Biografiak

Agirre Begiristain, Juan Joxe

Liburuzain gipuzkoarra, Alegin 1930ean jaioa.

Oso gazte sartu zen Lazkaoko beneditarren komentuan, eta han egin zituen erlijio ikasketak; Belokeko (Urt, Lapurdi) beneditarren abadetxean jarraitu zuen.

Lazkaoko komentuko liburutegiaren ardura hartu zuen, Bartzelonara joanez Bibliotekonomia ikastera, ikasketak eta Montserrateko liburutegiko lana uztartuz. Lazkaora itzuli zenean, Euskal Herrian argitaratutako aldizkariak biltzen hasi zen, eta (1994) 2.500 bilduma inguru eta, bestalde, Frankismoko ezkutuko dokumentazio politikoa (argitalpenak, panfletoak, kartelak, pegatinak...) pilatu zituen. Zeregin horrek Trantsizioan jarraitu zuen, eta komentuko dokumentu-funtsak ikertzaile eta adituentzako ezinbesteko gune bihurtu ziren.