harreman estua izan du UEUrekin.

2001ean "Bat" soziolinguistika aldikariko zuzendari kargua utzi zuen. Hamar urte eman ditu lan horretan.

2004an Euskaltzaindiko Ohorezko kide izendatu zuten.

2005eko irailean Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak liburu bat argitaratu zuten Txillardegiren omenez. Liburu horretan 30 kolaborazio zenbatu daitezke.

Jakin. Txillardegiren idazlanak: bilatzailea