Arquitectura

Oñatiko Udaletxea

Aro Modernoak aldaketa politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalak ekarri zituen eta honek izugarrizko bilakaera bultzatu zuen eremu artistiko guztietan, besteak beste, arkitektura esparruan. Kontutan hartu behar da garai honetan botere zibila botere erlijiosotik aldentzen hasi zela. Horren ondorioz, baliabide ekonomiko handieneko hiribildu eta herrietan udaletxeak edo kontzeju-etxeak eraiki ziren, udalerriko premia berriei bertatik erantzuteko eta, bide batez, botere erlijiosotik libre geratzeko.

Adituen ustez, Euskal Herriko udaletxeen egitura soila da. Eraikin neurritsuak dira, kanpotik latzak eta zorrotzak. Berezkoak dituzten ezaugarriak hauek dira: oinplano aglomeratua eta patiorik gabekoa, beheko solairu arkuduna, lehenengo solairuan batzar aretoa eta balkoi luzea, fatxada nagusiaren goiko partean tokian tokiko armarria eta teilatu hegal zabala eta zizelatua.

Eraikin mota hauek, agintarien seriotasuna, zorroztasuna eta gobernu ona adierazi nahi dute. Hortaz, ez dute, oro har, dekorazio nabarmenik eta ez dira arranditsuak izaten. Hala ere, Gipuzkoako hainbat udaletxetan XVIII. mendeko Luis XVI.aren frantses kutsuaren eragina sumatzen da. Oñatiko udaletxea da horren eredu.

Oñatiko udaletxea eraikitzea 1758. urtean erabakitzen da. 1764. urtean hasi zen gauzatzen eta, hainbat arazo eta zailtasun gainditu ondoren, 1783. urtean amaitu zuten. Eraikina egin baino lehen, kontzejuko kideak alkatearen etxean biltzen ziren baina, herriko behar berriak eta arazoen konplexutasuna zirela eta, eraikin berri bat egitea erabaki zen.

Gaztelako Kontseiluari baimena eskatu eta onarpena jaso ondoren, eraikuntza berria altxatzeko kokapen egokiena bilatu zen. Aukeratutako lekua herriko tokirik aproposena izan zen, egungo Plaza Nagusian edo Foruen enparantzan.

Traza burutzen duen arkitektoa Martin de Carrera da eta, badirudi, Hercules Torrelli arkitekto frantsesak Donostiako udalerako diseinatutako eskemaren eragina duela. Barruko egiturak Euskal Herriko udaletxearen tipologia jarraitzen du. Kanpoaldea, ordea, barroko rococo estilo frantsesekoa da eta eragin hori ulertzekoa da, Gipuzkoako lurraldea Frantziatik hurbil baitago.

Oñatiko udaletxeak oinplano angeluzuzena du eta eraikin bakartua da, hots, libre dago alde guztietatik. Lau isuri aldeko teilatua dauka eta altueran hiru solairu eta ganbara dauzka.

Fatxada nagusia, Foruen enparantzara begira dagoena, harlanduzkoa da eta hiru solairuetan banatuta dago. Beheko pisuak, atariduna dena, hiru arku beheratuz hornituta dagoen arkupe bat dauka. Gorputz hori hiru horma arteko ertz ganga batez estalita dago eta sarrera nagusia eta bi leiho babesten ditu.

Beheko pisuko arkupearen gainean balkoi nagusia agertzen da. Hiru hutsartekoa da, luzea eta irtena. Horren azpitik agerian dauden modiloiak eusten dute balkoiaren egitura eta gorputz honek osatzen du lehenengo pisuaren elementu deigarriena.

Bigarrengo solairuak ate bakarreko hiru balkoi ditu; lehenengo solairuko arkuekin konparatuz, neurri txikiagokoak dira baina, apaingarriak izan ezik, antzeko ezaugarriak dituzte. Besteak bezala oso beheratuak dira ere.

