Poetry

Kartografia (1998). Rikardo Arregi Diaz de Heredia

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Kartografia Rikardo Arregi Diaz de Herediaren bigarren poema-liburua izan zen, Hari hauskorrak (1993) izenburuko poema-liburuaren ondoren agertu zen. 1998an argitaratu zen, eta, hurrengo urtean, Kritika Saria lortu zuen. 2000n liburuaren gaztelerazko itzulpena ere agertu zen. Ordura arte idazlearen literatura-produkzioa ez zen oso luzea izan, baina liburu horrekin frogatu zuen 90eko hamarkadan ibilbide poetikoa hasi zuten idazleen arteko interesgarrienetako bat zela.

Montañas en la niebla liburuan Kortazarrek idazleari eskaintzen dion atalean azpimarratzen duenez, bigarren liburu hori lehenengoa baino landuagoa eta koherenteagoa da, aurreko poema-bilduma hartan agertzen ziren zenbait ezaugarriren aztarnak (esate baterako, estetizismoaren eta kulturalismoaren presentzia, motelduta hala ere) oraindik ere mantentzen diren arren.

Dagokigun liburuko poemak bost sailetan bilduta daude, eta sail bakoitza izenburuan (Kartografia) aldez edo moldez iradokitzen den geografia baten presentziarekin loturik dago. Hauexek dira bost atalen izenburuak:

  1. Zeru-lurren artean
  2. Carte-à-figures
  3. Terra incognita
  4. Musikaren lurraldeak
  5. Begi aurrean ditudan itsasoak

Gauzak horrela, ematen du poeta geografia propio baten bila dabilela, unibertsoan bere burua kokatzeko toki bat beharko balu bezala. Espazioaz ari zaigu liburuan, eta identitatea bermatzeko nahiarekin lotu dezakegu lekua bilatzeko ahalegin hori, batez ere geografiarekin erlaziona litekeen nazio-identitatea bide bazter geratu delarik.

Edonola ere, espazio hori ez da tokiaren fisikotasunean bilatzen, haren errepresentazioan baizik, geografia kartografiaren bidez gauzaturik agertzen baitzaigu. Era horretan, idazleak toki fisiko zehatzaren estilizazioa eta sinbolizazioa ere bilatzen dituela ikusten dugu.

Arregiren langintza poetikoaren funtsa honela defini daiteke: zehatza, hurbila, den (dirudien) inguru batetik abiatzen da espazioaren bilaketan; baina espazio zehatz hori abiapuntua baino ez da eremu unibertsalera heltzeko; inguru geografiko zehatz batean (hiria, kalea, taberna...) oinarrituta, Rikardo Arregik esperientzia berezi bat gehitzen du, espazio hori gaindituz eta unibertsalizatuz; toki jakin bati lotutako arazo zehatzek, hortaz, mugez haraindi egiten dute, guztion desioak, grinak, beldurrak eta lehiak islatzeko. Bada, espazio hurbilen unibertsalizazioan poeta, nolabait, bikoiztuta gertatzen da.

Zentzu horretan, eredugarria izan daiteke "66 lerro hiri setiatuan" izeneko poema, ia enblematikoa da, dagokigun liburuaz hitz egitean nahitaez aipatu beharrekoa: hiri setiatuak, Sarajevok, mapa batean kokaturik dagoen puntuak, telebistako ikuskizuneko minutu batzuen markoa izateari utzi dio idazleak bere hirian bertan imajinatzen duenean Sarajevoko eguneroko bizimodua. Sarajevo ez da leku zehatz bat bakarrik, Gasteiz izan daiteke, eta, ondorioz, Gasteiz (gure espazio hurbila, gertuko ingurua) munduko beste edozein leku izan daiteke. Guri egokitu zaigun espazio zehatza kontingentzia hutsa da, munduaren metonimia, nolabait. Poema hori miresgarria da, inolako dudarik gabe, eta gerrak gaurkotasun handia eman zion bere momentuan. Alde horretatik, ez da harrigarria askotan aipatu izana, baina, horrexegatik, liburuan agertzen diren beste poema batzuk itzalean utzi ditzake, Kortazarrek adierazten duen moduan.

Anekdota zehatzak, partikularrak, sinboloaren mailara iristen dira, eta erakusten da leku bat izan daitekeela leku guztiak. Metamorfosi hori hitz poetikoei esker gertatzen da; izan ere, hauxe baita poesia horren beste ezaugarri bat: idazkera bera, erraza baina lan handiaren ondorioa, akatsik eta hutsunerik gabeko idazkera poetikoa, alegia.

  • ARREGI DIAZ DE HEREDIA, Rikardo. Kartografia. Donostia: Alberdania, 1998.
  • JUARISTI, Felipe. "Espazioan barrena". Diario Vasco. 1999/11/06 [Interneteko bertsioa: http://kritikak.armiarma.com/?p=2380].
  • KORTAZAR, Jon. "Rikardo Arregi Diaz de Heredia. Del esteticismo considerado una de las bellas artes" in Jon Kortazar (ed.) (2006): Montañas en la niebla. Poesía vasca de los años 90. Bartzelona: DVD Ediciones, 2006.