Literarias

Bost Urtian (1929). Toribio Altzaga

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

1922an estreinatua eta 1929an Euskaltzaleak elkarteak Tolosan argitaratua, Toribio Altzagaren Bost Urtian egilearen antzezlan jokatuenetakoa eta entzutetsuenetakoa da dagokiguna, "zeharo altzagatarra", A. M. Labaien Ayanberen hitzetan. Marcelino Soroaren aginduetara, Ziburun Iriyarena antzezlanean mutiko zela parte hartu zuenetik, antzerkiari lotutako bizitza izan zuen Altzagak, dela antzerki-obren egile bezala, dela kultur eragile bezala (besteak beste Euskal Iztundearen zuzendari gisa, 1915etik aurrera). Oparoa bezain askotarikoa izan zen donostiarraren antzerkirako sorkuntza, eta genero, taxu eta neurri oso ezberdineko lanak ondu zituen: bakarrizketak, elkarrizketak, ekitaldi bateko, biko nahiz hiruko antzezlanak, operak, eta baita itzulpen-egokitzapenak ere (P. Loti eta W. Shakespearerenak, kasu). Marcelino Soroarekin hasitako antzerki-moldearen jarraitzaile izanik ere, Altzaga lehenengo urratsak egiten ari zen euskal antzerki modernoaren maila igotzen ahalegindu zen, eta horren lekuko dira egin zituen itzulpen-egokitzapenak, nahiz bestelako gai eta giroak erretratatzen zituzten antzezlanak (XVI. mendean girotutako Amantxi, adibidez).

Nolanahi ere, arnas herrikoikoa da Altzagaren sorkuntza gehiena, elkarrizketa bizi, pipertsuetan oinarritzen den umore erraza ezaugarri duena eta goranahi asmorik gabea. Halakoxe obra da Bost urtian, bi ekitalditan banatutako antzezlana, non Soroari ikasitako baliabideei -elkarrizketa biziak, egoera xelebreak, umore herrikoia- etekin handiea ateratzen dien Altzagak. Dena den, 1888an Aterako gera! lehenengo obra idatzi zuenetik hiru hamarkadatara idatzia dela kontuan izanik, Altzagaren antzerkia hasieran baino helduago ageri da Bost urtian lanean: bi ekitaldikoa da, hasierako lanak ez bezala, hizkuntzak herrikoia izaten jarraitzen badu ere; fonetismo eta txokokeria gutxiago eta zuzentasun handiagoa agertzen du, eta pertsonaiek, arketipikoak izanik ere, sendotasun handiagoa dute.

Altzagaren beste obra batzuetan bezala, paralelismoak eta kontrasteak dira antzerkia egituratzen duten baliabide nagusiak. Hots, bi ekitaldietan egoera ia berbera errepikatzen da, baina bien artean aldaketa handiak gertatu ostean. Hala, ekitaldien arteko tartea ispilu modukoa da; bigarren ekitaldiak lehenengo ekitaldiko osagai berberak ditu, baina egoerak eta pertsonaiak itxuraldatuta eta iraulita daude. Lehen ekitaldian, Ameriketara itzultzera doazela eta agur egiteko, hainbat lagun hartuko dituzte Axun eta Pantxo senar-emazte aberatsek euren etxean: Lukax, bizimodua ozta-ozta ateratzen duen gizon bizia; Txilborra, gizon txiro eta alferra, lanerako gogorik gabea; eta Damasa eta Patrixio, senar-emazte txiro baina zoriontsuak, daukatentxoarekin pozik bizi direnak. Bigarren ekitaldian, izenburuak iradokitzen duen bost urteko epea igarota, Ameriketatik itzuli diren senar-emazteek lehenagoko pertsonaia berak hartuko dituzte etxean. Bitarte horretan, baina, lehen pobreak ziren pertsonaiak aberastu eta eraldatu egin dira, bizimodua eta nortasuna ere aldatu zaielarik. Lanerako gogorik ez zuenak (Txilborra), orain, alferrak mespretxatzen ditu, dirutzaren jabe egin ostean; pobrea zena besteren lepotik aberastu da (Lukax); eta juxtuarekin pozik bizi zen bikoteari erabat hondatu die zoriona dirutzak (Damasa eta Patrixio).

Donostiak eta Gipuzkoak aldaketa sozial handiak eta loraldi ekonomiko indartsua bizi zuenean idatzitakoa da dagokigun lana; Altzagak sasoi hartako gatazka eta talka sozial eta ekonomikoak ilustratzen ditu antzezlan honen bitartez. Kritika sozialak badu lekurik obran, egilearen beste zenbaitetan bezala eta, hala, bi ekitaldien arteko kontrasteaz baliatuz, garaiko zenbait joera, diruzalekeria batez ere, ageriak uzten ditu. Dena den, Xabier Mendigurenek azaldu izan duen bezala, egoera anbiguoan eta kontraesankorrean kokatzen da Altzaga, izan ere, ez du aberastasuna eta burgesia kritikatzen, ezpada aberasteko zenbait modu eta bide. Izan ere, antzezlan honek eredugarritzat aurkezten ditu Pantxo eta Juxto, Ameriketan aberastutakoak, eta, aldiz, Euskal Herrian aberastu direnak diruzale eta eskrupulurik gabekotzat jotzen ditu. Pantxo pertsonaiak ordezkatzen du Altzagaren jarrera kritikoa, eta bere esaldi honekintxe amaitzen du lehen ekitaldia: "Jaungoikoaren jakintza neurrigabeak erabakia zeukak: "Ire kopeteko izardiyarekin"". Maxima horretan laburbiltzen da Altzagak obran zabaldu nahi duen mezua: zilegi da aberastasuna, baina betiere norbere lanaren emaitza denean, eta besteak azpiratu gabe egiten denean. Jarrera populista hartzen du egileak, ahularen alde jarriz, baina, aldi berean, aberastasuna zilegi dela agerian utziz. Aberastasuna lortzeko darabilten bidearen arabera epaitzen ditu pertsonaiak Altzagak, kristau ikasbideari aipamen bat baino gehiago eginez.

