Roge Blasco adituak dioenez Bilboko aitzindaritza pop musikan egon ziren hainbat izen ospetsu hala nola Txabi Villanueva (Botxoko lehen gitarra elektrikoa jo zuena) Pascual Perez Yarza (Spectros taldeko partaidea, lehen talde bizkaitarra kantak grabatu zituena, 1964ean EP bat), Iñaki Egaña baxu-jotzailea (Los Tañidores taldearekin bigarren single bizkaitarra grabatu zuena Cerrado por balance kanta itsaskorrarekin) edo Carlos Zubiaga Los Mitos eta Mocedades taldetan egon zena. Bi saihera hauek izan ziren arrakastatsuenak. Lehenak 1968. eta 1970. urteen artean Hispavox diskoetxearekin hogei single inguru grabatu zituzten, Hego Amerikan ere fans elkarteak izan zituzten eta 1975ean Grandes éxitos LPa argitaratu zen. Mocedades beranduagoko ahots adierazpena izan zen, 1970-1980 urteen artekoa.
Jose Maria Iñigo esatari ezaguna izan zen bertako ikuskizunen animatzaile nagusiena bere Mr Ritmo saiotik. Betiko folklorearen berritzaile izan zen Cuarteto Soroa taldeaz gain, egon ziren, zuzenean pop giroan, garaiko izen esanguratsuak hala nola Elvis Millan, rockaren aitzindaria, Socrates y sus filosofos, Gatos Locos, Fabulosos, Olimpicos, Atlas, Junkers, Famelicos, Bulbos, Brios eta abar luze bat. Zertzelada bitxiak ere gertatzen ziren, esate baterako gerora hainbeste esamesa sortu zituen Mario Conde bankaria Los Moscas taldekoa zela. Edo Josu Ortuondo, hiriko alkatea izan zena, gazte-gaztea izanik Grekos pop taldeko bateria-jotzailea izatea.
Euskal talde nabarmenetakoa Los Ágaros donostiarra izan zen, hiru EP Fontana diskoetxearekin eta LP bat 1964ean argitaratu zutenak ideia irudimentsuekin: musika tresnekin jotako pop, gospel, latindar kutsukoak, eta abar. Donostiakoak ziren baita ere Los Rayos, Los Selene, Spiderman eta beste. Gipuzkoako barrualdeko taldeak izan ziren, kasurako Los Jaguars (Arrasate), Sonidos del Silencio edo 96 Lagrimas (Eibar), Expresión Sonora (gero Koxka) Elgoibarren, Escorpiones (Trintxerpe), Sombras Azules (Zarautz) eta abar. Ingeles itxurako talde hauen ostean festa-taldeak izeneko euskal esperimentu herrikoak egin ziren, oraindik jardunean jarraitzen dutenak diskografia zabalarekin bere bizkarrean : Los Mansos (gero Akelarre) Soraluzen edo Xabier Saldiasen Egan, Azpeitian.
Aidanez Bidasoaren iparraldean musika jardute hiritarra mantsoagoa izan zen denboran Hego Euskadiko hiri industrializatuago eta kosmopolitagoetan baino. Peio Ospital eta Pantxoa Carrèrrek osatutako bikotea ezagunetakoa izan zen. Bere lehen diskoa 1969ean grabatu zuten Okzitaniako Tolosan, baino jite estetikoa beti gehiago izan da folka pop baino, gehien bat kantaria ere baden Manex Pagolak konposatutako kantekin. Iparraldeko beste bikotea bi Eñautek osatutako da: Etxamendi eta Larralde, orobat folk liriko era herrikoiarekin. Baina Etxahun moduko jendeak saiatu ziren hain bukolikoa zen Iparraldeko kanta ondareari kutsu erritmiko handiago ematen, gazteak bereganatzen zituen pop frantsesaren gizarte bultzadarekin bat eginez, eta batez ere guztietan eragin handiena zuenean: Zuberoakoan. Errobi taldeak edo Niko Etxart eta bere Ximinorak-Minxoriak, jada 70. hamarkadan, saiakuntza giltzarriak izango dira Iparraldeko kanta herrikoia berritzeko bidean.
Iruñeak pop-rock lehen garai hau jarduera deigarriak bizitu zuen. “Jaialdi” jario bizia egon zen, adibide igande goizetako Gayarre antzokiko programazioak. Herri Irratiko aretoak, fraide domingotarrena zena, edo inguruko moja eskolako areto nagusia, larunbata arratsaldeko kontzertuen tokia izan zen. Los Juniors rantxera ukituko pop musika jotzen zuten, kontuan izanik bere Faltzesko kantariaren Mexiko kantaren tonu altuak lortzeko abilezia, eta EP diskoren bat grabatu zuten. Condes dotoreei Bartzelonako Sirex taldearen aldeko jaidura nabaritzen zitzaien. Gazteagoak ziren Breks sasoi baten bertako etorkizun oparako taldea izan ziren. Los Duendes batere erreza ez den Beatlesen She´s A Woman abestia kantatzera ausartzen ziren bere jatorriko hizkuntzan. Los Anakos, aitzinaldean neska bat zutelarik, eta Kataluniatik inportatu teklista batekin gauza bera egiten zuten Rolling Stonesen Satisfaction kantarekin.
Joaquin Luqui Caparrosoko gazetari bizi eta aurrendariak asko lagundu zuen Iruñeako giroa mugitzen, zeinek El Pensamiento Navarro egunkari kontserbadore karlistan Ritmorama asteroko saila sortu zuen, beste lankideekin irrati-saio aurreratuak egin zituen (Discofilia edo Requterritmo, baita ere Radio Requete karlistan) eta estatu osoko Disco Expres aldizkari eraginkorra bultzatu zuen lehena izan zena, Madrilen SER (Sociedad Española de Radiodifusión) kateko El Gran Musical programan fitxatu zuten arte, jarraitu zuen kate irratian.