Politikariak eta Kargu publikoak

Alava Jimenez, Francisco

Politikari nafarra, Tuteran jaio zen 1932an eta hiri berean hil zen 1987an

Francisco Alavak PSOE alderdiaren sorreran esku hartu zuen Nafarroan 1974an eta horren partaidea izanik legebiltzarrean parte hartu zuen diputatu bezala 1979tik 1983ra bitartean eta senatari bezala 1982tik 1986ra bitartean.

Berez, banketxetako administraria zen, eta bere ibilbide politikoari ekin zion hirurogeita hamargarren hamarkadan, betiere sozialisten inguruan. PSOEren Nafarroako federazioaren sorrerako akta sinatu zuten lagunetako bat da, hain zuzen, Iruñean maiatzaren 19an. Probintzia horretako alderdiak zeuzkan bi adarretako baten kidea izan zen, hots, Erriberako taldea. Berez, kide gehienak hogeita hamarreko hamarkadan jaiotakoak ziren eta Alavaz gain, hortxe zeuden Julio Garcia Perez (1977an Legebiltzarrean diputatua izan zena) eta Alberto Tantos. Horiekin batera, Iruñeako taldea geneukan. Azken hauek oso gazteak ziren eta ikasleak gehienak. Horien buru Gabriel Urralburu zen.

Alderdi sozialistako kidea zen heinean, auzo elkarteetan eta sindikatuetan parte hartzeko joera azaldu zuen. UGT sindikatuan parte hartu zuen, Banketxetako federazioaren Probintziako Batzordeko Idazkari Nagusia izanik (1978). Iruñeko alkatea izateko bere burua hauteskundetara aurkeztu zuenean, berak ere aitortzen zuenez, bere ibilbidean eragin soziopolitikoak eragin handia izan omen zuen:

"puede decirse, que mi concienciación política y mi ingreso en las filas socialistas se produjeron a través de la vida municipal".

Legebiltzarrerako 1977ko hauteskunde orokorretan, Autonomia Frontearen zerrendetan ageri zen, hau da, EAJ, PSE/PSOE eta ESEIk antolatutako koalizioan alegia. Ez zen hautatua suertatu zerrenda bigarren tokian zegoelako, koalizioak Senatari bakarra lortu baitzuen, eta berau Manuel Irujo Ollo izan zen.

1979ko udal eta foru hauteskundeetan lehen postua eskuratu zuen Tuterako udalerako hautagaitzan eta Merindadeko ordezkaria izan zen legebiltzarrerako zerrendan. Horrela, bere ibilbide politikoari ekin zion bi erakunde horietan.

Alkatea izan zen epe laburrean -1980 dimititu egin zuen-, udala ezker kutsuko neurrien bitartez kudeatu zuen. Bere alderdiari ere kritika gogorrak bota zizkion eta zoritxarrezko hilketa ere bizi izan zuen, 1979ko ekainean Tuteran Donostiako Gladys del Estal hil egin baitzuten.

1979-1983 legealdian diputatu gisa aritu zen eta bitarte horretan burutu zuen lana, berez honako batzordeetan esku hartuz gauzatu zuen: Udal Arazoetarako Ganbara, Premiazko Arautegia (Francisco Lora ordezkatuz) eta Ogasuna (Valentin Cabrero ordezkatuz).

1982 hauteskunde orokorretan PSOE alderdiko zerrendan ageri zen, berriro ere, Senaturako bidean. Zerrendan Victor Manuel Arbeloa kidearen atzean ageri bazen ere, bozka gehiago eskuratu zituen eta halako bultzakada erdietsi ostean Madril aldera egin zuen bere ibilbide politikoari helduz. Hauteskundeetan alderdiak izen zuen arrakasta bere taldeak diseinatutako estrategiaren ondorio izan omen bere ustez. Berez, UCD alderdiaren aurkako kritikak izan ziren kanpainaren muina, ezkerreko bestelako alderdi zein taldeei kritika egin ordez. Konstituzioa, Osasuna eta Gizarte Segurantza eta Bateraezintasuna arloetako batzordeetan parte hartu zuen. 1986 berriro ere hautatua gertatu zen, oraingoan ere Osasuna eta Bateraezintasuna batzordeetako bokala izanik. Gainera, Giza Eskubideen Batzordean eta Arartekoarekin harremanak bideratzeko batzordean parte hartu zuen. 1987ko apirilean hil zen Tuteran, trafiko istripu larria izan ostean.

PSOE/PSN alderdiko kide bezala izan zuen ibilbidean, berau sortu zenetik 1974an 1982ko ekaineko I. Kongresu Eratzailea burutu arte, hainbat erakunde eta batzordetan parte hartu zuen, bestea beste, Nafarroako Batzorde Eragilea, Tuterako Tokiko Batzordea eta PSOEren Batzorde Federala, alderdiaren organo gorena. Nafarroan alderdiaren egitura berritzerakoan, Alava presidente bezala aukeratu zuten, eta Gabriel Urralburu Idazkari Nagusia. Bi buru horiek bere horretan mantendu ziren Alava 1987an hil zen arte alegia.