Literary Figures

Hamaika pauso (1995). Ramon Saizarbitoria

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944) nobelagileak 1995ean argitaratu zuen Hamaika pauso (Erein, 1995, Donostia) nobela, donostiar idazlearen laugarren nobela. Hamaika pauso nobelak R. Saizarbitoriaren bigarren aldi literarioa zabaldu zuen. Izan ere, Hamaika pauso nobelaren argitalpenarekin Ramon Saizarbitoria nobelagileak ia hogei urteko isilaldia hautsi zuen, 1976an Ehun metro eta Ene Jesus nobelak argitaratu zituenetik nobelarik argitaratu ez zuelako.

Hamaika pauso nobela belaunaldi baten erretratutzat hartu izan dute hainbat kritikarik (Kortazar, 2000, 150; Olaziregi, 2001, 53), eta hartara, belaunaldi baten heziketa sentimentalaz, intelektualaz eta politikoaz jarduten du (Aldekoa, 2004, 268). Kritikari horiek nobelan oroimenak duen garrantzia aipatu izan dute (Kortazar, 2000, 150; Olaziregi, 2001; Aldekoa, 2004, 267-268). Gainera, nobelan irudikatzen diren gertakari historikoak 1973tik 1984ra artean gertatzen dira, gutxi gorabehera (Olaziregi, 2001, 52), trantsizio-politikoaren garaian, hain zuzen ere. Hamaika Pausok nobela baten idazketa-prozesua eta harrera-prozesua du kontagai: Hamaika Pauso izeneko nobelaren egilea da protagonista nagusia, Iñaki Abaitua. Abaituaren nobela horrek 1975eko fusilatzeak ditu kontagai, zehazki, Daniel Zabalegiren azken egunetan jartzen du arreta. Daniel Zabalegi Anjel Otaegiren alter ego literarioa da, nobelan erabilitako dokumentuek eta datuek Otaegiren fusilatzea gogora dakartelako; gainera, liburuaren azalak ere irakurlea lotura hori egitera bideratzen du, Anjel Otaegiren irudia ageri baita.

Beraz, belaunaldi baten eta aro-aldaketa baten kontaketa egiten da nobelan. Azken batean, aro-aldaketa horrek eta trantsizio garaiko eraldaketa sozial, kultural eta politikoek belaunaldi bateko zenbait pertsonengan utzitako aztarnak, oroitzapenak, lotura afektiboak eta bizipenak kontatzen dira. Trantsizio-politikoarekin batera, Hamaika pausoko Iñaki Abaitua protagonistaren (eta lagun taldearen) bizimoduan ere aldaketa handiak izan dira (ideologian, sentimenduetan, lan-esparruan...). Trantsizio-garaian gertaturiko zurrunbilo sozial eta politikoek erabat baldintzatu zuten gazte horien helduaroa ere, garai horretan bizi izan baitzuten haien trantsizioa gaztarotik helduarora. Aro-aldaketa horren berri emateko ahots aniztasuna erabili du egileak, eta erregistro anitzeko testu txatalak josi ditu: elkarrizketak, oroitzapenak, pentsamendu filosofikoa, prentsa zatiak, sumarioko pasarteak... Hamaika pauson biltzen diren gogoetek iradoki bezala, memoriak ezin du historia antzeman edo historiaren osotasunaren berri eman. Memoria, ezinbestean, partziala eta lausoa da. Nobelan bertan Claude Simonen aipu hau egiten da: "Memoria plater hautsi bat da". Hamaika pauson memoria hautsi hori irudikatu da, eta haustura hori irudikatzeko, jarraikortasunik eza eta erlatibismo hori irudikatzeko, ahots aniztasuna eta erregistro aniztasuna erabili dira.

Bestalde, Hamaika Pauso nobelan auto-kontzientziak garrantzi handia du, eta hartara, literaturaz jarduteko idazketa/idazkera literarioa baliatu du Saizarbitoriak, diskurtso eta begirada metaliterarioak zeharkatzen baitu nobela osoa. Sorkuntza-prozesuaren, idazketa-prozesuaren kontzientzia-hartzearen inguruko nobela ere bada, eta horrekin batera, memoria idazteko edo gordetzeko prozesuaz ere hitz egiten du. Nobelak, bada, bere buruaz hitz egiten du maiz, bere buruaren ispilu bihurturik dugu, mise en abyme konplexua osatuz. Azken batean, Iñaki Abaitua pertsonaia nagusia nobelagilea dugu: hain zuzen ere, Daniel Zabalegiren fusilatzearen istorioa kontatzen duen Hamaika Pauso nobelaren idazlea. Unibertso narratiboan Iñaki Abaituaren idazketa- eta sorkuntza-prozesuaren hainbat alderdi kontatzeaz gain, nobela argitaratu ondorengo harreraren berri ere ematen zaigu. Hamaika pauso nobelaren unibertso literarioa metadiskurtsoz beterik dago, eta etengabeak dira literatur sorkuntzaren inguruko hausnarketak, narrazioa edo kontakizunaren egitura, mugak eta izaeraren inguruko gogoetak. Gainera, Iñaki Abaitua nobelagilea hiztegigilea ere bada, eta nobelan zehar ugariak dira hitzen definizio zehatzen bilaketa-saioak. Hiztegi-egileari zail egiten zaio hitzak definitzea, eta ohartu egiten da bizitza afektiboak hitzen konnotazioan eragin ikaragarria duela.

