Poetry

Urrundik (1945). Telesforo Monzon

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Garai bateko idazle asko eta asko bezala -Lauaxeta, Lizardi, ...- politikagintzan ibilitakoa da Telesforo Monzon, eta engaiamendu politikoak aztarna sakonak utzi zituen bere obra literario anitzean (olerki-kantagintzan ezezik antzerkigintzan ere). Urrundik olerki sortaren garrantzia, gure literaturaren historian, bere argitalpen uneari dagokio hein handi batean, ez baita preseski bere lan borobilena edo entzutetsuena. Gerra osteko euskarazko ia lehen liburua da -ez bada lehena- eta Mexikoko Pizkunde argitaletxe berean agertutako Jokin Zaitegiren Goldaketan bilduma poetikoarekin batera gerra aurreko olerkari abertzaleen iraungitzea eta gerraondoko idazle berrien agerpenaren arteko tarte iluna betetzera dator.

Urrundik obraren azpititulua "Bake-oroi" da eta Monzonek hitzaurrean iragartzen duenez "Guda oroi" izeneko bigarren parte bat ere idaztekoa bazeukan ere ez zen inoiz idaztera iritsi. Lehen liburu honen asmoa arrazoi politikoengatik erbesteratu behar izan den euskaldun baten herriarekiko sentimenduak aztertzea da, oroimenean bermatuz. Liburuak atal ezberdinak izan arren -luzera aldetik ez oso orekatuak, eta edukiari dagokionez tematikoki sailkatuak-, eta lehen olerkia Lauaxetaren "Gaixorik nago" aldarri erromantikoaren bertsio arindu bat izan arren (oso arindua), Jon Kortazarrek inon komentatzen duen moduan, bilduman zehar nagusitzen dena kostunbrismo ironikotzat jo daiteke. Bergara sorterriaren aipamen samurra (atal oso bat eskaintzen dio), itsastarraren eta artzainaren figuren laudorioa (Txomin Agirreren arketipoak gogora ekarriz), pilota partida baten kontaketa... Ideologia jeltzale tradizionalean oinarrituz -izena, lurra, Yaingoa, euskaldunen egalitarismo primitiboa- eta gerra aurreko olerkarien topoiak baliatuz -euskal paisaiaren osagai humano zein naturalen alegorizazioa eta idealizazioa, euskal historiaren errepaso laudatzailea (Elkano, Aita Vitoria, Bolibar...)- Monzonek guztiari itxura herrikoi eta eskuragarriagoa ematen dio. Eta ez da kasualitatea hitzaurrean Iparragirre aipatzea. Izan ere, bildumaren amaieran paratutako partiturek aditzera ematen dutenez, olerki hauek herriak kantatzeko konposatu edo idatzi zituen autoreak. Borondate hori are argiago azaltzen da olerki pare batean Monzonek ahapaldi bat gehitzen duenean narratzaile-poetaren ondotik " erria "-ri hitza emanez (antzerki klasikoko koroa bailitzan).

Ordura arteko poesian agertzen ez den figura da, aldiz, Monzonek goraipatzen eta idealizatzen duen gudariarena. Aberriaren aldeko deiak eta aldarriak sarritan aurki daitezke, baita XIX. mendeko idazleen testuetaraino joanda ere, baina gudari abertzalearen figura hemen agertzen da lehenengoz modu horretan ordezkaturik. Gerra tartean izan delako zantzu bat, dudarik gabe. Gudaria Monzonen kantagintza berriak ospetuko dituen beranduagoko olerkietan ere behin eta berriro aipatuko da, jakina denez.

Monzonen poesia pertsonala edo intimista ez bada ere, tarteka, ia nahigabe, sentimendu bereziren batek ihes egiten dio. Kasurako, "Tropikotik" olerki labur bezain hunkigarrian, non negu-mina pairatzen duela aitortzen duen. Eta oro har harturik, esan daiteke ikuspegi baikor eta neurri batean epikureoa -dantzaren aldeko eta Elizaren zentsuraren aurkako testuan- dela Monzonek bere olerkien bitartez herriari eskaintzen diona, gizona halakoa zelako izatez, ala egoera latz hartan "herriak" itxaropena behar zuelako...