Pintoreak

Alonso Asenjo, Adel

1953an Burgosen jaiotako artista. 1963. urtetik Ezkerraldearekin lotuta egon da, bertan bizi eta lan egiten baitu ordutik.

OHOko irakasle tituluduna da eta Psikologiako ikasketak burutzen ari da.

1985. urtetik artearen eremuan murgildu zen modu autodidakta batean. Erakusketak programatu zituen Muskizen 1992-1993 bitartean eta baita Gallartako Udal Erakusketa Aretoan ere. Pintura irakaslea Abanto-Zierbenako udal tailerretan. Eguzki egunkaria eta Muskerra aldizkaria berak sortuak dira beste batzuekin batera, eta bertan idazten du. Komisario lanak egin ditu Autorretrato edo Pornografía conceptual erakusketetan. Gainera Ezkerraldea Plastika izeneko proiektua osatzen duten hamaika erakusketaren sustatzaile eta koordinatzailea da. Proiektu horrek ezkerraldeko eta meatze-zonaldeko 57 artista plastiko biltzen ditu.

1992an Arte Plastikoen Beka jaso zuen, eskultura arloan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik.

Jasotako sarien artean daude Sestaoko IX. Pintura Lehiaketan jasotako lehen saria eta Ertibil Bizkaia erakusketako hautaketa (1986, 1990, 1991). Gainera, 1993. urtean bere obra baitaratua izan zen eta 1997an accesita lortu zuen Gure Artea erakusketan. 1986. urtetik bakarkako erakusketak egin ditu hainbat Kultur Aretotan, esate baterako, Portugalete, Sestao, Algorta edo Barakaldon. 1990ean Bilboko Vanguardia Galerian eta Balmasedako Ateneoan ipini zituen erakusketak. 1992an Carta A La Naturaleza eta No Man's Land aurkeztu zituen, berriro ere Vanguardia Galerian, eta The Establishment erakusketa Bilboko La Fundición izenekoan. 1993an Narciso izenekoa Sestaon eta 1995ean Espacio perdido Basaurin.

Euskal Herritik kanpo, Madrileko Cruce Galerian eta Amsterdameko Stedelijk Museum Bureau museoan egin zituen erakusketak.

Bere azken bakarkako erakusketen artean nabarmentzekoak dira Espacios para habitar izenekoa, Bilboko Avenida Hoteleko behin-behineko espazio batean (1998), Mirarse izenekoa Santanderreko Trazos Tres Galerian (1999) edo Crossing over izeneko erakusketa Gasteizko Montehermoso Kulturunean (2000). 1985. urtetik aurrera erakusketa kolektibo ezberdinetan parte hartu du modu aktiboan. Hautatua izan zen edizio ezberdinetan Bizkaiko Artea, Gure Artea edo Ertibil Bizkaia erakusketetan, eta beste hainbat erakusketetan parte hartu du, esate baterako, Bilboko Rekalde Aretoan egindako Piel izenekoan (1992), Valentziako Ray gun Galerian egindako Ohm, Ohm, Ohm erakusketan (1993), Gasteizko Montehermoso Kulturunean egindako Ikus-entzunezko XV. Jaialdian (2000) edo Sestaon egin zen Metrópolis IV : plástica industrial, plástica urbana izeneko erakusketan (2006). Espazio publikotan parte hartu du, esate baterako, Foruan edo Arrasaten. Hala, eskultura bana ikus daiteke horietako plaza publikoetan. Bestalde, 2003an, Intervención en la playa La Arena izenekoa egin zuen eta mila pertsona baino gehiagok parte hartu zuten.

Bere lana hainbat bildumetan ikus daiteke, esate baterako, Bizkaiko Foru Aldundiaren bilduman, Vanguardia Galerian, Gallartako Meatzaritzaren Museoan eta zenbait udaletxetan (Arrasate, Balmaseda, Forua edo Sestao).