Ondorioz, Hamaika Pauson testuartekotasuna ere etengabea da, baina, hainbat idazleren obrei keinuak egitearekin batera (Camus, Pavese, Sartre...), Saizarbitoriaren aurreko nobelei ere keinu egiten zaie nobelan, batik bat Ehun metro nobelari, Saizarbitoriaren nobela ezagunenari. Ugariak dira Hamaika Pauso eta Ehun metro nobelen arteko kidetasunak: bi nobeletan pertsonaia nagusiaren heriotza-aurrea da kontagai; bi nobelotan poliziak tiroz hiltzen du pertsonaia horietariko bat; bi nobelotan, heriotzaren lekukotza istorioaren zutabe nagusietariko bat da; bi nobelotan hiltzear edo asasinatzear den pertsonaia nagusiarekin harremanetan jartzen dira gainerako pertsonaiak, iritziak, oroitzapenak eta istorioak; eta abar.

Kritikari zenbaitek 90eko hamarkadako hiru nobela mugarrien artean kokatu dute Hamaika Pauso. Jon Kortazarren (Kortazar, 2000, 152) ustean, "Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean eta Anjel Lertxundiren Otto Petterekin batera, azkenaldi honetako euskal eleberrigintzaren urrezko triangelua osatzen" du. Iban Zalduak (2002, 20) ere "90eko hamarkada hiru eleberrik ardazten dutela" adierazi du, eta baita hiru eleberri jakin horiek aipatu ere. Iñaki Aldekoak (1998) "Euskal nobelaren zirrikitutik hiru begirada" proposatu zituenean, hiru nobela horien irakurketa eskaini zuen. Eta Aldekoaren (Aldekoa, 2004, 256-286) Euskal Literaturaren Historian ere, 90eko hamarkadako nobelagintza hizpide duelarik, atal banatan kokatzen dira nobelagile horien sorkuntzak. Hiruko ardatz hori, beraz, ia aho batez aldarrikatu zuten kritikariek 90eko hamarkadaren hondarrean, eta baita XXI. mende hasierako lan orokorrenetan ere. Argi dago nobela horiek ezin ukatuzko mugarri izan zirela 90eko hamarkadako nobelagintzaren ibilbidean: batetik, hiru nobela horietariko bakoitzak orduko nobelagintzan berritzaile ziren mundu narratiboak eta ikuspegi narratiboak eskaini zituen; bestetik, idazle horietako bakoitzaren ibilbidean nobela horiek aro berri baten abiaburu izan ziren. Hamaika pauso, beraz, 90eko hamarkadako nobelagintzaren ikur bilakatzearekin batera, Saizarbitoriaren ibilbidean ere mugarri izan da. Ordutik aurrera idatziriko narrazio edo nobeletan -Bihotz bi, eta Gorde nazazu lurpean nobeletan- kontatzeko teknikak erraztu eta sinplifikatu egin dira, eta ahots narratiboak murriztu.

Hamaika pauso gazteleraz argitaratu zen 1998an, Los pasos incontables izenburupean.

  • ALDEKOA, Iñaki. Mendebaldea eta narraziogintza. Donostia: Erein, 1998.
  • ALDEKOA, Iñaki. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 2004. [Euskaraz: Euskal literaturaren historia. Donostia: Erein, 2008.]
  • KORTAZAR, Jon. Euskal Literatura XX. mendean. Zaragoza: Pramés, 2000.
  • OLAZIREGI, Mari Jose. Ramon Saizarbitoriaren unibertso literarioa. Bilbo: Labayru Ikastegia, 2001.
  • SAIZARBITORIA, Ramon. Hamaika pauso. Donostia: Erein, 1995.
  • SAIZARBITORIA, Ramon. Los pasos incontables. Madrid: Espasa Calpe, 1998.
  • ZALDUA, Iban. Obabatiko tranbia. Irun: Alberdania, 2002.