Konposatzaileak

Aldalur Iriarte, José Ignacio

Organo-jotzailea eta konpositorea. 1829an Azkoitian jaiotako musikari gipuzkoarra. Azpeitian hil zen 1890eko azaroaren 22an.

Iruñean musika eta erlijio ikasketak burutu zituen. Azpeitiko Soreasuko San Sebastian parrokian organo-jotzailea izan zen eta bertako organoa eraikitzean aholkulari gisa aritu zen.

Konpositore bezala gai erlijiosoak eta profanoak landu zituen, Italiako eskolaren kutsuarekin bat eginik. Gerra Karlistaren ondorioz Baionara (Lapurdi) alde egin behar izan zuen eta katedraleko organoa bere esku geratzen da; itzultzen denean Azpeitiko parrokian berriro organo-jotzaile bezala aritzen da. Aldalur-ek Loiolako basilikan Cavaillé-Coll etxearen organoa jartzea lortu zuen. Frantziako musika etxe horrekin oso lotura hestua izan zuen, baina ezin esan daiteke horien ordezkaria zenik. Berari esker, Bergara eta Zumaiako Stoltz organoak ezartzen dira, hots, Cavaillé-Coll etxearen aurkari zuzenak. Aldi berean Frantziako beste musika etxeekin ere lan egiten du. Dena dela, Aldalurrek Frantziako organo egileen alde izan zuen eragina azpimarratzekoa da. Bere esanak aintzat hartzen zituzten eta askotan organoa diseinatzerakoan edota jada bukatuta zeudenak ontzat emateko aditu gisa parte hartzeko eskatu zioten. Hala gertatu zen Tolosan eta Oñatin.

Inazio Deunaren Martxa berria ere egin zuen.

  • ERESBIL: Autoritateen datu-basea.