Goiko parteak teilatu hegal zabala erakusten du. Bertan, zizelkatutako harburuak eta molduratutako erlaitza azpimarratu behar dira. Erdiko atal honetan, herriko armarria babesten duen hiruki-formako frontoia gailentzen da. Jakina da eskema hau Herkules Torrelli arkitektoari zor zaiola, Donostiako udaletxerako egindako proiektuan agertzen baitzen jada.

Dekorazioaren aldetik, fatxada nagusian apaingarri barroko eta rococo ugari pilatzen dira. Osagai horien artean honako hauek aipatzekoak dira: moldurak, mentsula dekoratuak, frontoi kurbatu hautsia, belarriz eta osagai apaingarri finez hornituak dauden atezangoak, girlanda eroriak eta balkoietako forja-lanak. Horretaz gain, goitik behera doazen eta fatxadaren horma artikulatzen duten lau pilastra erraldoi itsatsiak azpimarratu behar dira ere. Teilatuan, pilastren gainean, hainbat elementu kurbatu apaingarri gailentzen dira, eraikinaren liraintasuna nabarmenduz.

Gainerako fatxadak harlangaitzezkoak dira, beheko pisuaren hormak, izkinak, baoen markoak, platabandak eta erlaitza izan ezik, harlanduzkoak baitira. Fatxada nagusia ez bezala, eraikinaren beste aurpegiak lau solairutan banatzen dira: beheko pisua, bi solairu eta ganbara. Baoen banaketan funtzionaltasuna ezartzen da eta, horma zeharkatzen duten platabandak izan ezik, ez dago dekoraziorik.

Eraikinaren barneko aldean eskailera nagusia eta lehenengo solairuko areto nagusia nabarmentzen dira. Azken hau arkupeko hiru arkuen gainean kokatzen da.

Oñatiko udaletxea udal-izapideaz arduratzeaz gain, alkatearen etxea, artxiboa, armategia, kartzela eta alondegia izan zen. Eraikinean liraintasuna, apaindura eta traza bikaina nabarmentzen dira. Nahiz eta Arrasatekoaren antzeko estiloa izan, Oñatikoa aberatsagoa eta arranditsuagoa da. Gainera, Arrasateko eraikinean ardatza horizontala nagusitzen da, Oñatiko udaletxean, berriz, bertikaltasuna da nagusi. Dena den, bi kasutan, Martin de Carrera arkitektoak diseinatutako trazak apartekoak dira.

Eraikin horiez gain, Martin de Carrera arkitektoak beste traza eta obra batzuk burutu zituen, adibidez, Albiztur eta Alegiako udaletxeak, Zalbidegoitiako jauregia, Orendain eta Eskoriatzako San Pedro elizak, Tolosako Santa Mariako dorrea eta kanpai-horma, eta Ibarra eta Aretxabaletako parrokia elizako dorreak.

  • ASTIAZARAIN, María Isabel. Arquitectos guipuzcoanos del siglo XVIII. Manuel Carrera, Manuel Martin de Carrera. Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia. Kultura, Hezkuntza, Kirol eta Turismo Departamentua, 1991.
  • CENDOYA ECHANIZ, Ignacio. Arkitektura eta hirigintza Gipuzkoan. Bilbo: Ortzadar Bilduma. Gero-mensajero, 1995.
  • ISASA, Pedro; LINAZASORO, Iñaki. Gipuzkoako udaletxeen marrazkiak. Dibujos de las casas consistoriales de Gipuzkoa. Donostia: Kutxa Gizarte eta Kultur Fundazioa, 1995.
  • SAÑUDO-LASAGABASTER, Blanca. Estudio histórico y arquitectónico de las casas consistoriales guipuzcoanas de los siglos XVII y XVIII. Donostia: Estudios e informes bilduma. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, 1985.
  • YRIZAR, Joaquín. Las casas vascas: torres, palacios, caseríos, chalets, mobiliario. Bilbo: Libreria Villar, 1980.