Pintoreak

Aguado, Carmen

Bartzelonan jaiotako pintorea. 1991-2005 bitartean pinturako irakasle modura aritu zen Urnietako Lekaio Kultur Etxean (Gipuzkoa).

1995ean Jose Maria Mezquitaren tailerrean parte hartu zuen Artelekun. 1996an Alternativas experimentales en el grabado calcográfico ikastaroa burutu zuen La Rectoría de S. Pere de Vilamajor Arte Zentroan (Bartzelona), eta 1997. urtean grabatu-teknikak landu zituen tailer hartan. 1999-2000 bitartean Hondarribiko arte-azokan (Gipuzkoa) parte hartu zuen eta 2000. urtetik aurrera Donostiako arte-azokan. 2003. urtean Emakume Langilearen Eguneko kartela egin zuen Urnietan. 2004an "Zen" pintura-ikastaro bat egin zuen Andy Kay maisuarekin.

Erakusketa ugari egin ditu, kolektiboak nahiz bakarkakoak. Bakarkako erakusketekin 1990. urtean hasi zen Hondarribian (Gipuzkoa); 1991. urtean Kutxaren Arrasate Aretoan egin zuen erakusketa, Donostian; 1992an Garibai Aretoan Adquisiciones Kutxa 90/9 izenekoa aurkeztu zuen eta Logroñoko Navarrete el Mudo Aretoan ere egin zuen erakusketa. 1993an Finalistas Adour Bidasoa izenekoa antolatu zuen Irungo Amaia Zentro Kulturalean (Gipuzkoa) eta Lasarteko Kultur Etxean (Gipuzkoa), eta Donostiako Altxerri Galerian Selección de Carteles Subida a Jaizkibel izeneko erakusketa paratu zuen. 1995ean Ordiziako Barrena Jauregian egin zuen erakusketa (Gipuzkoa). 1996an Tres pintoras aurkeztu zuen Errenteriako Xenpelar Aretoan (Gipuzkoa) eta Irungo Euskadiko Kutxaren Gaspar Aretoan. 1997an Finalistas Bienal Cola-Cao erakusketa egin zuen Kutxaren Garibai Aretoan (Donostia) eta Bartzelonako BBVA Aretoan. 1998an Irungo Urdanibia Jauregian parte hartu zuen eta 1999. urtean Adquisiciones Kutxa 95/96 erakutsi zuen Donostian. 2000. urtean Finalistas Bienal Cola-Cao izenekoa aurkeztu zuen Bartzelonako BBVA Aretoan. 2002an Bartzelonako Amatller Etxeak Stylusart erakusketa aurkeztu zuen. 2003an Kutxaren Boulevard Aretoan egin zuen erakusketa, Donostian. 2004an Ambigú Cines Príncipe izenekoa erakutsi zuen Londres hotelean, eta 2006an Donostiako Espai Catalunya Topalekuan.

Sari asko jaso ditu. 1992-2001 bitartean lau aldiz iritsi zen Irungo Adour Bidasoa Lehiaketaren finalera eta 1994. urtean bigarren saria erdietsi zuen. Urte hartan Donibane Lohitzuneko (Frantzia) Arts Pays Basque Aretoan finalista izan zen. 1997. eta 2000. urteetan Bartzelonako Cola-Cao Lehen eta Bigarren Pintura Biurtekoan finalista izan zen. 1998., 2000. eta 2002. urteetan ohorezko aipamenak jaso zituen Donostiako Gipuzkoako Artisten Elkartearen aldetik. 1999an Pasaiako Herria III. Lehiaketan lehen saria jaso zuen, Gipuzkoako udalerri horretan. 2004an Donostiako "El Abrazo" Diziplina anitzeko Lehen Lehiaketan accesita jaso zuen eta 2005ean Bartzelonako Jaurena-Art lehiaketan hautatua izan zen.


Art Aretoa

Bere obraren lagin bat Euskonews aldizkariaren 274 zenbakiko Art Aretoa atalean ikusi ahal da.





  • "Carmen Aguado". Euskonews, 274 zenb., 2004. [Kontsulta data: 2016ko maiatzak 20].
  • Carmen Aguado. Web orrialde pertsonala. [Kontsulta data: 2016ko maiatzak 20].