Literarias

Lehenago zen berandu (1995). Arantxa Iturbe

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Arantxa Iturbe (1964) kazetari eta idazlearen bigarren ipuin bilduma da 1995ean Alberdaniak argitaraturiko Lehenago zen berandu. Bizkaiko piper berde dozena legez 13 ipuin laburrek osatzen dute liburua: "Nor da berria?", "Silvia Mauriren heriotza", "Lehenago zen berandu", "Hamaika arrosa", "Gehiago galderarik ez", "Argazkiek ez dute gezurrik esaten", "Maria eta Jose", "Nik arrazoi", "Pentsamendu zelebrea", "510?, "Zure ama balitz", "Baietz ile-kizkurra izan!" eta "Ipuin honetara iristen denean".

Ipuinak kolpean irakurtzekoak dira, gizarte eta politikan bizi diren arazo korapilatsuak alde batera utzi eta sarritan konturatu gabe, begi aurrean pasatzen diren jazoeratan pausatzen dira. Ari bikoitza jarraitzen dute: alde batetik "eszenaz betetako liburua da" idazleak Argia (1995-VI-25: 42-23) aldizkarirako eginiko elkarrizketan aitortzen duen bezala, beraz ikusgarritasunaren klabean hartu beharrekoak; eta bestetik, jendeak egoera arrunt samarretan dituen erreakzioetan oinarritzen dena, surrealismo eta ironia puntu batez harturik, dena esan behar baita.

Idazleak giza sexuen gaiei lotutako pasadizo eta gaizkiulertuak plazaratzen ditu liburuan, baita emakumeen arteko adiskidetasunari buruzkoak ere. Horrela, emakume taldean kideetako baten harreman berri gaztea nola onartzen den adieraziko digu lehenak; telebistako aurkezle ospetsuaren heriotza nola hartzen duen bere lagun min eta miresle amorratuaren emazte ohiak bigarrenak; eta ondoren, aspaldiko amorante oraindik ahaztu gabea erreguka ari zaion emakumearen zalantzak, erabakiak besteren esku uzten dituzten bikotekideen eztabaida korapilatsua, senarraren bizitza bikoitzaz argazki dendako argazkiei esker jabetzen den andrearena, senarra aldatzeko garaia heldu zaiola pentsatzen duenarena, ama lehiakide duen alabaren ikuspuntua... Ideologiak garrantzia galdu duen mende bukaeran, egunerokotasuna bilakatu da idazle zorrotzaren jomuga. Gizon eta emakumeen arteko harremanek hartu dute arazo filosofiko eta politiko nagusien tokia, herriaren idealetako ikuspegi bukoliko eta idealismoa baztertuz.

"Askotan, eta ez maitasun kontuetan bakarrik, bi pertsonaren momentuak batera etortzea oso zaila izaten da" dio egileak, baina momentu horiek harrapaturik dute idazlea eta ideologiak gainbehera doazen XX. mende bukaeran giza eta sexuen arteko harremanen gaiei lotzen zaie, mitoei lekua kenduz. Hiriek eta bertako gatazkek protagonismoa hartu dute herria, baserria eta ikuspegi bukoliko liluragarriaren aurrean.

Arestian aipaturiko alde biak egoera-komediatan hain usukoak diren udako erromantzeen zirrararen, paparazien flasharen ikararen eta sketx dibertigarrien antza izanik, eszenaz eszena antolatutako kontakizunek, joera zinematografikoa ezartzen die narrazioei. Nahita dira ipuin labur eta bat-batekoak, kalean ikusitako edozein gertaera zein keinu xumek idazleari idazteko aitzakia eman balio legez. Alde horretatik, Carver-en ironiazko keinu okerraren eragina dute ipuinok, izan ere, hasi bezala bukatzen dira irri-arra baten imintzio txikiz.

Narrazioak, beraz, eta batez ere elkarrizketak, gain egiten dio egoera eta tokien deskribapenari. Ez da pertsonaien karakterizazio zehatzik ageri. Zertzelada arinak dira nagusi, eta baita egoeraren irri-arra bateko erabakiortasuna ere. Gertaerak kaleko giroan kokatuko dira, bada, inguru neutro arrunt eta zehazgabean, hirian batez ere. Emakume ahots batek gidatuko gaitu pertsonaia nagusiaren eta lekuko baten harremanen matazan barrena.

Giro horretan, hizkera funtzionalari ahozko jarduna eta kaleko bizimodua gehitzen die idazleak elkarrizketetan. Irakurlea berehala harrapatzen duen berebiziko bizitasun, arintasun eta prestutasuna nabaria da idazkiotan.

  • PETRIKORENA, J.J. "Harremanen mundu txiki hori distantzia motzetik begiratuta". in Argia. 1995-VI-25, 1536.zka.42-43 or.
  • ARISTI, P. "Ahotsik gozoena, lumarik gaiztoena". in Diario Vasco. 1995-VII-12. 20.or
  • ITURBIDE, A. "Atrebentziarik ez bada". Argia.1995.
  • MURUAGA, B. "Bikoteen bakardadea berriro". in Egunkaria. 1995-VII-30.
  • ZABALA, J.L. "Arinak ez du azalekoa izanik". in Egunkaria . 1995-VI-29. 26. or.