Paleontologoak

Altuna Etxabe, Jesus

Arkeologoa eta antropologoa. Berastegin jaio zen, 1932an.

Filosofia eta Teologia ikasi zituen Gasteizko eta Donostiako seminarioetan, eta Zientzia Biologikoak Madrilgo Unibertsitatean.

1960. eta 1972. urteen bitartean, antropologo ezagun horrek landa-lan askotan jardun zuen kolaboratzaile, zenbait arkeologorekin; batik bat, Euskadin, Joxe Miel Barandiaranekin, eta kantabriar eskualdeko beste leku batzuetan, arkeologo nazionalekin eta atzerritarrekin.

Sudango Nubian egindako arkeologia-indusketetan hartu zuen parte, UNESCOren enkarguz. 1973tik gaur egun arte, arkeologia-indusketetako zuzendaria izan da, Euskadin gehien bat. Donostiako Irakaskuntza Ertaineko J. M. Usandizaga Institutuko katedraduna izan da. 1980tik 2002an jubilatu zen arte, Zientzia Esperimentalen Didaktikako katedraduna izan zen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Haren ikerketa-gai nagusiak honako hauek izan dira: Historiaurreko aztarnategietako arkeozoologia, Paleolitoko artea eta Arkeologia- ondareanren babesa.

Aranzadi Zientzia Gizarteko Historiaurreko Saileko zuzendaria izan da, eta MUNIBE aldizkariaren zuzendaria, ICAZeko Nazioarteko Batzordeko kidea eta, besteak beste, zientzia-aldizkari hauetako erredakzio-batzordeko kidea: Nazioarteko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, Doñana, Acta Vertebrata, Archaeofauna, Archaeozoologia, Anthropozoologica eta Férvedes. Eta Centre de Recherches d'Ecologie Souterraine elkarteko eta ICAZeko ohorezko kidea ere izan da.

Ikerketako eta indusketako zenbait proiektu zuzendu ditu, eta beste batzuetan hartu du parte; hala nola, Cueva Morínen, La Rieran, Ekaingo haitzuloan, Dufaure-n, Errallan, Arnaldako haitzuloan, Vidigal-en (Portugal), Gipuzkoako megalito eta haitzuloetan, Cueva Mirónen (Kantabria).

Zientzia-proiektuak ebaluatzeko epaimahaietan hartu izan du parte; honako hauetan, besteak beste: Mexiko Berriko Unibertsitatean (AEB), Research Council of Canada-n, Ministerio arteko Zientzia eta Teknologia Batzordean (Madrilen) eta Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusian.



210 lan baino gehiago argitaratu ditu, eta haietatik, 12 liburuak dira. Gehien-gehienak ikerketa-lanak dira, baina zenbait mailatako argitalpen didaktikoak eta dibulgaziozkoak ere egin ditu.

Sari ugari jaso ditu, eta hauek dira aipagarrienak: Ikerketarako Ibáñez Martín Sari Nazionala, Xabier Maria de Munibe saria (Eusko Legebiltzarrak Humanitateen arloan emana), Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa Saria (Humanitateen eta Gizarte Zientzien arloan). Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari saria ere jaso du. Gainera, 2004an, Ikerketako Euskadi Saria eman zioten.