Sendagileak

Aguirre Guisasola, Vicente

Eibarreko mediku eta euskalaria (1829-1907).

Bere jaioterrian garatu zuen lanbidea 50 urtez. Ibilbide horretan, higieneari buruzko arau modernoak eta nafarreriaren aurkako txertoa bultzatzeko kanpainak nabarmendu behar ditugu.

Bere seme Ciriaco ere mediku ospetsua izan zen Eibarren. "Euskal-Erria" aldizkarian kolaboratu zuen hizkuntzalaritzari buruzko ikerketak argitaratuz. Horretarako, Jose de Guisasola izengoitia erabiltzen zuen. Luis Luciano Bonaparte ezagutu zuen. Astarloaren gehiegizko eragina zuen eta horren harira Tentativas de reconstrucción de nuestro lenguaje natural y el problema de la palabra (Eibar, 1898) lana idatzi zuen, "«Euskal-Erria" aldizkarian argitaratutako artikuluetan oinarritua (1882-1887). Lan horregatik kritika gogorrak jaso zituen. Antza denez Miguel de Unamunok gutun bat idatzi zion: "Zure liburua egungo hizkuntzalaritzaren begietara, antzinako astrologia egungo astronomiaren begietara den gauza bera da. Oker baliatutako argitasunaren tamala", eta ildo horretan deskribatu zuen euskara bultzatzeari buruz medikuak idatzitako lana (ikus Unamuno, Obras completas, VI. liburuxka, 255. Madril. 1958). Julio Cejadorren kritikak ere norabide bera zuten. Azken horrekin, ordea, Aguirrek mendekua hartu zuen Cejadorrek hizkuntzalaritzari buruzko bere ikerketa argitaratu zuenean. Aguirrek gutun publiko bat idatzi zion Julio Cejador y Frauca jaunari eta "Euskal-Erria" aldizkarian azterketa kritiko bat egin zion (LV. Liburuxka, 290, 1906). Azterketa kritiko horretan bere teoriak babesteaz gain, Cejadorri bere ideia batzuen plagiatzaile izatea aurpegiratzen dio. Hala eta guztiz ere, bere lanean badira aprobetxatzeko moduko ideia eta oharrak, nahiz eta mediku gisa izandako jardunean taxu gehiagoz ibili zela uste dugun. Liburutegi aberatsa zuen eta hainbat herrialdetako hizkuntzalariekin izandako gutun trukea jasotzen duen artxibategia, tartean zen Bonaparte printzea ere. Liburutegi horretatik ezin izan zen ale bakarra ere berreskuratu azken gerraren ostean suak hartu baitzuen.

  • "El Eibarrés" egunkaria, 2. zenbakia (Semblanza biográfica de autor anónimo). Eibar, 1919;
  • San Martín, Juan: Mogel, Agirre ta Galdós, Eibartar euskelzaleak. "Eibar" aldizkaria, 27. zenbakia, 10, 1958.