Politikariak eta Kargu publikoak

Aizpun Tuero, Jesus

Nafarroako agintari politiko eta legelari ospetsua. Iruñean jaio zen 1928an eta hiri berean hil zen 1999an.

Legebiltzarrean lehen aldiz diputatu bezala aukeratu zuen 1977ko hauteskundeetan Union del Centro Democratico (UCD) alderdiaren zerrendetan. Orduz geroztik, etenik gabe Diputatuen Legebiltzarrean aritu zen 1999an hil arte, bere V. legealdia bete baino urte bete lehenago.

Bere familian hainbat legelari ospetsu izan genituen -bera Zaragozako Unibertsitatean eskuratu zuen lizentziatura-. Aipagarriena bere aita izan zen, Rafael Aizpun Santafe agintari politiko esanguratsua. Lehenik eta behin Partido Social Popular delakoa sortu zuen (1922) eta gerora Union Navarra alderdia (1933). Gainera, Errepublika garaian diputatua izan zen. Koaliziozko gobernuetako kidea izanik, CEDA alderdiak ere esku hartu zuen heinean, Union Navarra alderdi talde horretan uztartu baitzen, Merkataritza, Industria eta Justizia ministroa izan zen. Politikaz gain, Aizpundarrek paper garrantzitsua jokatu zuten Estatuko eta Nafarroako lege eta industriako establishment delakoa eratzerakoan diktadura garaian. Rafael Aizpunen kasuan, ospea erdietsi zuen Credito Navarro erakundearekin burutu zituen banku-ekimenak zirela eta, Administrazio Kontseiluko presidentea izan baitzen. Jesusen anaia, Rafael Aizpun Tuero, hau ere abokatua, Nafarroako Administrazio Auzitegiko presidentea, Nafarroako Ikerketa Egitasmo Nagusian ekonomia eta ogasun irakaslea eta Credito Navarro erakundeko zuzendari nagusia izan zen.

Bestalde, Jesus Aizpunek goiz hasi zen bere ibilbide politikoa. diktadura garian, bere anaiarekin batera abokatu lanetan aritzeaz gain, Baztaneko zinegotzia izan zen eta Kultura Erakundeetarako Sailburua 1967-1971 eta 1971-1974 epeetan.

Nafarroako eskuin aldeko mugimenduen antolakuntza berria bideratzeko prozesuan oso paper garrantzizkoa jokatu zuen. Horrela, 1973an Union Navarra kultura elkartea sustatu zuen, bere aitak 30eko hamarkadan ahalbidetu zuen taldea omendu nahian. Talde berri horretan eskuin aldeko mugimenduan garrantzi handia izango zuten hainbat pertsonaiek esku hartu zuten. Elkarte hau "erabateko nafartasuna" sustatu eta mantendu nahi zuen -Aizpunen hitzetan-, euren ustez Nafarroak une erabakigarria bizi baitzuen. Jakina denez, urte horretan bertan Foru Berria eztabaidatu eta idatzi zuen Foruak Metatzeko Batzordeak. Aizpunek, Foru Zuzenbide publikoa eta pribatuan aditua zen heinean, batzorde horretan ere esku hartu zuen.

Elkarte berriak Nafarroako Administrazio Epaitegiko kideak (Jesus Lluis Iribarren, Javier Martinena) eta Foruak Metatzeko Batzordeko kideak biltzen zituen (Juan Garcia Granero), ospe handiko bestelako legegileekin batera (Del Burgo, Juan Echandi, Blas Morte, eta abar. Francisco Elizalde eta Ignacio Irazoqui, foru diputatuak biak, bertan izateak agintariekiko lotura bermatzen zuen. Bestalde, legegileekin batera hantxe zeuden sustatzaile-eraikitzaileak (Jesus Ibañez) eta Huarte enpresa taldearekin, besteak beste, zerikusia zuten industria gizonak (Jaime Azcona, Valentin Erburu).

Union Navarra alderdiaren presidentea izanik, diktadorea hil zenean eratu zen egoera politiko berrian garrantzi handiko pertsona bilakatu zen. Horrela, mobilizazioak aurrera eramateko deia behin eta berriro luzatu zion Nafarroako biztanleriaren zati bati, hau da, "isileko gehiengo apolitikoari". Bitxia denez, Diktadurak berak desmobilizatu egin zituen biztanle horiek, eta berak ere nola edo hala Diktaduran esku hartu zuen.

