Lekaide eta lekaimeak

ABALÍA ARANAZ, Adrián

Ubaldo. Uruguaira eta Argentinara emigratutako elizgizona. Oñatin (Gipuzkoa) jaio zen 1883ko irailaren 7an. Oso gazte zela, bere jaioterrian kokatutako Letrango Kalonje Erregularren kongregazioan sartu zen. Gasteizko gotzainak apaiz ordenatu zuen, 1908ko martxoaren 14an, Arabako hiriburuan.

1909an, laterandarrek Saltan (Argentina) zeukaten Belgrano ikastetxera bidali zuten nagusiek, eta bertan emango zituen eskolak hogeita hamar urtez. 1923 eta 1939 artean, gainera, ikastetxeko zuzendaria eta erkidegoko goi-mailakoa izan zen; eta 1927ko martxoan, ordenako "Hispanoamerikako Probintzia" gaztearen "bisitatzaile" (probintzietako goi-mailakoa) hautatu zuten, eta haren agintaldian Rosarioko (Argentina) eta Meloko (Uruguai) fundazio laterandarrak kudeatu zituzten. Halaber, 1934ko Buenos Aireseko Nazioarteko Kongresu Eukaristikoan euskaraz egindako saioen buru izan zen.

1939an Buenos Airesera bidali zuten, Nuestra Señora del Valle eliza eta parrokiako goi-kargudun gisa. Hemen eman zituen hamahiru urteetan, Euskal Herrira itzuli zen arte, harreman estua izan zuen hiriko euskal koloniarekin, bereziki Europatik etorri berri ziren ekarpen berriekin, batez ere azken gerra zibilean garaitutako euskal erbesteratu abertzaleekin. Horrela, Ubaldo Abalia Buenos Aireseko euskal gizataldeko hainbat erakundek antolatutako ekitaldi zibiko-erlijioso askoren buru izango da; besteak beste, "Laurak Bat" euskal etxeko lokal berrien bedeinkapena, 1939ko urriaren 20an, Gernikako arbolaren kimuaren oinean lehen meza ospatzen. Oñatin hil zen 1952ko abuztuaren 16an.

Óscar ÁLVAREZ
GILA Amerikako Historiako irakaslea. Euskal Herriko Unibertsitatea