Diruzalekeriari egiten dion kritika agerian jartzeko bi ekitaldien arteko kontrasteaz baliatzen da Altzaga. Hala, antzezlanean, bere obra guztian zehar bezala, trama eta argumentua oso da ahula eta sinplea. Kritikak agerian utzi duen bezala, Altzagaren obra dramatikoa ez da gai-trama sakonak eta konplexuak garatzeko, eta, horren ordez, ekintza unitaterik ia gabeko eszenak aurkezten ditu, ekintzan bainoago pertsonaien arteko elkarrizketetan oinarritzen direnak. Halatsu Bost urtian honetan ere, ekintzak eta pertsonaien garapena eta aberaste bidea elipsiaren bidez baino ez da azaltzen, ekitaldi batetik besterako tartean gertatzen baitira ekintza guztiak. Obraren espazioa bakarra eta itxia da obra osoan zehar: Pantxo eta Axunen etxeko egongela, bertan dute lekua obrako elkarrizketa guztiek. Espazio pribatu horretan islatzen dira, pertsonaien sartu-irtenen bidez, garaiko gatazka sozial eta ekonomikoak. Elementu eszeniko urriekin osatutako antzezlana da, beraz, Altzagaren lanek ohi zutenez.

Pertsonaiei dagokienez, bestalde, tipoez baliatzen da autorea lehenengo nahiz bigarren ekitaldietan: langile saiatua, alfer mozkortia, diruzale bihozgabea... Nortasun eta sakontasun gehiegirik ez duten pertsonaiak aski ditu Altzagak ilustratu nahi dituen gatazkak eta kontrasteak azaleratzeko. Elkarri kontrajartzen zaizkion tipoak behar ditu egileak kritika sozialak arrakastarik izango badu. Pertsonaien sakontasun urria eta tramaren sinpletasuna ez dira oztopo; nolanahi ere, Altzagaren lanean, egileak badu bestelako baliabiderik ikuslearen arreta mantentzeko eta txaloak jasotzeko: umorea, nagusiki hizkuntzaren baliabideetan oinarritzen dena. Soroak abiatutako bideari jarraiki, Bost urtian lanean hizkuntzaren erregistro espresiboak ustiatzen ditu Altzagak umorea egiteko: gaizkiulertuak, hitz-jokoak, esanahi bikoitzak, ateraldiak, txisteak, irainak, kontrasteak eta beste hainbat baliabide ditu lehengaitzat. Hartzaileari gertukoa egiten zaion hizkeraz baliatzen da Altzaga, Donostiako esamoldeak, hitzak eta lokuzioak erabiliz, eta lexikoa bera era umorearen zerbitzura jarriz eta moldatuz.

Altzagarena da XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako euskal teatro modernoaren lehenengo urratsetan nabarmentzen den izena, izan baitzuen ikuslea asetzeaz gain bestelako kezkarik ere, 1912an azaldu zuen bezala: "es hora de que en las obras vascas no se fíe al patriotismo del público el éxito de aquéllas, sino que procure obtenerlo mediante el concurso de cuantos medios ofrece el arte para el mayor esplendor de las representaciones dramáticas". Kezka formulatzeaz bat, Altzagak bere obraren bidez erantzun nahi izan zion asmo artistikoari, Soroarekin abiatu zen antzerkiari maila jasoagoa emanez. Nolanahi ere, Bost urtian da lekuko, donostiarra ez zen urrundu ikuslegoak eskatzen zuen antzerki herrikoitik, eta ez zen euskal antzerki burgesa egikaritzera heldu, Xabier Mendigurenek azaldu duenez, besteak beste, Altzagak ez zuelako osoro bat egiten bere garaian EAJren inguruan egituratzen ari zen burgesiaren balioekin, 1922an plazaratutako obra honek erakusten duen gisan.

  • ALDEKOA, Iñaki. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 2004.
  • KORTAZAR, Jon. Euskal literatura XX. mendean. Zaragoza: Prames, 2000.
  • MENDIGUREN, Xabier. "Toribio Alzaga edo euskal teatro burgesaren nahi eta ezinak" hitzaurrea in T. Alzaga Jostirudiak eta Irritza. Bilbo: EEE-Labayru, 1990.
  • MENDIGUREN, Xabier. Toribio Alzaga. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1999.
  • URKIZU, Patri. Euskal teatroaren historia. Donostia: Kriselu, 1975.
  • URKIZU, Patri. Euskal antzertia. Donostia: Euskadiko Antzerti Zerbitzua, 1984.