Architecture

Azucarera Alavesa lantegia. Gasteiz

Azucarera Alavesa lantegia Gasteizen dago kokatua (42.857162,-2.718818), Otoen Hiribidean, Ali-Gobeo poligono industrialaren barruan. 1901 eta 1902 urte bitartean Fausto Íñiguez de Betolaza arkitektoak diseinatu eta eraiki zuen, eta 1904 urtean ireki zen azukrea egiteko. Arabako lehen eraikin industriala izan zen eta Euskal Herriko ondare industrialaren erakusle bikain bat da. Bere aintzintasuna eta balio estetiko eta historikoak kontutan hartuz, 2000an lantegi hau Eusko Jaurlaritzak Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartu zuen Kultura Ondasun gisa eta Monumentu izendapenaz.



Ver mapa más grande

Eraikin honen xedea erremolatxa pulpan eraldatzea zen eta produkzio aipagarria izan zuen 1904an ireki zenetik. 1905ean Espainiako "Sociedad General Azucarera"ren parte zen eta bere lanaldiak 1966 arte iraun zuen, urte horretan biltegi izatera pasa zelarik. Jatorrizko lantegiak okupatzen zituen 8.000 metro karratuak ez dira osorik kontserbatu ordea. Gaur egun pabiloi nagusia eta lantegiaren sinbolo bat bihurtu den tximini luze bat daude bakarrik, baina horrek ez dio baliorik kentzen.

Lantegi hau Fausto Iñiguez de Betolazak (1849-1924) diseinatutako lehen obra industriala da eta estilo historizista eta funtzionaltasun garbi bat uztartzen ditu. Pabiloi nagusia izan zenak oinplanta laukizuzen edo basilikalak dituzten hiru nabek osatzen dute, barruan espazio bakar bat sortuz. Arkitektura industrialean beharrezkoa den espazioaren batasuna metalezko zutabe batzuk banatzen dute, eta estalkiari dagokionez, bi isuriko teilatuaren armadura polonceau zertxekin eraikia dago. Hiru nabe hoietatik erdikoa zabalagoa da eta bi altueratan artikulatua. Erritmo bakoititan antolatutako leiho luze batzuek urratzen dituzte eraikinaren hormak alde guztietatik, eta horrek argitasun bikaina ematen dio espazioari.

Pabiloiaren atzekaldean zutik dirauen tximinia zilindrikoa da eta estetika xumea dauka, bere funtzioari moldatuta. Hala ere, aipagarriak dira goiko zatian dauzkan arkutxo lonbardoak. Arku hauek elementu historizista bat dira baina zentzu funtzional garbi bat ere badute, izan ere arku hauek lurrun kalderetatik irteten ziren gasen haizebide baitira.

Estrukturaren elementu eta ezaugarriek (oinplanta, lehio motak, horma-sare txikia, arkutxo lonbardoak) estilo erromanikoa eta gotikoa dakarzkite gogora, eta orokorrean kutsu erlijiosoa dariola esan daiteke Erdi Aroko tenpluen tankera hartzen duelako. Estilo historizista da Íñiguez de Betolazak lantegi hau egiteko aukeratu zuen estiloa eta orokorrean bere produkzio oparo eta anitzean jarraitu zuena. Arkitekto honi Euskal Herriko arkitektura historizistaren barruan lehentasunezko tokia eman behar zaio jakintza haundia eta gustu fina zituelako eta mota askotako eraikuntzak egin zituelako: elizak, monastegiak, laguntza-etxeak, eskolak, etxebizitzak eta lantegiak. Erdi Aroko arkitekturaren ezagutza sakonak zituen Arabako eraikin zaharrak zaharberritzen eta birgaitzen egin zuen lanari esker, 1889tik aurrera elizbarrutiko arkitektoa izan baitzen. Aintzindari izan zen tenpluen zaharberritze lanetan eta XIX. mendean Europan sortu zen gotizismoaren aldeko korrontearen barruan kokatu behar dugu. Berari dagozkio Gasteizko eraikin historizistarik garrantzitsuenak, hala nola Prado parkeko Familia Sakratuaren Kapera neobarrokoa (1905) edo eta bere lanik hoberena, Bisitazioaren monastegia (1879-1885), lekaime salesdarrentzat egina estilo neogotikoan.