Alderdi Demokrata Liberalaren presidente eta sortzaileetariko bat izan zen. Jaime Ignacio del Burgo eta Rafael Gurrea sustatutako Nafarroako Foru Alderdi Socialdemokratarekin batera, Nafarroako UCD alderdiak izan zituen oinarrizko bi zutabeak izan ziren. Bi erakunde horiek bateratuz, eskuin aldeko mugimenduak koalizio zentrista eratu zuen 1977ko hauteskunde orokorretarako. Aizpun zerrenda buru bezala ageri zen eta lehenengo aldiz diputatu bezala hautatua izan zen.

Dena den, UCD alderdian sartu aurretik bide korapilatsua egin zuen. Berez, Nafarroako Foru Ituna, Amadeo Marco betiereko diputatua buru zuelarik, Aizpunekin harremanetan jarri zen alderdi horretan sar zedin. Guztiz logikoa zen, berez NFIaren oinarrizko ideiak Aizpunek berak Nafarroako UCD alderdiaren barruan defendatutako printzipioekin bat zetozelako, Estatu mailako UCD alderdiari kontrajarriak alegia, horren bozeramailea Nafarroan Jaime Ignacio del Burgo Izanik. Bi pertsonai hauek euren artean isileko lehia mantenduko dute, batzuetan ez hain isilekoa, eskuin aldeko mugimendua berrantolatzeko prozesuan zehar. 1976 inguruan, garai hartako agintariengan kezka bizia sortu zuen trantsizioa bideratzeko prozesua finkatzen ari baitziren buru-belarri. Azkenean, bi korronte horiek bat egin zuten 1977an UCD alderdiaren baitan eta momentuz banaketaren mamua desagertu egin zen, gerora hala gertatu bazen ere.

Konstituzioa zela eta, Laugarren Xedapen Iragankorraren inguruko eztabaidan, Legebiltzarrean Aizpunek aldeko botoa eman bazuen ere, azkenean horren aurka ageri zen Nafarroako Foru Sustapenaren Akta izenpetuz eta alderdi horretatik ere atera egin zen Union del Pueblo Navarro sortuz. Laburbilduz, Aizpun eta UCD eta NFIeko beste kide batzuen ustez, alderdiaren Estatuko zuzendaritzak euskal abertzaletasunari lehentasuna eman omen zion, EAJ horren ordezkari nagusia izanik, Nafarroako interesak baztertuz. Horrela, guztiz beharrezkoa jo zuten alderdi berria sortzea, Nafarroari "hertsiki" zuzendua.

Nafarroako UCD alderdiaren lehendabiziko krisialdi horren ondorioz, Aizpuni "Nafarroako liberalismoaren aita" esaten zioten eta ordura arte alderdian izan zuen ibilbide politikoa honela ikusi izan zuten:

"Antes del 15 de junio de 1977 Alianza Foral no pudo convencerle y, por fin, fue el partido de Suárez, la UCD, quien se lo llevó al Congreso. Quizá porque los liberales no han podido situarse del todo en el conglomerado centrista, quizá por las peculiaridades navarristas y forales que en él concurren, pronto fue considerado en los círculos políticos de Madrid como L'enfant terrible de la UCD."

Nahiz eta alderdi barruan pertsonai nagusia izan, 1979an behin behineko gobernuan bokale lanetan aritu zen, horren burua Javier Gomara zelarik. Alderdi politiko berriaren muinean sumatzen zen Foruen eta Nafarroaren aldeko planteamenduak, Aizpunen ustetan, aukera ematen zuen betiko ezker-eskuin egitura dialektikoa gainditzeko eta erregionalisten hitzak kutsu apolitikoaz hornitu zituen. Demokraziaren aldeko apustua NFI eta Foru Aldunditik bere burua urrundu egin bazuen ere, foruen aldeko betiko edukiak hartu eta UPN alderdian ere txertatu egin zituen. Horrela, bestelako alderdiak, hau da, UCD eta PSOE, "Nafarroaren aldeko lehia bizian" sartzera behartu zituen.

Urte berean, Legebiltzarreko diputatu bezala aukeratu zuten eta Madrilen bertan "Nafarroaren aldeko" politika garatzen hasi zen. Foru Aldundiak eratutako batzordean esku hartu zuen, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobeagotzeko Lege Organikoa zehaztearren alegia. Parte hartze horrekin batera, FASA gatazka zela eta Del Burgo jasan zuen zokoratzearen ondorioz, Aizpun bera eta UPN alderdia Nafarroaren aldeko mugimenduaren ordezkari nagusitzat jo zituzten. Orduz geroztik, UPN alderdiaren presidente izan zen epean (1985-1997) Aizpunek berak sustatutako eskuineko erakundeekiko itun eta/edo integrazio prozesuaren bitartez, Nafarroak eskuin aldeko mugimenduaren eredu bilakatuko da.