Ikastolak

Altzaga Ikastola. Leioa-Erandio

(1968)

Ikastola, Santa Ageda ospatu baino egun batzuk lehenago hasi zen. Ezin da zehatz-mehatz esan 1968ko urtarrilaren azkeneko egunak ala otsailaren lehenengoak izan ziren. Bertsoak entseatzen zegoen talde bat eta mutil bat agertu zen euskaraz eta euskara irakasteari erantzuna emango zion ikastola bat gure udalerrian sortzea garrantzitsua eta beharrezkoa zela esatera. Agindua hartu zutenerako hasi ziren biltzen lagun-talde bat; adin eta egoera ezberdinetakoak ziren, baina gauza garrantzitsu batek elkartzen zituen: Euskal Herriarenganako maitasunak eta euskararekin, folklorearekin eta euskal kulturarekin, oro har, zerikusia zuen guztirako ekitzaile-lanak.

Berehala eman zioten oniritzia Erandion ikastola bat sortzeko proiektuari eta abuztuaren azkenetan, ez zuten andereñorik, baina bazuten jada, esperientziari hasiera emateko seme-alabak "utziz", proiektuaren aldeko apustua eta aukera egin zuten sei familia. Andereñoa aurkitu zuten eta ikasleak ere; beraz, toki bat aurkitu behar zuten eta, nola ez, aurkitu zuten Erandioko Ibaimendi Artea O. A. R. elkartean.

Ikastolaren zuzenbide -nortasuna hartzeko hainbat soluzio ahalgarri aztertu ziren eta atera zuten ondorio da kooperatiba - forma zela ikastola batentzako formarik egokiena; horrela, "goikoen eta behekoen kontra" Euskal Herriko lehenengo Irakaskuntza - Kooperatiba / Ikastola eratu zuten. Zuzenbidezko figura hau, haien ustez, bat ezin hobeto zetorren ikastolan eman nahi zuten irakaskuntzarekin, hau da: irakaskuntza moderno, ekintzakor eta demokratikoarekin. Estatutu "standard" batzuk prestatu eta lehenengo Biltzar Nagusia eratu ondoren, Lan Ministeritzak onartu zuen 1970eko martxoaren 9an eta bere ebazpena urte bereko martxoaren 31ko 77. zenbakidun E. B. O.ean agertu zen 17660 zenbakiarekin erregistraturik.

Ikastolak 1969/70 ikasturtean hasi zuen Leioan bere hezkuntza prozesua, seme-alaben euskal hezkuntzaz arduraturiko guraso-talde bat biltzen hasi zenean. Algortako San Nikolas ikastolarekin izan ziren harreman batzuk eta hango ikastetxeko esperientzia hartu ondoren ideiak gehiago ala gutxiago argitu eta planifikaturiko proiektua aurrera ateratzea erabaki zen.

Lehenengo urratsak Elexalde ikastolan eman zutenek, zenbat aldiz galdetzen zioten euren buruari ea ez ote ziren eroturik, baina garbi dago une hartan proiektuan zeukaten sinesmenak irabazi zuela eta, beraz, ez bakarrik euren seme-alabek (17 ikasle talde batekin hasi ziren), Leioako herritar guztienek baino, izan zezaketen eskola-hezkuntza euskaraz.

Erandion berehala hasi ziren eraikuntza berriko eraikin baten kokapena aztertzen eta 4.000 metro karratuko lursail bat lortu zuten, Altzaga auzunearen erdian. Ordea, oztopoak azkar agertu ziren, esaterako, Pilar Careagak, Bilboko alkatesak, sortu zuena: "Erandio bezalako herri baten erdi - erdian nazionalismo-gune bat jartzeko baimenik, nik ezin dut eman". Bilboko "ihes egiteko" xedeaz erabaki zen lursaila Leioan erostea; gainera eskola postuen urritasuna ere bertan ematen zen. Ikasleak berehala hasi ziren eraikina erabiltzen, baina horrekin ez ziren oztopoak amaitu: Leioako alkateak Guardia Zibilak bidali zizkien metraileta eta guzti, habitagarritasun baimenik ez zutelako haurrak ikastolatik atera nahi zituen. Oztopo "ttiki" hauek gainditu ondoren eta ekonomi arazoak konponduta, abiada izugarriaz hasi ziren ikastola eraikitzen. Guztia iragan zen eta egun nagusia heldu 1974ko urtarrilaren 14an inauguratu ziren ofizialki Altzaga ikastolaren Ondizko instalakuntzak. Ikasturtea, aldiz, 1973ko irailetik zegoen hasita ikastola berrian.

  • AURREKOETXEA URKIJO, Txetxu.Altzaga ikastola 25. urteurrena. 1968-1993. Erandio; Leioa: Altzaga Ikastola, 1994. (Iturriak, 3).
  • ARRIEN BERROJAETXEBARRIA Gregorio. "Bizkaiko ikastolak. 1957-1972. Beren hasiera eta antolaketa". Sekzioko koadernoak. Hezkuntza. 6 zbk., 15-289 orr. Donostia. Eusko Ikaskuntza, 1972. [Kontsulta data: 2012ko otsailak 27].
  • Altzaga ikastola. [Kontsulta data: 2012ko otsailak 27].