Hala ere, eguneratua zegoen arkitektoa dela esan behar da. Arabako Foru Aldundiko Arkitektu Zuzendaria izan zen, Arte eta Ofizioen Eskolan pisu haundiko pertsona izan zen, eta lantegi bat egiteko enkargua jaso zuenean Europako bestelako korronteak ezagutzen zituela erakutsi zuen. Azucarera Alavesa lantegiak estilo historizista dauka baina Erresuma Batuko arkitektura industrialarekin harreman zuzenak ere baditu, batez ere Manchesterreko estetikarekin. Erdi Aroko ezaugarriak funtzionaltasun britainiarrarekin bat egiten ditu eta elkarketa honen emaitza da azukre lantegia. XIX. mende bukaeran Manchesterreko eraikuntza industrialeko materialak erabili zituen Gasteizen ere: burdina, laranja koloreko adreilua eta hainbat elementu estruktural aurrefabrikatu. Industrializazioak ekarri zuen eredu ekonomikoak eskatzen zuen bezala, estetika funtzionala eta soila dauka, eta adreilua eta burdina bezalako material merkeak, arinak eta moldaerrazak erabiltzen dira, eta aldi berean historiak oinordetzan eman duen tradizio arkitektonikoari toki bat uzten dio.

Ez da Azucarera Alavesa Fausto Íñiguez de Betolaza arkitektoak Gasteizen egin zuen lantegi bakarra. XX. mende hasieran Juan Bautista Alfaroren jutezko zakuen lantegia ere egin zuen, bai eta Fábrica de Hebillas López y Cia belarrien lantegia ere. Hauetatik ez da bakarrik ere kontserbatzen ordea.

Gasteizko Azucarera Alavesa Íñiguez de Betolazaren lehen obra industriala izateaz gain (eta kontserbatzen den bakarra), Arabako lehenbizikoa ere izan zen eta Euskal Herriko arkitekturaren barruan lehen mailan kokatu behar da, ondare industrialaren baitan obrarik zaharrenetariko bat delako. Lantegi hau industrializazioaren hasieran arkitekturan egon ziren aldaketa sakonen lekuko pribilegiatu bat da, funtzionalismoa eta historizismoa maisuki uztartzen dituelako. Gaur egun ere, printzipioz kontrajarriak diruditen bi joera hauek elkartuta jarraitzen dute, zenbait urtetan galtzeko arriskuan egon den arren 1999an zaharberritu eta birgaitu baitzuten Mikel Garbizu arkitektoaren zuzendaritzapean, bertan goi teknologien enpresen bulegoak kokatzeko.

  • ARECHAGA, Susana; Francisca VIVES. "Aproximación al historicismo neomedievalista en Vitoria a través de Fausto Íñiguez de Betolaza y su vinculación con la Escuela de Artes y Oficios en Vitoria". Sancho El Sabio Fundazioaren Aldizkaria, 7. urtea, 2. garaia, 7 zb., 1997, 275-291 orr.
  • BERIAIN, Maria Jesus. "El siglo XX. Tradición e innovación". LLANOS ORTIZ DE LANDALUCE, Armando (koord.). Álava en sus manos [Gasteiz]: Arabako Kutxa, 1983, IV. liburukia, 201-232 orr.
  • DE BEGOÑA, Ana. "Azukre lantegia berriro = La Azucarera de nuevo". 1st International Seminar of Industrial Architecture = Industri Arkitekturari buruzko I. Nazioarteko Mintegia = I Seminario Internacional de Arquitectura Industrial. Gasteiz: Industria Arkitekturaren inguruko Nazioarteko Mintegia, 1998, 56-57 orr.
  • GARBIZU, Mikel. "Azukre-lantegiaren egoitza, Vitoria-Gasteiz, Araba: European Virtual Engineering-Silicon Basque Center (EUVE) egoitza = Edificio de la Azucarera, Vitoria-Gasteiz, Álava: sede del European Virtual Engineering-Silicon Basque Center (EUVE)". 1st International Seminar of Industrial Architecture = Industria Arkitekturari buruzko I. Nazioarteko Mintegia = I Seminario Internacional de Arquitectura Industrial. Gasteiz: Industria Arkitekturaren inguruko Nazioarteko Mintegia, 1998, 50-55. orr.
  • MOZAS, Javier; Aurora FERNANDEZ. Vitoria-Gasteiz. Guía de Arquitectura. Gasteiz: Euskadiko eta Nafarroako Arkietktoen Elkargo Ofiziala, 1995, 191 orr.